berria.info

Inprimatzeko bertsioa

albistea inprimatu Inprimatu

MUNDUA;2008-01-30;Hitlerrek boterea lortu zuenekoa . Adolf Hitler austriarra duela 75 urte izendatu zuten Alemaniako gobernuburu; ordutik errepublika suntsitu, eta erregimen nazia hedatzeari ekin zion, porrot egin arte.


Hitlerrek boterea lortu zuenekoa

Adolf Hitler austriarra duela 75 urte izendatu zuten Alemaniako gobernuburu; ordutik errepublika suntsitu, eta erregimen nazia hedatzeari ekin zion, porrot egin arte.

juanma sarasola

Diktadore bilakatu zen arren, hauteskundeen bitartez iritsi zen Alemaniako Gobernura Adolf Hitler. Alderdi naziaren (NSDAP) helburuak betetzeko hiru oinarri nagusi izan zituen: botoek eman zioten zilegitasuna, militar eta kontserbadoreekiko aliantza, eta hasieran bere milizien eta gero Alemaniako armadaren indarra. Gaurko egunez, 1933an, Weimarko Errepublikako presidente Paul von Hindenburg mariskalak izendatu zuen jatorri austriarreko politikaria Alemaniako kantziler.

Lehenago, 1923an, Municheko garagardotegiko putsch-arekin, boterea indarrez lortzen saiatu ziren naziak. Alta, estatu kolpeak porrot egin zuen. Hitlerri bost urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Halere, zortzi hilabete baino gutxiago egon zen preso. Kartzelaldia bere bizitza eta xedeak Mein Kampf (Nire Borroka) liburuan islatzeko aprobetxatu zuen. Boterea lege bidez lortzeko metodoetara lerratu zen, baina ez zuen indarraren erabilera baztertu.

Weimarko Errepublika 1919an hasi zen, II. Mundu Gerran Alemania galtzaile atera ondoren, eta bere azken urteetan krisi ugari pairatu zituen Gobernuak. 1929ko krisi ekonomiko globalak Alemania gogor astindu zuen: lau urteko tartean milioi bat langabe izatetik sei milioi izatera igaro zen. Gobernu koalizioak ez ziren egoera hobetzeko gai izan, eta militarrek beren indarra handitu, eta presidente nahiz kantziler postuen bidez Legebiltzarrarena murriztu zuten. Hitlerrek ezegonkortasunetik atarramentua ateratzen jakin zuen.

Krisi ekonomikoa eta II. Mundu Gerraren ondotik, Versaillesko Itunaren ondorioz Alemaniak hainbat lurralde galdu izanaren umilazioa izan zen nazien goraldirako argudio nagusia.

1930eko bozetan, 12 diputatu izatetik 107ra igaro ziren, eta 1932ko uztailean 230era. Halere, lehen ministro izendatu zutenerako indarra galtzen hasia zen alderdi nazia. KPD alderdi komunistak, aldiz, ohiko indarra mantendu zuen. 1932ko uztailaren 31ko bozetan naziek SPD alderdi sozialdemokrata gainditu zuten, botoen %37,4 lortuta. Aitzitik, urte bereko azaroko bozetan bi milioi boto galdu, eta %33,1eko portzentaia jaso zuten.

Nazien sostengua jaisten ari zela ikusirik, kantziler izandako Franz von Papenek Hindenburg presidenteari esan zion Hitler errazago kontrolatuko zutela kantziler izendatutakoan. Hitlerrekin eta haren helburuekin gehiegi fidatzen ez zen arren, Papeni kasu egin zion Hindenburgek.

Historiagile askok diotenaren aurka, Hitlerren sostengu nagusia ez ziren fabriketako langile eta langabetuak izan, bizik eta bulegoetako langileak, langile kualifikatuak eta klase ertaina. Gainera, Julian Casanova historiagile espainiarraren esanetan, nazien masa mugimenduak talde politiko kontserbadoreekin -militarrak eta lurjabedunak buru- eginiko aliantzaren ondorioa izan zen Hitlerren izendapena. «Legebiltzarrari boterea kendu, eta demokrazia estatu autoritario bihurtzeko konspirazioa egin zuten Hindenburgekin».

Hindenburg 1934ko abuztuaren 2an hil zenean, Hitlerrek presidente kargua erantsi zion dagoeneko zeukan kantziler karguari.


EUROPA KONKISTATZERA. Jeremy Noakes historiagile ingelesak dioenez, Hitlerrek boterea eskuratu aurretik ez zuen juduenganako herrarik erakutsi. Linz (Austria) jaioterritik Vienara aldatzean ostatu batean bizi izan zen urteetan (1909-1913) ostatukide juduekin ondo moldatu zen. Halere, sorterrian jasotako hezkuntza nazionalista pangermanikoa indartu zuen Alemaniara joatean, eta hainbat arrazoirengatik -bereziki krisi ekonomikoa norbaiti egoztea- juduen aurkako jokaera garatu zuen.

Hain justu, gaurko egunez ere, 1939ko urtarrilaren 30ean, «auzi juduaren konponbidea» iragarri zuen Hitlerrek. Jazarpenei atxiloketak, kartzelatzeak eta hilketek segitu zioten. Holokaustoan sei milioi inguru lagun hil zituzten, gehienak juduak, baina baita komunistak, sozialistak, homosexualak, ijitoak eta eslaviarrak ere.

Bere alderdiak sozialista eta nazionalista hitzak bazituen ere, Hitlerrek sozialistak gorroto zituen, beren internazionalismoarengatik batik bat, eta Noakesen iritziz, «ez zuelako bere burua langile klasearekin identifikatzen».

Alemania Handiarekin egiten zuen amets Hitlerrek, eta, 1939an, lehenik kultura eta hizkuntza alemanak zituzten herrialdeak okupatu zituen: Austria eta Sudeteak (Txekoslovakia).


ESKUBIDE ZIBIL ETA POLITIKOEN AURKA. 1933ra itzuliz, boterea eskuratu eta aste gutxira, otsailean, naziek ezkerreko alderdien bilerak debekatu zituzten, eta alderdi moderatuetako buru batzuei mehatxuak eta erasoak egin zizkieten. Alderdi Komunista debekatu, eta diputatuak atxilotu zituzten. Halaber, 1933ko otsailean Reichstag edo Legebiltzar Inperialaren egoitzan izandako sutea komunistei egotzi zieten matxinada hastekoak zirela argudiatuta. Gertaeraz baliatuta, Hindenburgek dekretuz hainbat eskubide zibil debekatu zituen. Alderdi bakarreko erregimena ezartzeko funtsezko urratsa izan zen.

1933ko martxoan, dekretu bidez botere legegilea kendu zioten Legebiltzarrari, eta soilik Gobernuak hartu zuen ardura hori bere gain. Nazien makineria dena emana abian zen.

© berria.info