berria.info

Inprimatzeko bertsioa

albistea inprimatu Inprimatu

IRITZIA;2008-06-24;ZUZENDARIARI. EAE eta euskara Julen, Julian eta Fernando Frantziako Akademia eta euskara.





EAE eta euskara

«EAE existituko ez balitz, nafarron % 100ek jakinen genuke euskara», Perez Nievas jaunak esana eta BERRIAn agertutakoa. Perez Nievas jaunak dio euskara ikasten ari dela. Ziur asko ez daki zer esan duen, nik ere euskara ikasi nuenean horrelakoak egiten bainituen, eta badakit hizkuntza bat ikasten duzunean hankasartze ugari egin ditzakezula. Esandakoa benetan esan nahi bazuen, askoz larriagoa litzateke, lotsa eskasaren arazoa, eta hori nekez konpon daiteke ikasiz.

Santi Mintegi. Gorliz

Julen, Julian eta Fernando

Bai, jaun-andreak. Julen Retegi, Julian Retegi eta Fernando Arretxeri buruz ari naiz. Hasteko eta behin, mila zorion Julen Retegiri, ekainaren 7an Bigarren Mailako buruz buruko txapela lortu zuelako. Bejondeiola!

Argi eta garbi ikusten da Julian Retegik eta Fernando Arretxek gauzak oso ongi egin dituztela, beren semeak pilotari bikainak izan daitezen. Arrunt ongi transmititu dizkiete pilotari buruzko beren jakinduria eta sena. Horretan ez dago zalantzarik txikiena ere.

Orain, ordea, Julen Retegi, esate baterako, alderatzen baldin badugu Aimar Olaizola, Asier Olaizola, Abel Barriola, Oinatz Bengoetxea, Xala, Sebastian Gonzalez, Kepa Peñagarikano, Imanol Agirre, Laskurain, Iñigo Pascual, Mikel Olazabal, Begino edo beste askorekin, zer ikusten dugu? Ba, euskarazko hedabideetan ere, gaztelaniaz baino ezin dela mintzatu, momentuz, behintzat. Ez dakit euskaltegiren batean ikasten ari ote den. Eta antzeko zerbait ere gertatzen zaio Iker Arretxeri, ni behinik behin, oso oker ez banago.

Zer gertatu da hor? Non dute Julian eta Fernandoren euskara bizi, fresko, atsegin, alai, natural, aberats eta komunikatiboa? Orain arte, bederen, ez da inon ere agertu.

Egun hauetan, konparaziora, ikusi dugu, edo, entzun dugu, hobeki esanda, Julen Retegi Iñaki Elortzarekin gaztelaniaz hitz egiten Euskadi Irratirako, antza, euskaraz ez dakielako asko. Edo, beste batzuetan gertatzen da Xabier Euzkitzek eta Elortzak elkarrizketak egiten dizkietela aitei, semeei buruz hitz egiteko, hau da, kasu honetan Julian Retegi eta Fernando Arretxeri, oso euskara bikaina dutelako biek hala biek, bakoitzak bere euskalkian.

Zein pilotazale euskaldunek ez ote lituzke estimatuko gehiago Julen eta Iker, Eratsun eta Luzaideko euskara jatorrean mintzatzen entzunen balitu?

Lehengo batean, Diario de Navarra-n ikusi nuen Retegui abizena honela idazten dutela, alegia, u letrarekin. Nik ez nieke onartuko, eta, izatez, nire abizenekin ez diet utzi egiten edozein gauza. Baina, dirudienez, Julianek horri ez dio aparteko garrantzirik ematen, ikusitakoak ikusita. Norbera askea da jokatzeko nahi duen bezala, eta besteok errespetatu egin beharko dugu, baina...

Pena handia da Julianek eta Fernandok ez transmititzea beren semeei euskararen altxorra, pilotaren sena eman dieten bezalaxe. Semeek ikasiko ote dute beren kabuz? Badaezpada ere, atea irekita utziko dugu; itxaropenari bere aukera emanen diogu.

Bitartean, Abel eta Oinatzen euskara goxoa entzunez gozatuko dugu.

Xanti Begiristain Madotz. Iruñea.

Frantziako Akademia eta euskara

Nahiko esanguratsua izan da Frantziako Akademiaren jarrera Legebiltzarrean euskara eta Frantziako beste hizkuntza gutxituek Konstituzioan beren lekua izanen dutela onartu zutelarik. Frantziako politikariek eta intelektualek Hexagonoko hizkuntza ez ofizialei buruz aspaldiko aburua jakinik, jarrera horrek harritzen ez nauela aitor dezadan.

Harrigarriena da frantsesaren zaindu nahian, hau esan nahi bailuke borondate onez, jarrera hori hartu izana. Bistan da frantsesaren existentzia bera zalantzan jarriko lukeela euskararen ofizialtasunak Akademiaren aburuz, baina ez dute onartu nahi euskara Euskal Herrian zorte txarrean dagoela, munduan frantsesarena baino askoz okerragoan. Euskarak zazpi herrialdeetan erdaren aurrean lehen lekuaren har dezan nahi dugu abertzaleok eta euskaltzaleok, baina euskaltzaleek eta abertzaleek ez dute sekula frantsesaren edo gaztelaniaren bukaera desiratu. Frantziako nazionalismoarentzat, aldiz, frantsesaren zabalkuntza beste hizkuntzen aurka egiten zen (da). «Erreinuaren hizkuntza bakarra izan behar zuen frantsesak» Villiers-Coteret-en itunaren arabera XIV. mendean, Frantziako Akademia eraiki baino lehenago, hain zuzen. Frantziako Iraultzan euskara ezabatu behar zen, «fanatismoaren hizkuntza» omen zelakoan. XIX. mendean, «Frantziako hizkuntza batasunaren onerako desagertu behar zuen euskarak».

Frantziako akademiarrek diotenez, ez dira «Euskara eta beste hizkuntza gutxiengoen aurka», baina haien zaindu zabaldu ala pizteko estrategia eta egitasmo guztiak zapuztu nahi dizkigute. «Nahi duenak ikas eta hitz egin dezan, baina besteei ezarri gabe» dioskute, baina gogo hipokrita batez, jakin bai badakite euskara eta beste hizkuntzentzat ondorio txarrak ukanen dituela.

Frantziako Akademiaren gogo txobinista eta arkaikoa frogatzen digu horrek. Hexagonoko hizkuntza gutxitu eta menperatuak mehatxutzat ordez gizakiaren ikur aberasgarritzat jo beharko lukete. Orain ulertzen dut Jean Paul Sartre zenak zergatik jotzen zuen zaharkitutzat Akademia eta zergatik ez zuen erakunde horretan sartu nahi izan.

Jakes Lafitte. Ingeniaria (Bolivia).



© berria.info