berria.info

Inprimatzeko bertsioa

albistea inprimatu Inprimatu

EUSKALHERRIA;2008-07-13;EAJren aurkako aipua espresuki jaso du EAEko PPk txosten politikoan. Abascalen zuzenketa ontzat eman ondoren, ia aho batez onartu du txosten politikoa, XII. Kongresuan





EAJren aurkako aipua espresuki jaso du EAEko PPk txosten politikoan

Abascalen zuzenketa ontzat eman ondoren, ia aho batez onartu du txosten politikoa, XII. Kongresuan

Aitziber Laskibar

EAJren eta alderdi abertzaleen aurkako kritikak jasotzen dituen txosten politikoa onartu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako PPk txosten politikoan. «EAJk eta alderdi abertzaleek ETA garaitzeko interes falta» dutela salatu du. Zuzendaritzak aurkeztutako txostenak ez zuen aipamen hori jasotzen, baina Santiago Abascal legebiltzarkideak aurkeztutako zuzenketa onartu, eta abertzaleen aurkako kritika txertatu du txostenean, EAJ espresuki aipatuta.

Hain zuzen, horixe izan zen duela hilabete eta erdi PPn hasitako liskarren abiapuntu nagusia. Espainiako PPk, Valentzian egin zuen Kongresuan, EAJk ETAren aurkako borrokan duen jarrera gaitzesteari uko egin zion. Orain arte EAEko presidente izan den Maria San Gil zen txostenaren egileetako bat, eta berak idatzitako ponentziak proposatzen zuen EAJren aurkako kritika egitea. Baina EAEko PPren konpromisario batzuk zuzenketa aurkeztu zioten aipu horri. Zuzenketa onartu, eta EAJren aipurik jasotzen ez zuen txosten politikoa onartu zuen Espainiako PPk.

San Gil haserrarazi zuena

Horrek haserretu arazi egin zuen San Gil. Ez zegoela PPren ildo berriarekin ados esan, eta ez zuela txostena idazten jarraituko adierazi zuen. Hor hasi ziren alderdi barruko liskarrak. San Gilek zuzendaritza utzi zuen, hainbat buruzagi hori ekiditeko San Gilen iritzia aldatzen saiatu baziren ere.

EAEko PPren Kongresurako txosten politikoa Antonio Basagoiti, Alfonso Alonso eta Maria Jose Usandizaga PPren Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako presidenteek idatzi dute. Proposamenak ez zuen EAJren aurkako aipurik jasotzen. Biltzarraren atarietan, nabaria zen ildo horrekiko kritikoen ezinegona. Atzora arte alderdiko presidente zen San Gil ez da kongresuan azaldu ere egin. San Gilen aldeko zenbait ordezkarik, ez zutela Basagoitiren hautagaitza babestuko esana zuten. Txosten politikoari zuzenketak ere aurkeztu zizkioten, aurrera aterako ziren esperantza handirik gabe.

Hori izan da Abascalen kasua. Legebiltzarkideak esana zuen, bere zuzenketak onartu ezean, ez zuela Basagoitiren aldeko botoa emango. Atzo, ordea, bere zuzenketa nagusiak ontzat eman zirela eta, Abascalen alde egin zuen. San Gilek nahi zuen bezala EAJk ETAren aurkako borroka oztopatu egiten duela esatea onartu izana pozarren hartu du. Alfonso Alonsok adierazi duenez, Abascalen ekarpenek PPk «terrorismoaren aurkako borrokan duen zeregina indartu du».

Halaber, onartutako txostenak EAEko PPren «nortasun ezaugarriak» biltzen dituela adierazi du Alonsok, «askatasunaren eta Espainiaren ideiaren defentsa» aipatuta.

Ia aho batez onartu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPk txosten politikoa, XII. Kongresuaren bigarren eta azken egunean. Botoa eman duten ordezkarietatik hamarrek zuriz bozkatu dute eta gainontzekoek alde. Txosten politikoak ez du aurkako botorik jaso.

Txosten ekonomikoa aho batez onartu du kongresuak. PSE-EEren jarrera salatu, eta Patxi Lopez idazkari nagusiari «Eusko Jaurlaritzaren bazkide merke eta leialena» izatea egotzi dio.

Plazen izenak aldatzeko legea

Espainiako ordezkariek ere parte hartu zuten atzoko saioan. Mariano Raxoi PPko presidenteak, besteak beste. Hitza hartu, eta «Terrorismoaren Biktimekiko Elkartasunerako Legea aldatzeko» eskatu zuen. Espainiako Kongresuan horixe proposatuko duela iragarri zuen. ETAko kideen izenak dituzten plaza zein kaleetako plakak kentzea du oinarri proposamenak. Leku horiei izenak aldatzea, eta hori herri guztietan egiteko agindua legeak jasotzea.



############



San Gil eta Otaola zuzendaritzako kide izendatu ditu Basagoitik

Antonio Basagoiti izango da EAEko PPren presidente berria, boto emaileen %82,3ren babesarekin

A.L.

Aurreikusi bezala, Antonio Basagoitik hartu du Maria San Gilek utzitako lekua. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako PPren presidente hautatu du alderdiaren XII. Kongresuak, boto-emaileen %82,3k aldeko botoa emanda. Presidentziarako hautagai bakarra izan den Basagoitik aurreratu zuen azken aldiko liskarrak gainditu eta alderdi barruko batasuna lortu nahi zuela, eta neurri batean behintzat, lortu du. Hala ere, ez da iritsi San Gilek aurreko kongresuan jaso zuen %88en babesa lortzera. Edozein kasutan, egin du batasun hori lortzeko ahalegina. Bai txosten politikoan kritikoen zuzenketak onartuta, bai zuzendaritzan San Gilen aldeko hainbat kide bilduta. Maria San Gil bera zuzendaritzako kide izendatu du, eta baita San Gilen defendatzaile sutsua ere, Regina Otaola Lizartzako alkatea. Biak ala biak, karguagatiko batzordekide izendatu ditu.

Boto eskubidea zuten 400 ordezkaritik 347k parte hartu zuten atzoko bozketan. Horietatik 284ek babestu zuten Basagoiti, 61ek boto zuria eman zuten, eta bi boto baliogabeak izan ziren. Aurkako botorik ez zuen jaso San Gilek desadostasun politikoak argudiatuta bere hautagaitza erretiratu ondoren alderdiko presidente izateko hautagai bakarra zenak.

San Gil eta Otaolaz gain, PPren «ildo berriarekiko kritiko» diren Carmelo Barrio, Carlos Iturgaiz eta Santiago Abascal ere izendatu ditu zuzendaritzako kide. Barrio Hauteskunde Batzordeko presidente izango da, Iturgaiz Europako politikarako presidente, eta Abascal alderdiko bost area nagusietako batetako idazkari.

Leopoldo Barredak jarraituko du EAEko PPren bozeramaile lanetan, eta «sektore gogorrekotzat» jotzen den Iñaki Oiartzabal arabarra izango da Basagoitik albo-alboan izango duena; «alderdiko bigarrena».

Basagoitik bere hautagaitza defendatzeko hizketaldian alderdi barruko batasunaren alde egin zuen. «Adostasunaren hautagai gisa aurkeztu naute, baina nik batasunaren hautagaia izan nahi dut», adierazi zuen hautatua izan aurretik.

EAEko PPren balioak ez direla aldatu eta ez direla aldatuko nabarmendu zuen barne liskarrak arindu nahian, eta ETAren aurka sutsu arituko dela baieztatu zuen. EAJri buruz ere mintzatu zen Basagoiti: «Ordezkatu daiteke». PSE-EEri, harekin «sakoneko akordioak» egin nahiko lituzkeela esan zio; baina, horretarako, «zein nazio kontzeptu duen» argitu behar duela.



############



Zuzendaritza

Antonio Basagoiti

Iñaki Oiartzabal

Leopoldo Barreda

Arantza Quiroga

Carmelo Barrio

Carlos Iturgaiz

Santiago Abascal

Esther Martinez

Juana Bengoetxea

Laura Garrido

Juana Iturmendi

Eduardo Andrade

Adrian Castro

Beatriz Calva

Gonzalo Zorrilla

Luis Hermosa

Carlos Urquijo

Idoia Garmendia

Ana Salazar

Ainhoa Domaica

Angel Rodrigo

Manolo Mitxelena

Javier Maroto

Nerea Llanos

Javier de Andres

Borja Semper

Vicente De la Quintana

Jose Luis Arrue

Maria San Gil (* karguagatiko batzordekidea)

Regina Otaola (* Karguagatiko batzordekidea)





############





############



© berria.info