berria.info

Inprimatzeko bertsioa

albistea inprimatu Inprimatu

KULTURA;2008-10-30;«Herriak ez dira erraz desegiten». Bertsogintzak, kantagintzak eta kulturgintzak azken 50 urteotan izan duten bilakaeraren azterketa pertsonala egin du Jose Angel Irigarai poetak Iruñean.





Bertsogintzak, kantagintzak eta kulturgintzak azken 50 urteotan izan duten bilakaeraren azterketa pertsonala egin du Jose Angel Irigarai poetak Iruñean.

«Herriak ez dira erraz desegiten»

Alberto Barandiaran Iruñea

Hirurogeiko hamarkadaz geroztik, euskal kulturaren inguruan gertatu diren joeren, mugimenduen, gorabeheren eta zalaparten lekuko zuzena izan da Jose Angel Irigarai poeta (Iruñea, 1942). Hasieran,Aingeru Irigarai aitaren eskutik; gero, Ez dok amairu taldearen barruan; azken urteetan, Kafe Antzokia eta Arteola proiektuen arrimuan... bertsogintza, kantagintza eta artegintza bertatik bertara ezagutu eta bizi izan ditu. Eta bertsogintzak izan duen bilakaera eta eduki duen sendotasuna azpimarratu ditu Iruñean emandako hitzaldian.

«Beste arte sailetan, arrakalak ireki izan dira, eta krisialdi sakonak izan dituzte, baina bertsolaritza kalterik gabe atera da krisietatik, eta bere bideari segitu dio, espazioari eta diskurtsoari atxikita beti. Bere munduan ondo kokatuta dagoenaren eredua da».

Lehiakortasunaren arriskua ikusten du, hala ere, Irigaraik. Ez lehia bera, muturreko jarrera baten ondorioak baizik. «Lehia beharrezkoa da, lehiari esker etsipenetik ateratzen gara, balioa da berez. Baina, txapelketa saltzeko, ez dezagun bertsolaritza saldu».

Bertsoaroa kultur zikloa

Euskal kulturaren azken 50 urteotako bilakaerari buruzko hitzaldian mintzatu zen Irigarai, Bertsoaroa Iruñeko Udalak antolatutako kultur zikloaren barruan. Aitzakia zen, berak ezagututako hainbat giro eta proiekturen gainean begirada emateko. Eta gerra ondoko urteetan zegoen giroa «gaindituta zegoen zerbaiten hondar» gisa bizi izan zuela azaldu zuen.

«60ko urteetan hasi nintzen ni kantagintzan. Faxistek uste zuten euskal kultura hilik zegoela, eta zerbait egiten utz zitekeela. Hizkuntza hilik zegoelakoan, gramatikak, bitxikeriak argitaratzen uzten zuten. Gizarte bizitzatik erabat aparteko gauzak denak, dena debekatuta baitzegoen. Baina herria, hizkuntza, nortasuna ez dira uste bezain erraz desegiten. Errautsen artean beti geratzen da zerbait, ernamuina».

Garai hartako bertsolaritzak giro horretatik edaten zuen. Basarri, Uztapide, Xalbador, Lazkao Txiki... hirietatik eta garai hartako kezka sozial eta politikoetatik urrun samar zeuden bertsolariak ziren. Jon Lopategi eta Jon Azpillaga iritsi ziren arte. «Guk deitu egiten genituen herriko festetan eta erromerietan kantatzeko, eta Lopategi eta Azpillaga ez zeuden aurrekoak bezain onartuak, bihurriagoak ziren, aldrebestuagoak. Haiek urrasño bat egin zuten gerra ondoko giroan. Gaiengatik, soziologikoki, beste desmartxa bat izan zen». Ondoren, Xabier Amurizaren garrantzia azpimarratu du Irigaraik. «Bera harago joan zen».

Oteiza eta Labegerie

Giro honetan, Jorge Oteizaren ekarpena ez zen makala izan, Irigarairen esanetan. Eskulturari utzi ondorengo asmoa eragitea zen, eta asmo horretan bertsolaritza ere kontuan hartu zuen. Eta bertsolaritzaren beraren «modernotasuna» azpimarratu zuen Oteizak.

«Isiltasunaren behar hori, egoste hori gero dena botatzeko, oso garaikidetzat jotzen zuen Oteizak. Arrazionalaren eta irrazionalaren arteko zerbait iruditzen zitzaion. Uste zuen iraganeko biltegitik hartu eta gero osatu egiten zuela bertsolariak, eta hizkuntza goratu eta handi bilakatzen zuela. Hitz orgia hori goretsi zuen beti».

Irigaraik ere bat-batekotasun horretan sinisten du. «Txapelketa nahitaezkoa da, arauak, tentsioa... baina orgiastikoak liratekeen jardunaldiak eta saioak antolatu beharko lirateke. Oxigenoa hartzeko, bakarrik norgehiagokara ez mugatzeko. Lehiakortasunaren tamaina gorde behar du bertsolaritzak».

Kantagintzari dagokionez, zer? Mixel Labegeriren itzala, batez ere. Garai hartan, 1965-66an, Irigarai, Lourdes Iriondo, Xabier Lete, Benito Lertxundi zerbait antolatu nahian ari ziren elkarrekin. Jorge Oteizak berak proposatu zuen Ez dok amairu izena, eta Irigaraik ondo gogoan du Donostiako afari batean Labegerie etorri zeneko hura. Gitarra hartu eta bi kanta abestu zituen. Gazteek sasietatik hartutako diskoen bidez baino ez zuten ezagutzen. Haur kantak eta Euskal Herriko gatazkak, biak kantatzen zituen Labegeriek, ahots lodiz, sinesgarri.

Amaitu zuenean, Lourdes Iriondok ere gitarra hartu zuen. Amaitu zuenean, Labegeriek esan zuen: «Orain, lasai nago, orain badakit euskal kanta badela». «Berak erakutsi zigun tradizioari begira egotea eta irekia egotea bateragarriak zirela», dio Irigaraik, «ez zirela kontrajarriak. Gu hemengoak eta unibertsalak izan gintezkeela. Eta erakutsi zigun posible zela hemendik kantak sortzea».



############



Lehia bai, baina lehiakortasunaren tamaina gorde behar du bertsolaritzak»

«Labegeriek erakutsi zigun posible zela hemendik kantak sortzea»

jose angel irigarai

Poeta





############



© berria.info