berria.info

Inprimatzeko bertsioa

albistea inprimatu Inprimatu

MUNDUA;2009-04-22;Arrazakeriaren aurkako ituna onartuta, bileraren porrota ekidin dute Genevan. Europako Batasuneko presidentetzak konferentzia utzi du Ahmadinejaden diskurtsoagatik





Arrazakeriaren aurkako ituna onartuta, bileraren porrota ekidin dute Genevan

Europako Batasuneko presidentetzak konferentzia utzi du Ahmadinejaden diskurtsoagatik

Ixiar Zubiaurre.

Mahmud Ahmadinejad Irango presidentearen diskurtsoak gehiegi nahastu du giroa. Eta beste behin, Arrazakeriari, Xenofobiari eta Intolerantziari Buruzko Konferentzia ezadostasunen agertoki bihurtu da. Hala gertatu zen duela zortzi urte ere, Durbango biltzarrean (Hegoafrika). Zalaparta gehiegirekin hasi zuten bilera; eta biharamunak ere ez zuen itxura hoberik izan. EBko presidentetzak, izan ere, konferentzia uztea erabaki zuen, Ahmadinejaden hitzak onartezinak direla iritzita. Eta, dirudienez, usain txarra hartu diote horri antolatzaileek, konferentziak porrot egin aurretik, arrazakeriaren aurkako ituna sinatzea erabaki baitute. Atzo egin zuten, eta, hala, 2001eko konpromisoa berritu zuten.

Aho batez onartu dute dokumentua, hamar herrialdek bozketatik kanpo gelditzea erabaki eta gero. Israelekin eta Ameriketako Estatu Batuekin batera zazpi herrialdek boikotatu dute konferentzia: Alemaniak, Austriak, Herbehereak, Italiak, Kanadak, Poloniak eta Zeelanda Berriak ez dute ordezkaririk bidali Genevara. Eta Txekiak ere -orain berak du EBko presidentetza- bat egin du haiekin.

Onartu berri duten ituna ez da Durbanen 2001ean egindako bera. Baina haren traza hartu die Washingtonek eta Tel Avivek. Lehenengo deklarazio hark Israelen eta semitismoaren aurkako kritika zuzenak egiten zituela argudiatuz, Durbango bilera utzi zuten orduan. Okupazioa dela-eta palestinarren egoera kezkagarria dela baino ez zioen testu hark, baina nahikoa izan zen Israelentzat eta haren aliatuarentzat aurrera ez segitzeko.

Genevako itunak ez dio Israelen eta Palestinaren arteko gatazkari erreferentziarik egiten. Are gehiago, testuak Israelen oniritzia jasoko zuelakoan, holokaustoari eta hura gogoan mantentzeko beharrari aipamen zuzena egitea erabaki zuen dokumentua idazteaz arduratu den batzordea. Ez da aski izan, baina, Tel Aviventzat. Eta Ahmadinejaden diskurtsoak justifikatu du neurri batean bere jarrera: herenegun Iranek arrazistatzat jo zuen Benjamin Netanyahuren gobernua.

Atzoko bozketa sinbolikoa izan zen, itunaren gaineko eztabaida sutsuenak joan den astean izan baitziren. Azkenean, Mendebaldeak ezarritako baldintzei amore eman behar izan zieten herrialde islamikoek. Palestinako ordezkaritzak ere uko egin behar izan zion Gazan Israelek egindako erasoaldiari aipatzen zuen paragrafoari. Eta «erlijioen difamazioa» kontzeptua ere ez da ageri onartu berri duten itunean, Mendebaldeak halakorik agertzeak adierazpen askatasuna arriskuan jarriko zuela salatu baitzuen.

Hitlerren Alemania eta Iran

Mahmud Ahmadinejadek Israel arrazistatzat jo eta biharamunean Iran Adolf Hitlerren Alemaniarekin alderatu du Silvan Shalomek, Israelgo presidenteordeak. Holokaustoa ukatzea ere leporatzen dio, eta, horregatik, Tel Avivek ez du ondo ikusi Suitzak arrazakeriaren aurkako konferentziara Ahmadinejad gonbidatu izana.

Iran ez da, hala eta guztiz ere, Israel arrazistatzat jo duen bakarra izan. Rijad al Malikik ere hala egin du, PAN Palestinako Aginte Nazionaleko Atzerri ministroak. «Potentzia okupatzaileak arrazaren araberako bereizketa egiteko horma eraikitzen segitzen du», adierazi du Al Malikik. Halaber, nazioarteko zuzenbidea urratzea ere leporatu dio Israeli.



© berria.info