berria.info

Inprimatzeko bertsioa

albistea inprimatu Inprimatu

HARIAN;2009-07-01;Legez kanporatzeak.Kronologia. Gertaeren bilakaera









Legez kanporatzeak.Kronologia



Gertaeren bilakaera



PP-PSOE ituna (2000-12-12). PPk eta PSOEk Terrorismoaren Kontrako eta Askatasunen Aldeko Ituna sinatu zuten Moncloan; itun horren barruan sortuko zen Alderdien Legea.



Madinaren kontrako atentatua (2002-2-19). PPk eta PSOEk itunekoen bilera zuten egun berean ETAk atentatua egin zuen PSE-EEko Eduardo Madinaren aurka. Egun horretan, PPk eta PSOEk Alderdien Legea aldatzeko akordioa iragarri zuten.



Espainiako Kongresuak lege erreforma onartu zuen (2002-6-4). Espainiako Diputatuen Kongresuak aurrez Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak onartutako legeari aldaketa txiki batzuk egin zizkion, eta onartu egin zuen legea.



Alderdien Legea, indarrean (2002-6-29). PPk eta PSOEk Alderdien Legea aldatzea hitzartu eta lau hilabetera, indarrean sartu zen.



Legez kanporatzeen kontra (2002-8-23). Legez kanporatzeen kontrako manifestazio jendetsua egin zuten Bilbon, Batasunak antolatuta, Faxismoari Stop lelopean. Manifestazioa egin zuten egun berean iragarri zuen Auzitegi Nazionaleko Garzon epaileak alderdiaren jarduerak etengo zituela.



Garzonen kolpea (2002-8-26). Ikasturtea hasi zen egun berean, Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak auto bat kaleratu zuen eta Batasunaren egoitzak ixteko eta alderdiaren jarduerak eteteko agindu zuen. Egun berean, Espainiako Kongresuak Batasuna debekatzeko prozesua hasteko eskaera egin zion Jose Maria Aznar PPkoaren gobernuari.



Ertzaintza egoitzetara (2002-8-27). Batasunaren egoitzetara joan zen Ertzaintza, haiek ixtera. Jendea topatu zuten egoitzetan, eta behin baino gehiagotan oldartu zen.



Gobernua eta Fiskaltza, bat eginik (2002-9-3). Espainiako Gobernuak eta Fiskaltza Nagusiak egun berean aurkeztu zuten Batasuna legez kanpo uzteko eskaera Auzitegi Gorenean.



Manifestazio debekatua, oldarraldiarekin (2002-9-14). Batasuna debekatzearen kontra Gora Euskal Herria lelopean Bilbon antolatutako manifestazio isila galarazi zuen Ertzaintzak, oldartuta. Ura botaz saiatu ziren jendea sakabanatzen. Garzonek Eusko Jaurlaritzari ohartarazi zion manifestazioa ETAk antolatu zuela, eta galarazteko «neurriak» hartzeko eskatu zion.



Jaurlaritzak helegitea jarri zuen Konstituzionalean (2002-9-28). Jaurlaritzak helegitea aurkeztu zuen Alderdien Legearen aurka, Konstituzionalean. Legeak oinarrizko eskubideak urratzen dituela argudiatu zuen.



Erantzuna Jaurlaritzaren helegiteari (2003-3-12). Auzitegi Konstituzionalak Alderdien Legearen baliagarritasuna berretsi zuen, eta Jaurlaritzaren helegitea atzera bota.



Batasuna legez kanpo utzi zuten (2003-3-17). Epaiketa azkar baten eta deliberazio azkarragoen ostean, Auzitegi Goreneko 61. Aretoak Batasuna, HB eta EH legez kanpo utzi zituen, Alderdien Legea urratzeagatik.



Nafarroan, SA deseginda (2003-4-30). Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Sozialista Abertzaleak taldea (SA) desegin zuen.



AuB eta herri plataformak, baliogabetuta (2003-5-8). Fiskaltzaren zein Estatuaren abokatuaren inpugnazioak aztertu, eta maiatzaren 3an Gorenak AuB eta 250 bat herri plataforma baliogabetu zi-tuen. Erabaki hori Konstituzionalak berretsi zuen maiatzaren 8an, salbuespen bakan batzuekin.



150.000 herritar, boto eskubiderik gabe (2003-5-25). Maiatzaren 25eko udal eta foru hauteskundeetan AuBk eta herri plataformek jasotako botoak baliogabetzat jo zituzten.



Eusko Legebiltzarrean, SA indarrean (2003-6-6). Eusko Legebiltzarrak behin eta berriro egin zion uko SA desegiteari. Horregatik, EAEko Auzitegi Nagusian inputatu egin zuten Legebiltzarreko Mahaia. Kargu-gabetze zigorra jarri zieten Juan Mari Atutxa, Kontxi Bilbao eta Gorka Knorri.



Eusko Jaurlaritza eta Alderdien Legea, Estrasburgora (2003-9-10). Giza eskubideak urratzen zirela argudiatuta, Alderdien Legea baliogabetzeko eskatu zuen Eusko Jaurlaritzak. 2004ko otsailaren 9an helegitea tramiterako ez onartzea ebatzi zuen Estrasburgoko Auzitegiak, Jaurlaritza «gobernu erakundea» denez horretarako zilegitasunik ez zuelakoan.



221 helegite Estrasburgon (2003-11-6). AuB eta legez kanporatutako herri plataformen izenean 221 helegite aurkeztu zituzten Pernando Barrenak eta Didier Rouget abokatuak Europako Giza Eskubideen Auzitegian.



Konstituzionalak Batasunaren legez kanporatzea berretsi zuen (2004-1-16). Espainiako Auzitegi Konstituzionak atzera bota zuen Batasunak jarritako babes helegitea.



Europako hauteskundeetara aurkezteko zerrenda aurkeztu zuen HZk (2004-5-10). Herritarren Zerrendak Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetarako zerrenda aurkeztu zuen, baina legez kanpo utzi zuten. Halere, Ipar Euskal Herrian legezkoa zen zerrendaren botopaperak hegoaldeko etxeetan banatu zituzten, eta 120.000 bototik gora lortu zituzten.



Helegitea Europan (2004-7-19). Defentsak Giza Eskubideen Europako Auzitegian helegitea sartu zuen, Batasunaren legez kanporatzearen aurka.



Tramiterako onartua (2007-abendua). Europak biltzeko eskubideari eta adierazpen eskubideari buruzko defentsa helegitea tramiterako onartu zuen.







© berria.info