berria.info

Inprimatzeko bertsioa

albistea inprimatu Inprimatu

harian;2009-08-04;Presoen ikasteko eskubidea, urratua beste ikasturte batez. Presoak ezin dira EHUn matrikulatu, Auzitegi Gorenak haiek ikasteko protokoloa indargabetu izanaren ondorioz EHUk ez du lortu Espainiako Espetxe Zuzendaritzarekiko hitzarmena sinatzerik





Presoen ikasteko eskubidea, urratua beste ikasturte batez

Presoak ezin dira EHUn matrikulatu, Auzitegi Gorenak haiek ikasteko protokoloa indargabetu izanaren ondorioz

EHUk ez du lortu Espainiako Espetxe Zuzendaritzarekiko hitzarmena sinatzerik

Maite Asensio.

Datorren ikasturtean, ez da presorik egongo EHU Euskal Herriko Unibertsitatean matrikulatuta. Ez preso politikorik, ezta preso arruntik ere; ez Espainiako estatuan espetxeratutako presorik, ezta Frantzian kartzelatutakorik ere. Espainiako Auzitegi Gorenak presoen ikasketak arautzen zituen protokoloa indargabetu zuen apirilean, eta, beraz, bertan behera utzi zuen presoek EHUn eta euskaraz ikasteko zuten aukera. EHUk epaiari jarritako helegitea onartu du auzitegiak, baina oraingoz 2009-2010 ikasturtea ere galdu egingo dute espetxeratuta dauden milaka euskal presoek.

2003tik dator auzia. Espainiako Gobernuak espetxe politikaren inguruan bultzatutako lege erreformaren bidez, unibertsitatearen eta Espainiako Barne Ministerioaren arteko hitzarmena indarrean edukitzeko baldintza ezarri zen presoek ikasketak egin ahal izateko. Hala, Espainiako Estatuko presoei EHUn ikasteko eskubidea ukatu zieten, eta, horrekin batera, unibertsitate publikoaren ospea auzitan jartzeko kanpaina abiatu zuen PPk. Orduko gobernuburu Jose Maria Aznarrek eta Justizia ministro Jose Maria Michavillak hainbatetan adierazi zuten «EHUk aldeko tratu berezia» ematen ziela preso politikoei, eta «ETAko presoek meriturik egin gabe» lortzen ziztuztela unibertsitate titulazioak. Erabaki politiko hark, preso politikoei ez ezik, preso arruntei ere eragin zien.

2004ko urrian, Presondegietan Diren Pertsonei Buruzko Protokoloa onartu zuen EHUko Gobernu Kontseiluak, aho batez. 2005-2006 ikasturtean jarri zen indarrean, baina Frantziako Estatuan bakarrik aplikatu zen; Espainiakoan martxan jarri ahal izateko, EHUren eta Espainiako Gobernuko Espetxe Erakundeetako Zuzendaritza Nagusiarekiko garapen hitzarmena sinatu beharra zegoen (Espetxe Zuzendaritza Barne Ministerioaren ordezkaritzat jotzen da). Hori dela eta, UNED Urrutiko Hezkuntzarako Espainiako Unibertsitatearen bidez baino ezin izan dituzte unibertsitate ikasketak egin; UNEDek eskaintzen dituen titulazioetan bakarrik, eta gaztelaniaz soilik.

Edonola ere, protokoloa argitaratu bezain laster, Espainiako Estatuaren abokatuak inpugnatu egin zuen; EAE Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak EHUren alde egin zuen 2006ko urrian, protokoloa zuzenbidearen araberakoa zelakoan. Hartara, Estatuaren abokatuak kasazio helegitea jarri zuen Espainiako Auzitegi Gorenean, eta horrek protokoloa indargabetu zuen apirilean. Hain justu, bost urtean protokoloa aplikatzea eragotzi duen arrazoia erabili du argudiotzat Gorenak: EHUren eta Espetxe Zuzendaritzaren arteko hitzarmenik ez zegoela. Protokoloa osorik geratu da bertan behera, eta, horren ondorioz, amaitu berri den ikasturtean Frantziako Estatuko kartzeletan zeuden 54 presoak ezin izango dira datorren kurtsoan matrikulatu EHUn.

EHUk protoloaren indargabetzeari ipinitako helegitea onartu du Gorenak, baina luzera, auziaren konponbidea ez da bide judizialetik helduko, hitzarmenean baitago giltza. EHUko errektore Iñaki Goirizelaiak apirilean adierazi zuenez, Espetxe Zuzendaritzak hitzarmena sinatzeari «uko egin» izan dio, baina EHUk akordioa ixten saiatzen jarraituko du. Gorenaren epaia jaso ostean, Mercedes Gallizo Espainiako Espetxe Erakundeetako zuzendariari gutuna bidali zion Goirizelaiak, baina orain ere ez du erantzunik jaso.

Hori dela eta, EHUko zenbait irakaslek agiria kaleratu zuten ekain amaieran, hitzarmena sinatzeko eskatzeko. Kezkatuta agertu dira, egun matrikulatuta dauden presoen ikasketak kolokan daudelako, eta, gainera, eskubide urraketa luze jotzen ari delako. «Unibertsitateak ikasleen diskriminazio guztien kontra jotzen du, sexu, erlijio edota jatorriagatiko diskriminazioa izan zein arrazoi ideologikoengatiko diskriminazioa izan. Unibertsitateak, Auzitegi Gorenaren epaiak adierazten duenaren kontra, bere autonomia aldarrikatzen du, ikasleen sarbidea arautzeko», diote irakasleek.

Jaurlaritzaren inplikazioa

Era berean, EHUko Errektoretza Taldeari babesa emateko eskatu diote Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari. Izan ere, Isabel Zelaa Hezkuntza sailburua (PSE-EE) presoen ikasteko eskubidearen alde mintzatu zen 2004an, Eusko Legebiltzarrean: «Espetxeratutako pertsona guztiek goi mailako ikasketak egiteko duten eskubidea errespetatzen du Talde Sozialistak, baita gurea bi hizkuntzetako erkidegoa izanik haiek hautatutako hizkuntzan ikas dezaten ere».

Hain zuzen, bergizarteratzea eta ikasteko eskubidea Espainiako Konstituzioaren aginduak direla gogorarazi zuen Zelaak orduan: «Biak uztartuz gero, ondorioztatuko dugu presoen ikasteko oztopoak desagerrarazi behar ditugula, hori izango baita haiek berriz hezteko tresna nagusia».

masensio@berria.info



############



Juanjo Alvarez EHUko Zuzenbide irakaslea

Presoen ikasteko eskubidea sutsuki defendatzen du, haiek bergizarteratzeko giltza delakoan. Hala, EHUrekiko protokoloa ez sinatzeko erabakia «politikotzat» dauka.

«Ikasteak presoen bizitza duintzen du espetxe barruan»

M.A.

Presondegietan Dauden Pertsonei Buruzko EHUren Protokoloa idazteko lanetan parte hartu zuen Juanjo Alvarezek (Zumaia, Gipuzkoa, 1964). Ondo ezagutzen du gaia: Zuzenbide katedraduna eta EHUko irakaslea izateaz gain, Bergarako (Gipuzkoa) UNEDeko zuzendaria ere bada. Presoen ikasketa programaren gaineko «estigmaz» mintzatu da; kritikak «politikoak» direla dio, eta horrelakoak «frustragarri» zaizkiola onartzen du.

Protokoloa UNEDen ereduari jarraiki landu zenuten. Nolakoa da eredu hori? Zergatik onartu dute UNEDena eta ez EHUrena?

EHUren protokoloa ez onartzeko irizpidea hertsiki politikoa da. Espetxeei buruzko Legeak dio EHUk eta Espetxe Zuzendaritzak hitzarmena sinatu behar dutela, baina aurretik zuten akordioa bertan behera utzi zuen Barne Ministerioak, inolako irregulartasunik edo arau hausterik argudiatu gabe. Egun, ez dute EHUrekiko hitzarmenik sinatu, aukera horri buruz eztabaidatzeko interesik ere ez dute izan, baina, aldiz, UNEDekin dutena mantentzea komeni zaie.

Baina UNEDek ez du EHUk egiten ez zuen ezer egiten, eta alderantziz; metodologia berdina da, eta protokoloak oso antzekoak dira. Beraz, ez da logikoa unibertsitate bati baimena ematea eta beste bati ez oinarri juridikorik gabeko erabakia hartuta.

Aurreko hitzarmena indarrean egon zenean, legezko arazorik egon al zen?

Ez, lege eta administrazio esparruan, Espetxe Zuzendaritzak ez zuen inoiz kexarik egin EHUren edota Bergarako UNEDen aurka. Eta orain arte ez da froga juridiko bat bera ere agertu hitzarmenak irregulartasunik zuela argudiatzeko. Faltsukeria da EHU ETAren aldeko irakaslez beteta dagoela esatea. Horrelakorik ezin izan dute frogatu. Edonola ere, hala izango balitz, irakasle batzuek muga etiko eta deontologikoa gainditzea ekarriko luke, baina horrek ez luke inola ere sistema biziatuko. Bide batez, esan beharra dago ETAko presoek baino preso arrunt gehiagok egiten zituztela ikasketak EHUn, baina horri buruz ez da hitz egiten.

Presoei emandako irakaskuntzari dagokionez, zein muga du UNEDek?

Lehenik eta behin, nik esango nuke arlo horretan UNEDek oso lan esanguratsua egin duela. Presoei galdetu besterik ez dago zer ekarri dien espetxean ikasteko aukera izateak, ez bakarrik zigorra betetzen ari diren bitartean, baizik eta bergizarteratzeari begira. Izan ere, trebakuntzaren bidez kartzela zigortzeko elementu bat baino gehiago izan behar du. Edolona ere, begien bistakoa da UNEDek EHUk baino titulazio gutxiago dituela, laurdenak edo. Bestalde, hizkuntzaren muga dago: gaztelania da irakas hizkuntza bakarra, ikasmaterialak gaztelaniaz daude... Beraz, beste eskubide bat urratzen zaie, EHUk neurri batean betetzen zuena.

Zuzenbidearen ikuspegitik, eta ikasketei dagokienez, zein eskubide dute espetxeratuta dauden pertsoek?

Bai Espainiako Konstituzioak, bai Espetxeei Buruzko Lege Organikoak diote zigorrek bergizarteratzeko eta hezteko helburua izan behar dutela. Arazoa da Espetxe Zuzendaritzari dagokiola hori zehaztea, eta eurek ez dute ikastea debekatzen, baina eskakizun batzuk exijitzen dituzte. Zeinek ezartzen ditu eskakizun horiek? Erabaki politikoak hartzen dituztenek, eta ezin da Gobernua hitzarmen bat sinatzera derrigortu. Hortaz, errealitatean, espetxetik goi mailako ikasketak egiteko eskubidea aldarrikatzeko gaitasunik ez dago. Hipokrisia handia dago kontu honetan. Badirudi espetxeetako programetan parte hartzen baduzu ETArekiko edo etakideekiko enpatia duzula. Ni ETAren aurka nago, baina ETAren erasoak gaitzesteko dudan energia berarekin defendatzen dut hezkuntza sistema publikoak kartzeletara heldu behar duela, preso guztientzat. Eskubide horrek ez du mugatzen inoren askatasuna.

Baina, era berean, asko hitz egiten da presoez kartzelatik ateratzen direnean, eta zalantzan jartzen da bergizarteratzeko moduan dauden ala ez. Kontraesan handia dago diskurtso horren eta ikasketetan oztopoak jartzeko politiken artean, ezta?

Bai, lengoaia politiko bakarra dago, baina lengoaia horrek bi proiekzio ditu. Oso ondo geratzen da Aste Santuan kofradia batek pertsona baten indultua eskatzea, baina beste esparru batzuetan egiten diren interpretazioak zeharo desberdinak dira. Espetxeetan lan egin izan dudanean, nik ez diot inori galdetu zein delitu egin duen. Presoek ikasle gisara kezkatzen naute. Ikasteak haien bizitza duintzen du kartzela barruan, pertsona gisara tratatzen ditugulako, ez gizartearen zaborra balira bezala. Horregatik bakarrik, merezi du aurrera jarraitzea. Eta, gainera, espetxeetan trebakuntza lana egiten bada, ez dut uste gizarteak ezer aurpegiratuko dionik programari. Bestela, presoak pertsona gisara baliogabetzera joko dugu, eta nik hori ezin dut onartu, egindako delitua guztiz gaitzesgarria izanik ere.

Egun sozialistak daude bai Espainiako Gobernuan, bai Eusko Jaurlaritzan. Horrek lagun al dezake hitzarmena lortze aldera?

Eszeptikoa naiz. Alde batetik, elkarrenganako konfiantza berriak ekarritako giroa beste esparru batzuetan irudikatzen ari da; EAEren inguruko erkidegoekiko harremanetan, adibidez. Jakin badakit programaren aldeko sentiberatasuna dagoela Jaurlaritzan daudenen artean ere, eta uste dut elkarulertzea erraz dezakeela. Baina iruditzen zait giltza ez dagoela Euskadi eta Espainiaren arteko harremanetan, baizik eta Espainian bakarrik. Izatez, egungo gobernuaren estatuaren abokatuak inpugnatu zuen protokoloa, eta, horregatik, kostatzen zait pentsatzea gai hori desblokeatuko dutenik.



############





############



300

2002-2003an preso zeuden ikasleak. Espainiako Gobernuak espetxeen inguruko legedia aldatu zuen ikasturtean, 300 preso baino gehiago zeuden EHUn matrikulatuta. 2008-2009 ikasturtean, 54ra jaitsi zen zenbatekoa; denak Frantziako estatuan kartzelatutakoak dira.



############





############



Mobilizazioak Frantziako kartzeletan epaiaren aurka

Espainiako Auzitegi Gorenak EHUren protokoloa indargabetu izanaren ondorioz, Frantzian espetxeratuta dauden presoek ere ezin izango dute EHUn ikasten jarraitu. Hori dela eta, uztailean hainbat mobilizazio egin dituzte hango kartzela batzuetan, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak azaldu duenez. Fresneskoan eta Fleurykoan, esaterako, salaketa idatziak banatu eta plantoak egin dituzte; idatzia hainbat unibertsitatetara heldu da, baita Frantziako Alderdi Komunistara ere. Halaber, espetxeetako arduradunen eta langileen artean sinadurak biltzen ari dira presoak. Kartzeletan ikastaroak ematen dituzten irakasle boluntarioen elkartea ere (Genepi) kezkatuta agertu da.



############





############



Zer ezartzen du protokoloak?

Presoek EHUn ikas zezaten jarraitu beharreko arauak ezarri zituzten 2004an Presondegietan Diren Pertsonei Buruzko Protokoloan. Besteak beste, presoentzako titulazio eskaintza, ikasketetarako sarbidea, matrikulazio sistema, programen edukiak, ebaluatzeko era, unibertsitatean irauteko baldintzak eta beka araubidea zehaztu zituzten.



############





############



EHUko errektoreak, presoen ikasteko eskubidearen alde

Manuel Montero, Juan Ignacio Perez Iglesias eta Iñaki Goirizelaia, 2003tik hona EHUn izan diren hiru errektoreak, presoen ikasteko eskubidearen alde agertu dira. Espainiako Gobernuak EHUri buruz egindako adierazpenak «Inkisizioaren garaiko jardueratzat» hartu zituen Monterok 2003an.



############





############



Jon Anzaren desagerpena salatzeko, gose grebak

Jon Anza preso ohia desagertuta dagoela eta, gose greba egiten ari dira Bois D'Arcy-n (Ille-de-France, Frantzia) dauden euskal presoak iragan ostiraletik, ostegunera arte. Bestalde, Sebas Lasa preso politikoa Puerto III espetxera lekualdatu dute (Cadiz, Espainia), eta gose greba bertan behera utzi du.





############



© berria.info