berria.info

Inprimatzeko bertsioa

albistea inprimatu Inprimatu

tartea;2009-08-12;ÇOso harrera beroa egiten digute betiÈ. Alai Go–i. Goizaldi taldeko dantzaria


Alai Goñi. Goizaldi taldeko dantzaria

«Oso harrera beroa egiten digute beti»

Aitor Artola. Donostia

Sei urte zituenetik Ikasbide Ikastolako dantza taldean dabil Alai Goñi (Donostia, 1988). Geroztik, munduko bazter askotan dantzatu du, baina aurtengo Aste Nagusian Konstituzio plazako agertokira igo zen atzo. Urduri zegoela aitortu du.

Aste Nagusian Konstituzio plazan dantzatzea berezia da. Nolakoa izan zen atzoko eguna?

Oso egun garrantzitsua izaten da Aste Nagusiko emanaldia, urtero egiten dugu, eta lan asko egin behar da dena ondo atera dadin. Uda hasieran hasi ginen dantzaldia prestatzen, eta Kataluniara egindako bidaiak entseguak moztu badizkigu ere, gogo handia genuen dantzatzeko.

Donostiako jaiak hotzak direla esaten da. Nolako harrera egiten zizueten Konstituzio plazan?

Hotzak? Guri oso harrera beroa egiten digute beti. Emanaldia nahiko berandu izaten da, 20:30 aldera, eta nahiz eta hurrengo eguna lan eguna izan, jendez gainezka egoten da plaza. Gainera, jendeari gustatzen zaiola dirudi, beti txaloka agurtzen baikaituzte.

San Sebastian egunean ere leku berean dantzatu zenuen. Bi egun horietatik zein duzu gogokoen?

Zaila da bietako bat aukeratzea. Beharbada, San Sebastian eguna da donostiarrek gehien bizi duten eguna; indar gehiagorekin hartzen dute, eta hori nabari egiten da; horregatik, beti berezia izaten da. Baina talde modura, Aste Nagusiko emanaldia oso garrantzitsua da guretzat, taldekide gehienak izaten gara, eta, horregatik, egun berezia ere bada.

Goizaldi taldeko zenbat dantzarik parte hartu zenuten ?

Taldekide gehienak izan ginen. Hamasei mutil, beste hamasei neska eta bost musikari. 35 pertsona inguru elkartu ginen agertoki gainean.

Zer gomendatuko zenioke kanpokoa den pertsona bati Donostiako jaietan egiteko?

Arratsaldeetan, Parte Zaharrean izaten den giroaz gozatzeko esango nioke. Nahiko giro ona izaten da, eta gustuko dutenentzat egunero izango dira dantza emanaldiak. Gauean, kontzerturen bat ikustea ez dago gaizki, musika eskaintza zabala izaten baita.

Eta zuk, zer egingo duzu?

Dantzaldia prestatzeaz gain, lagunekin igaroko dut aste nagusia, Abordaian eta beste hainbat ekitalditan parte hartzeko asmoa ere badut. Azken finean, ondo pasatzea.

© berria.info