berria.info

Inprimatzeko bertsioa

albistea inprimatu Inprimatu

TARTEA;2009-10-24;EZARIAN. ASTERIXEN 50. URTEURRENA. Asterix euskaldundu zutenak. Mende erdia igaro da galiar txikiaren abenturak lehen aldiz argitaratu zituztenetik; geroxeago iritsi ziren, baina ez askoz geroago, 1976an, euskarazko lehen aleak, haurrentzako halako irakurgairik ia ez zenean.





Mende erdia igaro da galiar txikiaren abenturak lehen aldiz argitaratu zituztenetik; geroxeago iritsi ziren, baina ez askoz geroago, 1976an, euskarazko lehen aleak, haurrentzako halako irakurgairik ia ez zenean.

Asterix euskaldundu zutenak

Irune Lasa. Donostia - Tolosa

Ala Belenos! Ala Toutatis! Erromatarrak bakarrik ez daude burutik. 70eko hamakadan gara. Pirinioen bi aldeetara hedatzen den herrialde menderakaitz batean, oztopo guztiak gaindituz, bertako hizkuntzaren alde sekulako lana egiten ari dira hainbat lagun: hezkuntzan, antzerkigintzan, kantagintzan, liburugintzan... eta itzulpengintzan ere bai.

Zenbatek gordetzen ote dituzte Jesus Mari Arrietak euskaratu eta Iñaki Beobidek argitaratutako lehen Asterix haiek altxorra balira bezala etxean? Euskaraz ezer gutxi zegoen haurrentzat orduan, eta zein eta Asterix iritsi zen.

Datorren astean 50 urte beteko dira galiar txikiaren abenturak lehen aldiz Pilote aldizkarian agertu zirela. 1961ean agertu zen lehen albuma: Astérix le Gaulois. Eta 1976an iritsi zen euskarazko lehen Asterix komikia: Asterix eta Kleopatra.

«Nik ez neukan arrastorik ere komiki bat zer zen, eta bost axola, gainera. Haurrentzat euskaraz zerbait ateratzearren izan zen, ez zegoen ezer eta».

Iñaki Beobidek (Zumaia, 1934) euskalgintzan egindako lan guztia laburbiltzea ia ezinezkoa da. Produktore, antolatzaile... eta argitaratzaile ere izan zen, argitaletxerik gabe. «Ez zidaten baimenik ematen; berdin gertatu zitzaidan Herri Gogoa diskoetxearekin. Informacion y Turismo-n zegoen galiziar demokrata hark ez zigun harentzako baimenik eman». Horregatik, Edicsa HG bezala argitaratzen zituen diskoak, Kataluniako Edicsa diskoetxearen izenean. Eta Bartzelonako Mars-Ivarsekin Asterix komikiak. Haiek argitaletxe moduan agertu behar zuten, eta Beobidek, banatzaile gisa. Beharko. «Txillardegiren matematika liburu bat baimenik gabe argitaratzeagatik milioi bat pezetako isuna jarri zidaten! Horregatik ibiltzen ginen beti tranpatan».

Asterix eta Kleopatra-ren ostean, beste bederatzi album euskaratu eta argitaratuko zituzten horrela, 1978ra arte. Asterix eta normandoak, Buruzagien burruka, Asterix Lejionarioa, Asterix Galesa... Geroago, 1989an Grijabo/Dargaudekin batera, Elkarrek 31 album argitaratu zituen , Joxemari Azurmendiren itzulpenekin. Eta euskaratutako azken Asterix albuma, Asterix eta Latraviata, Salvatek argitaratu zuen, 2001ean, Joxan Elosegik itzulita.

«Asterix ezaguna zen, batez ere Frantzian eta Belgikan; banuen nik lagunik garai hartan handik bueltan... [irribarre bihurria]». Beobidek zuzenean Parisera idatzi zuen, Dargaudera, Asterix euskaratzeko baimen eske. «Ez dizut esango erraztasun guztiak eman zizkidatenik, baina oztoporik batere ez zidaten jarri».

3.000 ale albumeko

Asterix argitaratzeko dirua Gauza Harrigarriak liburu sailarekin ateratakoa izan zen. Era berean, Asterix-en euskarazko albumetatik ateratako diruak ikastolentzako Gordailu saileko liburuxkak ateratzeko balio izan zuen. Asterix-en album bakoitzeko 3.000 ale argitaratu zituen Beobidek, «eta agortu egin ziren».

Dirudienez, Gabriel Aresti bera hasia zen bere aldetik Asterix euskaratzen. «Baina guk Jesus Mari Arrieta egokiago ikusi genuen horretarako. Hizkuntzaz ari naiz: Arestiren euskara Arestiren euskara zen, eta Jesus Mari ikastoletan sartuta zegoen jada, sistema ezagutzen zuen...». Asterix-en komikietan agertu behar zuena euskara erraza izatea nahi zuen Beobidek, «ikastoletan erabiltzen zen euskara; ez pertsona batena edo bestearena».

Jesus Mari Arrieta (Donostia, 1947), Tolosako Santa Mariako gaur egungo erretorea, apaiztu berria zen, 23 urterekin, Beobidek galiarren abenturak euskaratzeko eskatu zionean. Ikastolen egituran eta, batez ere, Euskal Udalekuetan aritu zen eta aritzen da orain ere Arrieta. «Han, udalekuetan sortu zen niregan halako maitasuna edo atxikimendua euskararekiko». Eta aurretik seminarioan ere; 1966an erdaraz hartzen zituzten lezioen oharrak euskaraz idazten hasi baitziren Arrieta eta Joseba Arregi. «Azterketak euskaraz egiteko eskatu genuen gero, eta onartu ziguten», gogoratu du erretoreak.

Asterix-en komikiez gain, beste hainbat itzulpen ere egin ditu Arrietak -besteak beste, Bibliaren itzulpen taldean aritu zen garai berean-. Eta Euskal Udalekuetan haurrei kontatzen zizkien ipuinak eta istorio luzeagoak idatzi ere egin zituen. Harenak dira batzuen batzuek gogoan izango dituzten Amaia, Antso Gartzeiz, Harkaitz, elurretako haurra, Landetaratuak... Gaur egun, idazketa lanak utzita dauzka, Tolosako erretoretzak eguna betetzeko adina lan ematen baitio. Hori bai, Bibliaren itzulpena berraztertzen eta eguneratzen ari den taldeko kidea da.

Asterix euskaratzen, trenean

«Poz handiz hartu nuen Beobideren proposamena. Ezagutzen nuen Asterix, bat edo beste irakurriak nituen», gogoratu du Arrietak. Euskarazko itzulpenak egitea ez zen lan makala garai haietan. Plazido Mujikarena zuten, gutxi-asko, hiztegi bakarra. Dena den, ez zuen asko erabili Arrietak. «Ezin nuen aldean ibili». Izan ere, trenean itzuli zituen Asterix gehienak, Donostiatik Eibarrera eta itzulian egindako bi ordu eta erdiko bidaietan. «Eibarren izan nuen lehen apaiz postua. Hango ikastolan ere irakasle nintzen. Asteburuetan Donostiara etortzen nintzen familiarekin egotera». Itzulpen haien koadernoak marraz josita egongo direla uste du erretoreak, «abiatzen zenean trenak sekulako astindua egiten zuelako».

Gazteleratik itzuli zituen. «Ez nuen hitzez-hitzezko itzulpena egin nahi izan. Biblia ere euskaratzen ari ginen eta han hasieratik esan ziguten idazleak idatzi nahi izan duena jaso behar duela itzultzaileak, ideia hori eskualdatu jaso behar duen irakurlearengana. Nik uste dut hori nuela buruan... Erdaraz hau dio, baina nik euskaraz nola esango nuke? Ez nuen beti asmatuko, noski».

Asterix haietako hizkera kolokialagoa zen Bibliakoa baino, zalantzarik gabe. Baina komiki horietan agertzen ziren hitz joko, txantxa, erreferentzia, interjekzio haiek guztiak itzultzea ez zen nolanahiko lana. Nola euskaratu Par Toutatis!, ¡Por Toutatis!? «Bai, nik hori nonbait jasoa edo irakurria nuen interjekzio moduan, Bibliako itzulpenen batean. Gazteleraz Vive Dios... Olabideren Bibliaren itzulpenean Vive hori Ala eman zuela ikusi eta hari jarraitu nion».

Liburu haiek gaur irakurtzen dituenak hainbat 'h'-ren falta sumatuko du. Adibidez, Kleopatraren Naikoa! bat ikusi du. «Ziur aski, interjekzio moduan zegoelako, 'h' gabe izango zen orduan, eta nahi, nahiko eta nahiz eta guztiak 'h'rekin idatziko nituen».

Euskara batuan

Euskara batuaren aukera egin zuten Asterix itzultzeko. Hala nahi zuen Beobidek, eta hala nahi zuen Arrietak ere: «Garai haietan, gaurko neurrian edo, egin gabe zegoen euskara batua. Ordutik hona asko landu da. Baina orduan... 1968an hartu zen batuaren aldeko erabakia, eta hauek itzultzen hasterako ia denak zeuden batuaren alde. Txillardegik argitaratuak zituen euskara batuan idazteko aholkuak, formak... Eta, nolabait, hasiak ginen joera hori hartzen».

«30 urte igarota», jarraitu du Arrietak, «beharbada hau edo beste gaur egun ez da horrela esango edo ez da horrela idatziko. Baina, agian, kontu horiek ezartzera iritsi gabe zeuden oraindik. Euskaltzaindiak ere aldatu ditu gauzak denbora honetan. Nik uste dut denok ere momentu haietan formak hartzen hasi ginela; eta 30 urte pasa dira!».

Asterix komikien beste hizkuntzetarako itzulpen askotan ez bezala, euskarazko hauetan pertsonaien izenik ez zuten aldatu. Hala azaldu du itzultzaileak: «Itzulpena da eta idazleak izena asmatu duenean bere arrazoia izan du; hitz jokoa egiteko, pertsonaiaren nortasuna adierazteko... Ni izen propioak bere hartan uzten saiatu nintzen». Iñaki Beobide ere gogoratzen da hautu hartaz. «Euskarazko itzulpenetan beti errespetatu izan dira izenak. Gero chauvinistak garela, baina besteak chauvinistagoak dira!».

Lasai bizi da orain hainbeste lan egindako Iñaki Beobide. Eta ez ditu topatu etxean Asterix haiek; haren sei seme-alaben artean egongo dira banatuta. Jesus Mari Arrieta hara eta hona ibilia da eta berak ere ez daki non ote dituen. Hori bai, biei esker beste hainbatek etxean edota memorian ederki gordeak ditu.



© berria.info