berria.info

Inprimatzeko bertsioa

albistea inprimatu Inprimatu

AGENDA;2009-10-29;KOMUNIKAZIOA. Irlen sarea. Zu ez zara gu





Zu ez zara gu

Irlen sarea

Gorka Julio

Hedabideen krisia gero eta larriagoa da, eta, orain, Interneteko hedabide bati tokatu zaio pertsiana ixtea. Soitu.es Interneteko ikuspuntuarekin sortutako hedabide bat izan zen, gauzak beste era batera egiteko modu bat, diseinu eta garapen aldetik ere ahalegin handi bat egin zuena. Baina, orain itxi behar izan du.

Saiakera polita izan da, iraun duen bitartean. Berritzailea, irekia, laguntzaile askorekin... ezberdina azken finean. Gainera, bere inguruan komunitate handi bat eraikitzeko gai izan da, baina hori ez da nahikoa izan. Beren partaide nagusia zen BBVAk gehiago ez laguntzea erabaki baitu. Horrek zer pentsatua ematen du. Proiektu bat inbertsore handi baten diruan oinarrituta izatea arriskutsua da, batez ere hedabide libre bat izan nahi duzunean. Eredu komunikatiboak beharbada ez du porrot egin, baina bai eredu ekonomikoak.

Baina zer gertatuko litzateke hedabide honek sortu duen komunitate horren laguntza eskatuko balu? Zer gertatuko litzateke hedabidea erabili eta sortzen duten erabiltzaileek dirua jarriko balute? Edo berek zuzenean hedabidea guztiz egiten hasiko balira? Posible litzateke? Seguraski bai. Komunitate bat atzean duen edozein proiektuk indarra dauka dirua biltzeko, eztabaidatzeko, ekarpenak egiteko. Eta, orain, Internet sozialaren garaian urrezko altxor bat dira.

Soitu.es-ek Interneteko hedabideen artean fama handia zuen eta sari ugari ere irabazi zituen. Orain dela egun gutxi, hedabide horretako buruak hitz egin zuen ETB3ko Nickdutnick (http://nickdutnik.com) saioan egindako elkarrizketan, proiektuaren eta jasotako sarien inguruan. Zuen erreferentzia horren ondorioz, Interneteko hedabideek ere zailtasunak dituztela esateko, azkar agertu dira betiko teknofoboak. Eredu ekonomiko baten porrota ikusi dugu ez beste ezer. Interneten barne zein kanpoan badira eredu hori jarraitzen ez duten asko, baita gure artean ere, BERRIA, Sustatu, Indymedia, Gaztesarea... Batzuk diru gutxirekin, beste batzuk boluntario, besteak pertsona, talde eta inbertsore txikiek jarritako diruarekin, baina guztiak komunitate bat laguntzarekin aurrera egiten dutenak. Soitu.es eta halako hedabideek sortzen jakin duten komunitate horrekin eraiki beharko lukete hedabidea, proiektuaren partaide egin, benetan zu izatetik gu izatera pasatu.

gorka@teketen.com



© berria.info