berria.info

Inprimatzeko bertsioa

albistea inprimatu Inprimatu

AGENDA;2009-12-04;KOMUNIKAZIOA. Iraganera bidaia, Ez Dok Amairurekin. Orio Produkzioak ekoiztetxearen 'Zai zoi bele' dokumental sorta osorik emango dute gaur ETB3n. Urtarriletik aurrera atalka, ETB1en.





Orio Produkzioak ekoiztetxearen 'Zai zoi bele' dokumental sorta osorik emango dute gaur ETB3n. Urtarriletik aurrera atalka, ETB1en.

Iraganera bidaia, Ez Dok Amairurekin

Urtzi Urkizu. Donostia

Baga, biga, higa / laga, boga, sega. Sei dira sei Zai, zoi, bele dokumental saioaren atalak. Sei eguneko bidaia egiten du Amets Arzallus kazetariak, Ez Dok Amairu taldearen sorrera, bilakaera eta amaiera ezagutu nahian. Sei ez, baizik 13 artikulu idazteko bidali baitiote (existitzen ez den) egunkari batetik. Banaka dastatzeko atalak diren arren, ETB3k bata bestearen jarraian estreinatuko ditu gaur, 23:30etik 02:55era. Urtarrilaren 3tik aurrera, berriz, sei igandetan emango dituzte, atalka, ETB1en.

Lau urteko prozesu luzea izan du Orio Produkzioak ekoiztetxearen lanak estreinaldi eguna heldu den arte. Eriz Zapirain gidoilari eta zuzendariak gogoan du euskal rock erradikalaren inguruko erreportajea egin zuenean «denboran atzerago» egin beharraz hitz egin zutela. Martin Ibarbiak ere 60ko hamarkadako euskal kantagintzaz zerbait egin behar zuela aipatu zion. «Azkenean, 2005ean elkarrizketak egiten hasi ginen. Jose Angel Irigarai, JosAnton Artze eta Benito Lertxundirenak izan ziren aurrenekoak», gogoratu du lanaren zuzendariak. «Horiek ziren hasteko bizkarrezurra, baina Xabier Lete falta zitzaigun». Bi urte geroago eman zien Letek bi orduko elkarrizketa. 2006an, hamasei bat elkarrizketa egin zituzten, eta 2007an beste bospasei. Elkarrizketa horien artean dago, esate baterako, atzo hil zen Luis Mari Bandresi egindakoa.

Gidoia idazteari ekin zion gero Zapirainek. Dokumental sorta izan behar zuela jabetu, eta kazetari batek ikertzen joan behar zuela erabaki zuten. Unai Ibarbiak pentsatu zuen Amets Arzallus izan zitekeela kazetari aproposa jende gaztea erakartzeko. Izan ere, Zai zoi bele-ren asmoetako bat da belaunaldi berriek jakin dezatela 60ko hamarkadan zeintzuk hasi ziren euskal kantagintzan eta zer ekarpen egin zioten euskal kulturari.

Horrenbestez, 34 elkarrizketa, Amets Arzallusen bidaia eta bildutako argazki eta dokumentuak dira dokumental saioaren osagaiak. Diapositiba proiekzio gisa jasotzen ditu ikusleak argazkiak.

Zai zoi bele-ren pasarteetan presentzia handia duten bi kantari Lourdes Iriondo eta Michel Labeguerie dira. «Elkarrizketetan, Iriondok zuen indarra eta jendea nola berotzen zuen ageri da. Bigarren atalean luze hitz egiten dugu Iriondoren inguruan». Michel Labeguerieren aipamen asko daude, eta laugarren atalean sakonago nabarmentzen dute. «Mixel Itzainak, Ximun Haranak eta Labeguerieren seme Enekok asko zeukaten Michelez kontatzeko».

Artxibotik berreskuratutako elkarrizketak ere badira, gure artean jada ez dauden Mikel Laboa, Jexux Artze eta Julen Lekuonari egindakoak.

Eta Ez Dok Amairuri buruzko dokumental saioa izan arren, euskal kulturaren hainbat gai jorratzen dituzte. «Zer zen garai hura, nola bizi zuten eta non ibili ziren kontatzen saiatu gara». Garai hartako Loiolako Herri Irratia, Oteiza, Pelotari eta Ama lur filmak, txalaparta... Iraganera bidaia ederra.



############



Fitxa

Dokumentalaren izena: 'Zai zoi bele'.

Produktoreak: Martin Ibarbia eta Unai Ibarbia.

Gidoia, muntaia eta zuzendaritza: Eriz Zapirain.

Errealizazioa: Xabier Zapirain.

Kamerariak: Juantxo Sardon eta Carlos Sedano.

Soinua: Juan Luis Eguskiza.





############



© berria.info