berria.info

Inprimatzeko bertsioa

albistea inprimatu Inprimatu

TARTEA;2009-12-30;Urteko lehen ur tragoa. Urtezahar gauerdian herriko iturrira joaten dira Urdiaingo herritarrak (Nafarroa), Ğur berriağ hartu, eta kantuan aritzen dira gero. Hala ibiliko dira bihar ere.





Urtezahar gauerdian herriko iturrira joaten dira Urdiaingo herritarrak (Nafarroa), «ur berria» hartu, eta kantuan aritzen dira gero. Hala ibiliko dira bihar ere.

Urteko lehen ur tragoa

Iñigo Astiz. Urdiain

Xanpaina, ardoa eta bestelakoak ere izaten dituzte Urdiainen (Nafarroa) urte zaharra agurtu, eta berriaren etorrera ongi hartzeko. Ura da, ordea, protagonista nagusia. Urarekin hasten du bere bidea urte berriak Sakanako herri honetan. Gauerdian herriko iturrira pitxerrarekin joan, eta hartutako urte berriko lehen ur hori da herritarrei eskaintzen zaiena. Eskaria ere badu atzean, gainera, eskaintzak. Zoriona, osasuna eta ondasunak dira datorren urterako bizilagunentzat eskatzen direnak.

Hala deskribatu zuen Jose Maria Satrustegi etnografoak ohitura hau 1980an kaleratutako Mitos y creencias izeneko lanean: «Udaleko kideak udaletxean biltzen dira, eta lagunarteko hizketan aritzen dira hamabi kanpai hotsak jo arte. Une horretan eramaten dute herriko gazteek ur berriaz betetako pitxerra udaletxera, eta orduan kantatzen dute kantu tradizionala. Udaleko kideak atarira joaten dira orduan, eta gazteek ekarritako ura probatzen dute. Hala hasten da ofizialki urte berria Urdiainen».

Egun ere, antzera ospatzen da eguna Julian Etxeberria urdiaindarrak dioenez. Udaletxean beharrean, iturri ondo-ondoan dagoen apezetxean elkartzen dira, ordea, apaiza, alkatea eta zinegotziak. Hara eramaten diete ur berria, eta lehen dastatzea haiei utzita, inguratutako herritarrei ematen zaie ura gero. «140 bat lagun biltzen gara», dio Etxeberriak.

Badira bestelako aldaketak ere. «Garai batean gazteak ibiltzen ziren urarekin, baina orain denok elkartzen gara; haur, gazte eta zahar». Ez da gorabeherarik gabeko historia izan, gainera, ohitura honena. «Lehen nahiko galduta egon zen ohitura, baina herriko apaiz izandako Satrustegiri esker berriz ere indarra hartu zuen ohiturak».

Haren lanari esker berreskuratu zen kantua ere. «Zati bat baino ez zegoen», dio Etxeberriak, «baina haren ikerketei esker osorik daukagu orain, eta egun halakorik egiten ez bada ere, hitzei erreparatuta, badirudi etxez etxe eskean ibiltzeko erabiltzen zutela garai batean».

Eskean aritzeko kantua

Hau da bihar abestuko duten kanta: «Arantzazu, zer dekarzu?/ Ur goiena, ur barrena. / Ur goiena, ur barrena, / Urteberri egun ona. // Etxe honetan sar daiela, / bakearekin osasuna /, bakearekin osasuna, / onarekin, ondasuna. // Etxekoandre giltzaria / ireki zazu ataria. / Ireki zazu ataria, / badekargu ur berria. / Badekargu ur berria, / presta zazu gosaria. // Etxe honetan oilar bi, / batek bestea iduri, / etxe hontako etxeko andreak/ amabirjina dirudi. // Etxe hontako nausi jaunak / poltsea txintxirrinduna. / Poltsea txintxirrinduna, / zilarrezko ezpataduna. // Etxe hontako nausi jaunak / urre gorrizko bizarra, / harrek eman dira neuri / errealtxo biko zilarra. // Goien-goien ilargia, / erdi-erdian krabelina, / gure baratxean belar ona, / hark botatzen du usain ona. // Izotzetan, elurretan / abenduko gau luzeetan / Beste guztiak oian eta / gu, gaixook, oin hutsetan. // Eguzu, bada, eguzu, / baldin eman nahi baduzu, / baldin eman nahi baduzu, / bestela despei gaitzazu».

Julio eta Pio Caro Baroja anaiek eginiko Navarra, cuatro estaciones (Nafarroa, lau urtaroak) izeneko filmean agertzen dira ohitura honen irudiak lehenengoz, 1972an. Ohituraren jatorriaz, baina, aspaldikoa dela, ezin besterik esan. Urteak dira Urdiainen iturri beretik urtero ur berria edaten dela, eta bihar ere elkarrekin egingo dute urteko lehen ur tragoa.



© berria.info