berria.info

Inprimatzeko bertsioa

albistea inprimatu Inprimatu

TARTEA;2010-01-08;MENDIA. HIMALAYA. Dhaulagiri, Everesten atariko. Euskal mendizaleen lehenengo zortzimilakoa izan zen Dhaulagiri, 1979an. Orduko bizipenak berritu dituzte Gregorio Arizek eta Xabier Garaioak, Nafarroako Mendi Federazioak egindako omenaldia baliatuta.





Euskal mendizaleen lehenengo zortzimilakoa izan zen Dhaulagiri, 1979an. Orduko bizipenak berritu dituzte Gregorio Arizek eta Xabier Garaioak, Nafarroako Mendi Federazioak egindako omenaldia baliatuta.

Dhaulagiri, Everesten atariko

Ekaitz Agirre

Hogeita hamar urte beteko dira maiatzean Martin Zabaletak eta Pasang Tembak Everest (8.848) mendiko gailurra jo zutela. Egun handia izan zen 1980ko maiatzaren 14 hura, mendirik garaienaren eta desiratuenaren konkista. Lehenengo zortzimilakoa, ordea, urtebete lehenago igo zuten euskal mendizaleek: Dhaulagiri (8.172). Nafarroako goi mendi eskolaren inguruan zebilen mendizale talde bat elkartu zen Dhaulagiri79 egitasmoaren bueltan, eta maiatzaren 12an iltzatu zituzten pioleta eta kranpoiak talde hartako bost kidek mendiaren tontorrean. Bukatu berri diren Eguberrietako jaietan Dhaulagiri79 espedizio hura osatu zuten kideak omendu ditu Nafarroako Mendi Federazioak, Iruñeko Baluarten egindako galan. Aitzakia aproposa Gregorio Arizek eta Xabier Garaioak orduko bizipenak berritzeko; espedizioaren bihotz eta arima izan zen Ariz, Dhaulagiri igo zuen bost lagunetako bat Garaioa.

Katmandutik Euskal Herrira telegrama bidez iritsi zen albistea, 1979ko maiatzaren 20an. Laburra zen mezua, zehatza: «Dhaulagiri konkistatuta, maiatzaren 12an. Lehenengo euskal zortzimilakoa. Lau alpinista, sherpa bat. Gailurra oxigenorik gabe. Oso zaila. Denok ongi. Goraintziak». Gerardo Plaza, Xabier Garaioa, Iñaki Aldaia, Jordi Pons eta Ang Rita sherpa ziren bost lagunak. Berriak hautsak harrotu zituen, Nafarroan batez ere. Hautsak ez ezik, xanpain eta ardo botila asko ustuarazi ere bai.

Bilakaera baten urrats logikoa izan zen Dhaulagiri79 espedizioa. Pirinioetan eta Alpeetan egonak ziren mendizaleak, baita munduko beste hainbat menditan ere. Hoggarreko hormak, Andeak, Hindu Kush... zortzimilako batera joatea zen hurrengo urratsa. «Hasiberriak ginen, esperientziarik gabeak. Everestera joandako Tximist espedizioa genuen aurrekari bakarretakoa. Zentzu guztietan abentura izan zen Dhaulagirikoa, prestaketatik hasi eta mendia igotzeraino. Ahalegin handia egin genuen, baina pribilegiatuak ginen: Himalaya garai hartan ia birjina zen», oroitu da Ariz.

Abentura mendira joan aurretik hasi zen. Ariz zen espedizioaren hauspoa, baina taldekide bakoitzak bere egitekoa zuen: baimenak eta materiala lortu, diru laguntzak lortzeko ateak jo... Xabier Garaioa bidaiaz arduratu zen. «Parisen bizi nintzen, eta hegazkin txartelak erostea zegokidan. Aurreztu beharra genuenez eta hegaldi merkeena Amsterdandik irteten zenez, hantxe hartu genuen hegazkina. Autobusez joan ginen hara, eta Amsterdandik Calcuttara. Handik Katmandurako hegazkinean ez zegoen denentzat lekurik. Trini Cornellana eta biok hantxe geratu ginen, hurrengo eguneko hegaldiaren zain», gogoratu du Garaioak. Gorabeherak gorabehera hemezortzi kideak iritsi ziren azkenean Katmandura: Gregorio Ariz, Pili Ganuza, Xabier Garaioa, Trini Cornellana, Javier Garreta, Mari Abrego, Pitxi Eguillor, Iñaki Aldaia, Agustin Setuain, Angel Irigoien, Jose Ignacio Ariz, Angel Martinez, Gerardo Plaza eta Javier Sorozabal nafarrak eta Jordi Pons, Ramon Bramona, Joan Massons eta Jordi Colomer katalanak.

Zama handiko espedizioa

Egungo espedizioen aldean astunak ziren ordukoak. «Etxetik dena eraman genuen, 7.000 kiloko pisua, denera: jatekoa, sokak, dendak, butanoak, garagardoa eta ardoa. Beheko kanpalekuan etxean bezain eroso egon nahi genuen», gogoratu du Arizek. Martxoan abiatu baino hiru hilabete lehenago itsasontziz bidali zuten Bartzelonatik Bombayra materialaren zati handiena, eta espediziokide bat urtarrilerako joan zen Indiara, hiru kamioietan material guztia bildu eta Nepalera eramateko.

Zazpi tonak beheko kanpalekura bidean jartzeko 250 zama eramaile kontratatu zituzten. «Oinutsik ibiltzen ziren, eta 21 rupia -garai hartako 26 pezeta- eta hiru zigarro irabazten zituzten eguneko, 30 kiloko zama sei edo zortzi orduz eramatearen truke», oroitu da Garaioa. Harreman estua egin zuten sherpa haietako askorekin. «Ang Ritak aurreneko zortzimilakoa izan zuen Dhaulagiri. Geroztik, Everest dozenatik gora aldiz igo zuen, eta beste hainbat mendi ere bai. Sonam Girmi sirdarra ere oso laguna egin genuen; hil egin zen, baina etxera gonbidatu izan gintuen. 1995ean Tibeten ginela, bazter batetik 'Hola, Pili' esan zion sherpa batek emazteari. Ez genuen ezagutu, Nima Dorje zen... Elkarri emandako besarkada betiko geratuko da», gogoratu ditu Arizek sherpekin bizitakoak.

Beheko kanpalekura iritsitakoan parez pare zuten Dhaulagiri erraldoia. «Ez zirudien zaila, azkar eta aise igoko genuela iruditu zitzaigun». Laster jabetu ziren usteak erdia ustel izaten duela: «Glaziarretan gora hasi ginenean jabetu ginen mendiaren handitasunaz. Pirinioei eta Alpeei neurria hartua genien, baina beste dimentsio bat du Himalayak. Ibili eta apenas egiten genuen aurrera; lan nekeza genuela ohartu ginen berehala». Kanpalekuak jartzeko eta zama igotzeko denbora asko behar zuten, «ez zuen antzekotasunik egungo espedizio arin eta azkarrekin».

Larruzko bota astunak, kranpoi zaharrak, jantzi teknikorik ez, ez eta Gore-Tex-ik ere... Nola aldatu diren garaiak. «Materialik onena generaman, baina zerikusirik ez zuen egungoarekin. Denboraren kontzeptua ere erabat aldatu da. Egun, telefonoz amonarekin hitz egin daiteke tontorretik bertatik. Eguraldi iragarpenen berri jasotzeko modua ere erabat aldatu da; guk zerura begiratzen genuen, eta 'eguraldi ona egingo duela dirudi' esaten. Egun, aldiz, eguraldi adituari deitzen diote zehaztasunez eguraldiaren berri izateko», hausnartu du Arizek.

Talde lanaren emaitza

Mendian gora mendiak berak jartzen du bakoitza bere lekuan, eta gailurrerako lehen ekinaldia indartsuenek egingo zutela erabakia zuten. Xabier Garaioa, Iñaki Aldaia, Gerardo Plaza, Jordi Pons eta Ang Rita sherpa geratu ziren 7.600 metroan jarritako dendatxoetan. Lehen saioa balekoa izan zen. Lo askorik egin gabe, goizeko ordu bata inguruan abiatu ziren gailur aldera. «Garbi esnatu zen eguna, haizerik batere gabe. Tipi-tapa, joan ginen gorantz. Garaiz samar heldu ginen tontorrera, eta gero azken kanpalekura itzuli ginen». Helburua lortua zuten.

Ariz beste talde batean zegoen, bigarren ekinaldi baten esperoan. «Ilusio handiz oroitzen dut gailurraren eguna, bizi-bizirik ditut sentimenduak. Ni neroni ez nintzen igo, baina igo banu bezala nengoen, talde lanaren emaitza izan zen». Mendizale batek igotzea zuten helburua, eta lau lagunek igo zuten. Arizek beheko kanpalekuarekin harremanetan jarrita izan zuen igoeraren berri. «Handik tontorra ikus zitekeen. Pili [Ganuza] eta Frantziako eta Suitzako espedizio bateko kideak ere bazeuden. Frantziarretako batek ohartarazi zuen Pili: 'Gailurrera iristen ari direnek behar dute izan zuenak, gurerik ez baitut ikusten han'. Sekulakoa izan zen, ederra eta hunkigarria».

Artean tontorrerako bigarren ekinaldia jotzeko zain zeuden Mari Abrego, Pitxi Eguillor, Trini Cornellana eta Agustin Setuain ere. Dhaulagiri igotzeko asmoa zuten. Sonam Girmi sirdarrak, ordea, laino beltzak zetozela eta denak behera jaisteko aholkua eman zion Ariz espedizioburuari. Jaramon egin zioten. «Eskerrak», oroitu dira biak. Biharamunean ekaitzak astindu zuen Dhaulagiri, eta mendian zeuden Frantziako espedizioko bi kide hil ziren. Ospakizunak ilundu zituen gertaera hark.

Espedizioa ez zen gailurrean bukatu. Nepaldik etxera bueltan harrera beroa egin zieten Iruñean mendizaleei, eta tontorrari liburu batek eta Javier Garretak hartutako irudiekin ekoitzitako filmak eman zioten segida. Omenaldiak, ongietorriak, festak... 30 urteren buruan ordukoak bizirik dirau oraindik ere. «Bitxia da, denborarekin omenaldi gehiago egin dizkigute, jendeak ez du Dhaulagiriko igoera hura ahantzi. Lehenengo zortzimilakoa izateak eman zion indarra, akaso. Guretzat ere polita da berritzea. Bakoitzak bere bidea hartzen du, eta ez gara espedizio hartan parte hartu genuenak elkartzen, baina galaren ondoren, afari baterako eguna jarri dugu, kontu zaharrak berritzeko».



############



«Ordukoa oroitzeko eta berritzeko gogoa ikusi diogu jende askori»

Urteurrenak izaten dira gertaerak gaurkotzeko garaia. Dhaulagiri79 espedizioak 2009an bete zituen 30 urte, eta ordukoa bizi-bizi dagoela diote espedizioa osatu zuten mendizaleek. Camille Extreme mendi lasterketarekin batera egin zieten lehenengo omenaldia, Izaban, eta Zangozan bigarrena. «Javier Garretaren filma ikusi genuen berriro, hunkigarria izan zen», dio Gregorio Arizek. Nafarroako federazioarena izan da omenaldietan azkena. «Hainbeste urteren ondoren interesik ez zuela izango uste genuen, baina jabetu gara jendeak gustuko duela ordukoa oroitzea. Guk ere gozatzen dugu». Urtebete geroago Martin Zabaletak eta besteek bezala, harrera hunkigarria eta beroa izan zuten Dhaulagiri79 espedizioko kideek etxera itzultzean.





############



© berria.info