berria.info

Inprimatzeko bertsioa

albistea inprimatu Inprimatu

AGENDA;2010-04-04;David Barbero. Antzerkigilea. «Momentu honetan politikari buruz oso iritzi txarra daukat». Hamaika antzerki lanen idalea da David Barbero, eta komunikazio alorrean eskarmentu handia duen gizona.





David Barbero. Antzerkigilea

Hamaika antzerki lanen idalea da David Barbero, eta komunikazio alorrean eskarmentu handia duen gizona. Bilbon aurkeztuko du bihar bere azken antzezlana, politikariei buruzko kritika satirikoa.

«Momentu honetan politikari buruz oso iritzi txarra daukat»

Adrian Garcia. Donostia

Bihar estreinatuko da David Barberoren (Grijalva, 1944)Vuelve bigotillo vuelve izenburudun antzezlana. Campos Eliseos antzokian ikusi ahal izango da bihar eta asteartean 20:00etan. Egoera politikoari buruzkoa bainoago, politikariei buruzko kabaret satirikoa da, kritikoa eta ironikoa. Abadiñoko Banarte Antzerki Taldea arduratuko da Barberoren ideiak taularatzeaz.

Zeri buruz koa da antzezlana?

Antzezlanaren ardatza, hain zuzen, Jose Maria Aznarrek eta Ana Botellak boterea eskuratu eta hura mantentzeko darabilten estrategian da. Ana Botella bere irakasle izandako Ama Martirio serora nagusiaz oroitzen da. Agintzeko gaitasun handia omen zuen moja horrek, eta, bigotea zuenez, agintean egoteko giltzarria bigote on bat izatean datzala sinetsarazten dio Botellak senarrari.

Orduan, Ana Botellaren irakasle hartan inspiratu zara obra idazteko?

Fikzioko pertsonaia da Ama Martirio, baina, bai, antzezlana bigote on baten garrantziaren inguruan garatzen da.

Zein beste politikari agertzen dira antzezlanean?

Espainiako politikagintzako eskuineko pertsonaiak agertzen dira batez ere. Fraga Iribarnek paper garrantzisua du, autoritario izaera asko puztua. Haren helburu ezkutua da muñeira dantzari onen gisa sartzea Guiness Errekor Liburuan. Politika kontuetan ibiltzeaz gain, Galiziako dantza tradizionala dantzatzen du Fragak. Horrez gain, Raxoik, Esperanza Agirrek eta Zapaterok ere protagonismoa dute.

Politikariak al dira agertzen diren pertsonaia bakarrak?

Politikariak ez direnen artean, bi mojek parte hartzen dute. Bat, lehen aipatu moja autoritarioa da, eta bestea moja ezkertiarra. Elizari ikuspuntu sozialistak proposatzen dizkio horrek, obsesionatua baitago Eliza katolikoari izaera sozialista ematearekin.

Euskal politikagintzako pertsonairik agertzen al da?

Ez, euskal arazoak islatuta agertzen badira ere, eta Aznarrek eta Botellak arazo horietaz pentsatzen dutena, ez dago inongo euskal politikako erreferentziarik.

Ba al da ondo agertzen den politikaririk?

Politikaren kritika gogorra da obra, eta ez da inor salbatzen hemen.Oker egon naiteke, baina momentu honetan polikari buruz dudan ideia oso txarra da. Politika, politikarien botere nahietara mugatzen delakoan nago, gizartearen arazoak konpontzen saiatu beharrean. Nire uste horietan oinarrituz politikariei buruzko kritika gogorra idatzi dut. Nahiz eta eskuinaldeko politikariak kritikatzen diren, batez ere, politikagintza guztira heda daiteke kritika hori.

Musikak leku handia du antzezlanean, zer dela eta da hori?

Musika asko erabiltzeko joera dut, antzerkigintzan elementu garrantzitsua dela baiteritzot. Ekintzari asko laguntzen dio, eta zenbait une dramatiko leuntzen laguntzen du. Obra honetan zuzeneko musika erabiltzen dugu.

Ikusleen aldetik nolako harrera espero duzu?

200 lagun ingururen aurrean egin genuen estreinaldi aurreko saioa, eta ikusleria askotarikoa izan arren ondo funtzionatu zuen obrak. Zuzendariak arintasuna eman dio, eta aktoreek bikain dihardute.



© berria.info