berria.info

Inprimatzeko bertsioa

albistea inprimatu Inprimatu

MUNDUA;2010-04-09;'De facto'-ko Gobernuak Konstituzio berria eta bozak agindu ditu Kirgizistanen. Kargutik kendutako presidenteak esan du ez duela dimitituko; nazioarteak, ordea, bizkarra eman dio





'De facto'-ko Gobernuak Konstituzio berria eta bozak agindu ditu Kirgizistanen

Kargutik kendutako presidenteak esan du ez duela dimitituko; nazioarteak, ordea, bizkarra eman dio

Ainara Rodriguez.

Kurmanbek Bakiev Kirgizistango presidente kargura eraman zuten berberak hura kargutik kendu eta behin-behineko gobernuari dagozkion neurriak hartzen hasi dira dagoeneko. Roza Otunbaieva de facto-ko presidenteak argi utzi du «herri gobernua» osatu nahi dutela, eta, horregatik, demokrazia berrezartzeko denbora besterik ez dutela igaroko agintean. Hala, Konstituzio berria eta sei hilabete barrurako hauteskundeak agindu ditu buruzagiak, herritarrek, libreki, euren gobernua hauta dezaten. Halaber, «egonkortasunera itzultzea eta bandalismoa saihestea» dituzte lehen egitekoak.

Horretarako armadaren babes osoa dutela ohartarazi du Otunbaievak, «nahiz eta besteek kontrakoa esan». Bakiev auzipetuko dutela ere gaineratu du, «manifestarien aurka gogor egiteagatik». Datu ofizialen arabera, dagoeneko 75 lagun hil dira eta mila inguru zauritu. Atzo bertan, artean tiroka jarraitzen zuten Parlamentu inguruan.

Bakieven patua

Uneotan, bada, bi presidente ditu Kirgizistanek; Otunbaieva neurriak hartzen hasi den bitartean, Bakievek esan du ez duela presidente karguan dimisioa emateko asmorik. Alabaina, onartu du egoerak eskuetatik ihes egin diola eta hura berreskuratzeko ahaleginetan diharduela orain. «Egoeraren larriari erreparatu diezaiotela eskatu nahi diot munduari». Nazioarteak, ordea, bizkar eman dio oraingoan Bakievi; Vladimir Putin Errusiako lehen ministroa «beharrezko giza laguntza» emateko prest agertu da Otunbaievarekin izandako elkarrizketan, «estatuburu baten eta gobernuburu baten artean» egindako solasaldian. Ameriketako Estatu Batuekin eskuz esku ari direla lanean diote errusiarrek, bertan duten base militarra -Manaskoa-babesteko xedez. NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Ban Ki-moonek, ordea, egoerari neurria hartzeko begirale berezia bidaliko dutela jakinarazi du.

Bien bitartean, Bakiev ez da inon ageri; Otunbaievak dio bere jatorriko herrian dagoela, Jalalabaden, hegoaldean. Erresistentzia mugimendua antolatzen dabilela uste du. Alarmak piztu ditu horrek, gerra zibila has litekeela eta; alta, Askar Akaievek ez du halakorik uste, «hegoaldea ez baitago Bakieven alde». 2005ean, Tulipen Iraultzan, Bakievek berak presidente kargutik kendu zuen Akaiev. Bakievek akabera bere ekinbidez lortu duela dio: «Nicolae Ceaucescuren antzerako patua izango du». Etorkizun beltza marraztu dio Bakievi, beraz, buruzagi errumaniarra hil egin zutela aintzat hartuta.



############



Independentziaren osteko joan-etorriak

1991. Kirgizistanek bere independentzia aldarrikatuko zuen, Sobiet Batasunak porrot egin ostean. Askar Akaiev izendatu zuten presidente.

1995. Presidente kargurako berraukeratu zuten Akaiev.

2002. Kurmanbek Bakiev lehen ministroa kargutik kendu zuten, manifestazio bortitzak izan ondoren.

2005. Tulipen Iraultza. Protesta jendetsuak egin zituzten ustelkeria eta iruzurraren aurka. Akaievek ihes egin ostean, Bakievek hartu zuen kargua.

2006. Konstituzioa onartu zuten Parlamentuan.

2009. Bakiev hautatu zuten berriz ere presidente.

2010eko apirila. Oposizioak Bakiev kargutik kendu eta botere guztiak hartu ditu bere gain.



############





############



Soslaia

Roza Otunbaieva

Bi presidenteren borrero zital

Kirgizistanen azken hogei urteetan izan diren bi presidenteen borrero bilakatu da Roza Otunbaieva, de facto-ko presidentea. 2005ean Tulipen Iraultza deiturikoan Askar Akaiev orduko presidentea kargutik kentzea lortu ostean, boterera eramandako Kurmanbek Bakiev presidentea garaitu du oraingoan; sega zorroztu batez baliatu ordez, baina, herriaren hauspoa izan du horretarako, batzuen ustez, Tulipen Iraultzaren bigarren fasean.

Ameriketako Estatu Batuetan eta Erresuma Batuan Kirgizistango enbaxadore izandako urteetan, nahikoa ospe bildu zuen Otunbaievak kirgizistandarren artean; bai, antza, herri matxinada bat gidatzeko lain. Bakievekin Atzerri ministro gisa eskuz esku aritu baldin bazen ere, berehalakoan hartu zuen haren asmoen usaina; bazterrean utzi zuen denbora gutxira, ustelkeria eta nepotismo akusazioak tarteko. Otunbaievak uste zuen, hala ere, bere garaian Akaiev trabatutako harri berean trabatuko zela Bakaiev. Politikara itzulita, bada, argi utzi du ez duela barkamenerako betarik utziko. A. R.





############



© berria.info