berria.info

Inprimatzeko bertsioa

albistea inprimatu Inprimatu

EUSKALHERRIA;2010-04-17;«Ohiko energiaren prezioarekin lehian hasiko dira berriztagarriak». Luc Werring. Energia iturri berriztagarrien erronkak eta onurak azaldu ditu Iruñean egun hauetan. Ziur da etorkizuna berriztagarrietan dagoela. Energia berriztagarrietan aditua





Luc Werring. Energia berriztagarrietan aditua

Energia iturri berriztagarrien erronkak eta onurak azaldu ditu Iruñean egun hauetan. Ziur da etorkizuna berriztagarrietan dagoela.

«Ohiko energiaren prezioarekin lehian hasiko dira berriztagarriak»

Naiara Elola. Iruñea

Energia berriztagarriak egungo energia sistemaren alternatibatzat dauzka Luc Werring (Amsterdam, 1950) Europako Batasuneko Energia Berriztagarrien Batzordeko zuzendari ohiak. Hala azaldu du azken egunetan Iruñean gai horren inguruan egin den mintegian. Ez du dudarik energia berriztagarriak beharren arabera garatuko direla. Horien bidea geldiezina dela esan du, nahiz eta egoera ekonomikoak zailtasunak sortu dizkien.

Europako Batasunak 2020rako kontsumitzen den energiaren %20k jatorri berriztagarria izatea nahi du. Helburu hori lortzen ari al da?

Europako Batasuneko kide diren herrialdeek egindako promesen arabera, litekeena da hainbatek eta hainbatek %20 baino gehiago ekoiztea. Beraz, agindutakoa betetzen badute, ezarritako helburua lortuko dugu. Dena den, esan behar da herrialde guztiek ez dutela helburu horren inguruan egoera bera. Ekialdekoek, esaterako, testuinguru ekonomikoa dela eta, arazo gehiago izango dituzte. Baina nabarmendu nahiko nituzke Alemaniak, Danimarkak eta Espainiak energia berriztagarrien alde martxan jarri dituzten politika aurrerakoiak.

Zer-nolako blakaera izan dute energia berriztagarriek azken hamarkadan?

Azpimarragarria iruditzen zait energia berriztagarriek izan duten bilakaera. Ikusten denez, gizartea kritikoa denean energiaren teknologiak gehiago egiten du aurrera, erreparatu besterik ez dago haize errotek izan duten bilakaerari. Bestalde, eguzki energiak datozen urteetan izango duen hazkundea ere nabarmentzekoa da. Hala, laster ohiko energiak merkatuan duen prezioarekin lehiatzen hasiko da energia berriztagarria.

Gaur egun zein energia berriztagarri dira eraginkorrenak?

Niri eraginkorrak denak izan daitezkeela iruditzen zait, baina erabilienak haizea eta biomasa dira. Azken hori da Europan gehien baliatzen dena energia berriztagarrien artean. Dena den, haizearen bitartez ekoizten den energiak goranzko joera du eta gauza bera gertatuko da eguzki energiarekin ere. Azken horrek potentzial handia izango du Mediterraneo itsasoaren inguruan dauden herrialdeetan.

Etorkizunean zein izan liteke energia lortzeko biderik egokiena?

Erregai fosiletan jatorria duen energia benetan garestia da. Beraz, hemendik denbora gutxira alboratu egin beharko da. Hala, merkatuko eskaerari esker energia berriztagarriak lehiakorragoak izango dira eta joera hori areagotuz joango da. Baina, horretarako, ezinbestekoa da gobernuek energia berriztagarria bigarren mailako energia dela pentsatzeari uztea.

Ezagutzen duzu hemen Nafarroako Gobernuak energi berriztagarrien inguruan azken urteetan martxan jarri dituen politikak?

Ez ditut zehazki ezagutzen politika horiek, baina emaitzak ikusi ditut egun hauetan, eta izugarriak iruditu zaizkit. Nafarroa energia berriztagarrien arloan Europako lurralderik aurreratuenetakoa dela deritzot.

Hainbatek haize errotak kritikatzen dituzte, hegaztiak hiltzen dituztela argudiatuta. Zer iritzi duzu?

Ikerketa ugari irakurri ditut haize erroten eta hegaztien inguruan. Orokorrean ikerketa horien arabera, haize errotak benetan seguruak dira. Normalean hegaztiak haize erroten hegalen aurka egiten dute talka, baina gauza bera gertatzen zaie eraikinekin ere. Beraz, hegaztien heriotzak ez du haize errotaren mugimenduarekin zerikusirik. Azken finean, jendearen pertzeptzioan dago gakoa. Egin litekeena da haize erroten kokalekua hegaztien migrazio eremutik urrun jarri, horien heriotza ahal den neurrian behintzat saihesteko. Hala ere, gai hori gehiegi puzten dela iruditzen zait.

Egun elektrizitatea ezinbestekoa da bizitzeko. Behar baino energia gehiago xahutzen da?

Argi utzi behar da egun baliatzen dugun elektrizitatea baino gutxiago behar dugula. Energia arloan lanean aritzen garenok berebiziko garrantzia ematen diogu energiaren eraginkortasunari. Egoera globalari erreparatzen badiogu, isurtzen den CO2aren erdiak baino gehiagok energiaren ekoizpenean du jatorria. Beraz, energia erabiltzerakoan, gehiago pentsatu beharko genuke.

Zein egiteko dute energia berriztagarriek energiaren eraginkortasunean?

Ez dut uste berriztagarrien zeregina denik eraginkortasuna. Izatekotan, zeregin osagarria litzateke. Erabiltzen den energia murriztu egin behar da. Ezinbestekoa da energia eraginkortasuna lortzeko kontsumitzaileen eta ekoizleen elkarlana.

Euskal Herrian abiadura handiko trena jartzekotan dira, energia eraginkor baliatzeko modu eraginkorra dela iruditzen zaizu?

Egiazki, bai. Abiadura handiko trena hegazkinaren alternatiba izango da, hori espero dut behintzat. Beraz, AHTa, energiari dagokionez, hegazkina baino eraginkorragoa da. 260 kilometroko abiadura hartzen duen garraiobidea aukera egokia izan daiteke. Hala ere, herritarrek bidaiatzeko AHTa hauta dezaten politikak jarri behar dira martxan, prezioak murrizteko besteak beste. Gainera, distantzia motzetan hegazkina erabilita, energia alferrik gastatzen da.

Tren laster hauek mugitu ahal izateko energia ekoizten duten guneak behar dira. Posible izango litzateke energia hori berriztagarrien bitartez mugitzea?

Egia esan, Nafarroan dagoenarekin ezin da abiadura handiko trenak behar duen elektrizitatea inolaz ere ekoitzi. Hala ere, beharrezko inbertsioak eginda, posible izango litzateke Nafarroako AHTa energia berriztagarrien bitartez ekoitzitako elektrizitatearekin mugitzea. Egun bide hori garestia da. Beraz, litekeena da gobernuak beste era bateko energia baten alde egitea. Hala ere, argi izan trena dela etorkizuna; izan ere, garraioak elektrifikatzeko joera nagusitzen ari da mundu osoan, erregai fosilak egunen batean bukatu egingo direlako.



© berria.info