berria.info

Inprimatzeko bertsioa

albistea inprimatu Inprimatu

TARTEA;2010-05-12;ZIBERGELA. Webgunea. Erbestea ezagutzeko. 'Hamaikabide.org'











Webgunea



'Hamaikabide.org'



Erbestea ezagutzeko



Hamaika Bide elkartearen webgunea ez da nolanahikoa. «Euskal erbesteen kultura» esaten diote Hamaika Bide elkartekoek. Hamaika Bide elkartea 2000. urtean sortu zen Euskal Herrian erbestera joandakoek euskal kultura berreskuratzeko egiten duten lana bultzatzeko, eta azken urteetan lan horiek euren webgunean jaso dituzte: www.hamaikabide.org.



Euskarazko eta gaztelerazko testuak irakur daitezke, eta azken edukiak joan den negukoak dira. Hala ere, albisteetan baino gehiago dokumentazio iturri gisa duen balioa nabarmentzen da Hamaika Bide elkartearen webgunean. Esate baterako, biografien atalean, erbestean nabarmendu diren zenbait pertsonen bizitza jasotzen du webguneak, alderdi politikoak alde batera utziz eta ideologia zehatz batean oinarritu gabe.



Testigantzen atalean, berriz, erbesteko protagonista horien lekukotzak jasotzen dira, ezagunak batzuk eta anonimoak besteak. Ondorengoa da, adibidez, I'ko bakartiya izenarekin Euzko Deya La Voix des Basques egunkarian 1938ko irailaren 11n olerkigile anonimo batek idatzitako olerkiaren lehen paragrafoa, webgunean argitaratu dutena:







Gabero amets txarrak, esna oberik ez




ni beti ametsean egunez ta gabez.




Erbesteko egunak, atzerriko gabak:




biyotzak bai minbera, ta ameskor burubak!




Hemeroteka eta aipamenen saila ere badu www.hamaikabide.org-ek. Erbestera joan zirenen egitasmo eta pentsaerei buruzko informazioa eskaintzen du. Mikel Rodriguez eta Jose Ramon Zabala irakasleen zenbait lan ere badaude webgunean, Datos para la historia atalean.







© berria.info