berria.info

Inprimatzeko bertsioa

albistea inprimatu Inprimatu

AGENDA;2010-05-25;Film kritika. Morrontzarik gabe





Film kritika

Morrontzarik gabe

Gontzal Agote

Euskal zinemaren -euskaraz filmatzen denaren, alegia- azken urteotako loraldi berriak telebistarekiko gehiegizko morrontza izan du orain artean trabarik nagusietakoa. Alde generikotik -sitcom gisako komediek izan dute erabateko nagusitasuna- zein estilistikotik -telebista sailetan erabili ohi diren baliabideak eta errekurtsoak pantaila handira bere horretan eraman izan dira askotan-, euskaraz egindako zinema telebistaren zilbor-hestearekin ito samar agertu izan da.

Alde horretatik, 80 egunean aurrerapauso garrantzitsua da, mugarri txiki bat gure zinemaren historia labur eta pobrean. Tele-dependentzia hori guztiz desagertu ez bada ere, oso txalogarria da Garañok eta Goenagak hizkera zinematografiko propioa bilatzeko egin duten ahalegina. Istorioa, pertsonaiak eta egoera gehientsuenak zinematografikoak dira guztiz.

Komediaren morrontzatik ere ihes egin du filmak. Ukitu komiko batzuk izan badira, baina horiek zuzendariak lortu nahi izan duten samurtasun giroarekin daude lotuta, ez dituzte erabili ikusleen berehalako konplizitate (iragankorra) lortzeko. Drama izan gabe, sentimenduetan oinarritutako film gazi-gozoa egiten asmatu dute.

«Euskal» izatearen morrontzatik ere nahiko libre agertzen da 80 egunean. Gurean girotutako pelikula, bai; era berean, oso istorio unibertsala. Ez da, ez, homosexualitatearen inguruko pelikula bat. Gizarte batek oso denbora gutxian nozitu dituen aldaketa sozial eta moral handiak daude filmean; esfortzu handiegirik egin gabe egoeretako asko norberaren inguru hurbilera ekartzen ahal dira.

Horrekin batera, harremanen mundua dago, aberastasun femeninotik emana. Adin mugaren gainetik bizirik segitzeko, oskolean ez hiltzeko, motibazio berriak bilatzeko aldarria egiten du filmak.

Morrontza horiek bazter utzita, orain arte egin direnak baino libreago, osoago agertzen da 80 egunean, eta protagonisten arteko intimismoan hobeto funtzionatzen du.

Aspaldian literaturan egindako bide bera egiten ari da poliki-poliki euskal zinema, mota guztietako egoera eta arazoak islatzen ahal duen berezko lengoaia bat eraikitze aldera. Dagoeneko euskara ez da helburua, bidea da, mundua ikusteko eta erakusteko tresna. Film honek irekitako bidetik segituz gero, aurrerantzean edozein generotara hurbiltzen ahal da euskal zinema. Batere morrontza eta konplexurik gabe.





############



80 egunean

D. Euskal Herria, 2010. Zuz.: Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga. Akt.: Itziar Aizpuru, Mariasun Pagoaga, Jose Ramon Argoitia, Zorion Egileor, Ane Gabarain. 105 min.

Gasteiz (Florida), Bilbo (Multi, Capitol), Barakaldo (Max Ocio), Getxo (Lauren), Donostia (Antiguo Berri, Principe), Errenteria (Niessen), Irun (Txingudi), Iruñea (Golem Baiona), Uharte (Itaroa).





############





© berria.info