berria.info

Inprimatzeko bertsioa

albistea inprimatu Inprimatu

KULTURA;2010-06-13;LITERATURA. Haur eta gazte literatura





Haur eta gazte literatura

IMANOL MERCERO



############



Panfletorik gabeko kritika soziala

Azkenean iritsi zaigu heroi baserritarraren beste abentura bat. Oraingoan gurasoekin hipermerkatura joango da eta bertan aurrez aurre jarriko dira bi mundu antagonista: paradisu menditarra eta azalera handiko saltokia, berdea eta grisa.

Gure heroi txiki-handi hau ezagutzeko zortea ez dutenei esango diegu aurretik Pottokoren bost abentura idatzi dituela Pello Añorgak: Pottoko (1984), Pottokoren usainak (1985), Pottokoren izeba Juanita (1986), Pottoko tripontzia (1999) eta Pottokoren otsoa (2000). Pottoko baserrian bizi da, amarekin, aitarekin, oiloekin, zerriekin, ardiekin, ahuntzekin eta behiekin. Bereziki behiekin. Zeren Xordo, Xurdo, Arrio, Errape eta Beltxa behiak baitira Pottokorekin ordu gehien pasatzen duten lagunak. Zer izango ote zen Pottokoz haiek gabe!

Aurreko abenturetan bere gose aseezinaren berri izan genuen, baita ere herria bonbardatzean izandako gorabeherak, otsoak dominatzeko daukan trebezia eta beste kontu asko. Guztietan Pottokok zein mutiko bizkorra eta eskuzabala den erakutsi digu, eta honegatik ezagutzen duten guztiek maite dute, nahiz eta alimaleko behi usaina eduki!

Oraingo honetan Añorgak Pottoko hirira jaitsi du, gaur egungo errealitatearekin aurrez aurre jarri eta gure gizartean nagusi den bizi joera batean murgiltzeko, saltoki erraldoietan galtzeko. Izan ere, erosketak egiteko eguna iritsi da Pottokoren baserrira eta han doaz mendian behera traktorean hirurak, ama bolantean, aita atzean eta Pottoko gurdian. Eta errepidean lehen istiluak: ez dira hasi ba keinuka, bozina joaz? «Txoronpioak!», esan die Pottokok, «Nora zoazte hain azkar? Txoro putzak!». Ez baita isilik gelditzen den horietakoa Pottoko. Aparkatu eta sarrerara: Hipermerkatu Elefante. Han eskailera mekanikoak ikusi ditu Pottokok eta bai gustatu ere! Handik ezin mugitu mutikoa. Hain gustura ikusi dute gurasoek bertan itxaroteko esan diotela. Berehala datozela erosketak eginda.

Baina ezin. Azkenerako aspertu egin da eta gauzak ikusten hasi da. Hau ikusi bestea ikusi, gero eta barrurago sartu da labirinto hartan. Eta, jakina, galdu egin da.

Pottoko haur bihurria da, mugitua, xaloa, jakin-minez betea, maleziarik gabea. Pottokok ez du gaiztakeriarik egin nahi, arauak errespetatu nahi ditu eta honegatik informazio-gunera joan nahi du, hipermerkatuan zabiltzala arazo bat sortzen bazaizu hara joan behar dela esan diotelako. Eta Pottokori dirua lapurtu dio andre batek. Bai horixe. Hamar eurokoa eskutan zeraman Pottokok eta ez si eta ez no eskutik kendu eta ihesean joan zaio. Eta Pottoko haserretu egin da «kaka, kaka ustela! (...) Lapurrak, hemen denak lapurrak!», esan du. Eta inguruan zeudenek Informazio-gunera joateko esan diote, han emango diotela laguntza.

Baina polizia ikusi duenean informazio-gunean ez da hasi ba «hau duk lapurra!» oihukatzen? Pottoko gaixoa, beldurra sartu eta korrika hasi da dendan barrena. Harrapatuko ote dute? Nola amaituko ote da dena?

Bederatzi ataletan banatutako narrazio luze honek ederki uztartzen ditu barrea, abentura eta kritika soziala, panfletoetan erori gabe, literatura eginez eta haurren libertimendua bilatuz.



############





############



'POTTOKO HIPERMERKATUAN'

Egilea: Pello Añorga.

Ilustrazioak: Jokin Mitxelena.

Argitaletxea: Elkar.





############



© berria.info