berria.info

Inprimatzeko bertsioa

albistea inprimatu Inprimatu

TARTEA;2010-09-12;EZARIAN. ESPELEOLOGIA. Lur azpiko iluna, argira. Ateak publikoari ireki dizkio La Verna leizeak uztailean; munduko leize zulo handienetako bat da, eta Santa Grazin (Zuberoa) dauka sarrera. Argindarra ekoizteko eraiki 660 metroko tuneletik sartzen da bertara. Michel Letrone. Harpe ikertzailea





Ateak publikoari ireki dizkio La Verna leizeak uztailean; munduko leize zulo handienetako bat da, eta Santa Grazin (Zuberoa) dauka sarrera. Argindarra ekoizteko eraiki 660 metroko tuneletik sartzen da bertara.

Lur azpiko iluna, argira

Nora Arbelbide. Santa Grazi

Nolakoa da lurraren azal azpikoa? Odola gorria ote du? Bero egiten ote du azpi horietan? Santa Grazin (Zuberoa) galdera horiei eta beste anitzei erantzun hasiera batzuk atzemateko aukera aurkitu dezake publiko zabalak. Non, eta munduko hamargarren leize zulo handiena den La Vernan. Joan den uztailaren lehenetik publiko zabalari irekia da gunea. Esperientzia gabekoentzat, zein espeleologia eta eskalada gustukoa dutenentzat, guztiei egokitu bisitak proposatzen dituzte bertan.

Hori bai, bata izan ala bestea, mendiko botak eta berokia ez ahantzi izana eskertzen da La Vernara heltzeko eraiki 660 metroko tunelera sartzean. Tuneleko atea ireki bezain laster haize hotzaren mugimendu indartsuaren inarrosaldiak egiten du lehen ongietorria. Atea hetsi, eta lasaitzen da haizea, baina hotza ez. 6 gradu baizik ez dira. Eta hezedura %98koa denez, horrek handitzen du oraindik freskotasun sentipena. Bestela, 660 metroko ibilbideak ez du klaustrofobiarik sortzen. Zabala eta gora da, eta argiak dauzka bazter guztietan. Lan handia izan zuten horren zulatzeko. Badira ere bihurgune eta bide gurutze batzuk. Zuloaren egileek noiztenka dudatu baitzuten, eta ez zuten beti asmatu nondik pasatu.

Eta azkenean heltzen da salara. Hasiera batean, ezin deus berezirik sentitu. Dena ilun, dena beltz. Argi antolaketa berezi bat egina dute ilun horri gaina hartzeko. Emeki-emeki pizten dira argiak, espazioa marraztuz. Sentipen bitxien artean, bizi presentzia ezarena ere bada. Ez saguzarrik, ez beste ihizirik. Baina bizia bada. Intsektu batzuk badira, kolorerik gabeko batzuk, argirik gabe bizitzeko gai direnak. Bisitei baita piztu argiei esker, goroldi doi bat ere hasia da agertzen bazterretan.

Begiak itsu, belarriak erne. Hezeduraren oinarri, ur turrusta entzun daiteke ezkerraldean, espazioari indar berri bat ematen diona. Aitzinetako egunen arabera turrusta hertsia izan daiteke, baina baita biziki zabala ere.

Hedaduraz ohartzeko kontu adierazgarriena, zolan dauden pertsona formak dira. Begiek txiki-txikiak ikusten dituzte, eta, alta, 1,80 metrokoak dira. Oihuak botatzea ere proposatzen du bisiten gidariak, oihartzunek barnatasunaz ohatzen lagunduko duelakoan. Dena dela, leizea hain handia da, non eta begia txikiegia gelditzen den handitasun horretaz ohartzeko. Halere, denborarekin begia usatzen hasten da, baina ohartu orduko bisita bururatzen hasten da. Oren bateko bisita da. Jakinez, hamar minutuz ibili behar dela bertaratzeko, eta beste hamar hortik ateratzeko. Gune turistikoen alde txarra, agian. Egunean 220 eta 240 turista artean errezibitzeko antolatua dute lekua. Bisita bakoitzean 30 bat biltzen dira, gehienez. Uztailean 2.500 bat bisitari izan zituzten, agorrilean milako bat gehiago. Helburua apiriletik azarora doan sasoian 15.000 bisitari erakartzea dute, gehienez, bisitak antolatzen dituen enpresako Jean-François Godart zuzendariak erranik. Konparazione, hortik hurbil den Kakuetako arroilak 55.000 bisitari ditu urte bakoitzean. La Vernaren kasuan, ez dute horrelakorik nahi izan. Hori bai, aspalditik izan da gunearen bisitarazteko gogoa. Baina orain arte pentsatu proiektuak ez ziren egingarriak.

Argindarraren haritik

Ur turrustari esker sortu argindarra dago proiektu turistikoaren oinarrian. Luzaz sartze bakarra izan zuen La Verna salak. Lepineux leizeko bera, eta harpe ikerlari puntakoentzat bakarrik eskuragarri. 1960an, haatik, EDF elektrizitate ekoizlea tunelaren eraikitzen hasi zen, galeriak zeharkatzen dituen turrustara heltzeko asmoz. Baina egin eta bertan behera utzi zuen proiektua, ura ezin baitzuen eskuratu. Harpe ikertzaileek bakarrik zuten erabili 2.000 urtea arte. 2001ean GDF-Suezen adarra den SHEMek proiektua berriz abiarazi zuen. Tunela berriztatu eta lortu zuen metro kubo bat ur kanalizatzea. Santa Graziko zentral elektrikoa elikatzen du ur horrek. 2008an zuten jarri zentrala martxan. 14,6Gwh ekoizten du zentralak, hau da, 2.920 etxeek kontsumitzen dutena. Ekoizpena baino haratago, GDF-Suez taldeak berak La Verna sala bere irudiaren promoziorako erabiltzen du. Bezeroei bisitak eskainiz, ingurumena errespetatzen duen irudi baten osatzeko balio dio proiektuak.

Argindarraz gain, dirua ekartzen du ur horrek. GDF-Suez taldeak leizea hunkitzen dituen Santa Grazi eta Biarnoko Aramits eta Areta herriek sortu sindikatuari ordaintzen du ekoizteko eskubidea. Diru hori inbertituz sortu ahal izan dute milioi bat euroko proiektu turistikoa, hain justu. Horri esker eraiki ahal izan dute, besteak beste, harrera gunea baita salaren barnak argitzeko argi jokoa.



############



La Verna bisitatzeko alde praktikoa:

Bisitak proposatzen dituen Arrakotxepia harrera gunera heltzeko: Santa Grazitik goiti segi. Kakuetako arroilako parkinga bazterrean utzirik, beti segi, Santa Grazira sartu, eta 400 metrora dago.

Euskararik ez: Bisitak frantsesez edo gazteleraz komentaturik proposatzen dituzte, baina ez dute euskaraz dakien langilerik.

Noiz: Apirilaren 15etik azaroaren 15era, egun guztiz, 09:00etatik 18:00etara arte. Taldean ala bakarka.

Prezioak eta bisita aukerak: 14,5 euro balio du bisitak, autobusa barne. Oinez igotzen denarentzat -2 oreneko ibilbidea da, eta auto pertsonalentzat pista debekatua da-, bista arrunta 14 urtetik goiti, 8,5 euro. 5 urtetatik goiti: 5,5 euro. Leizea aurkitu zutenen ibilbidea ezagutzeko aukera ematen duen formula proposatzen dute. 3 oreneko ibilbidea. Harpe ikerkuntza eta eskalada egiteko aukera ematen duen formula ere badago, 5 orenetakoa. Ikastetxeentzat egokitzapen bereziak ere eskaintzen dituzte.

Materiala: Bisita arrunt batentzat ere berokia eta mendiko zapatak ez dira ahantzi behar, urte osoan hotz egiten baitu, nahiz eta kanpoan uda izan. 6 gradu banaz beste.

Webgunea: www.laverna.fr

Telefono zenbakia: (0033) 637-88 29 05



############





############



Michel Letrone. Harpe ikertzailea

La Verna leizean sartu eta lekua topografiatu zuten lehen bost harpe ikertzaileetako bat izan zen Letrone 1953ko agorrilean. Lyongo (Frantzia) hiritarrak oraindik ongi gogoan du memento hura.

«Uste ukan genuen kanpoan ginela, baina ez zegoen izarrik»

Nora Arbelbide. Baiona

Daniel Epelly eta Georges Balandraux adiskideekin Lyon hiriko harpe ikertzaileen klubeko kide zen Letrone. La Verna izena zuen klubak. Hortik dator harpearen izena. Harpe ikerketarako pasio handia dauka Letronek, eta berriki arte segitu du horretan, nahiz eta 77 urte izan. Pasio baten gisa bizi izan du, kirola eta zientziak elkartzen dizkiona. Harpea aurkitu zutenetik ez da kasik behin ere gehiago etortzen Euskal Herrira. Azken aldia, harpea publikoari ireki izana ospatzeko gonbidatu zutelarik izan zuen.

Nolaz lyondarrak Santa Grazin?

1951ko larrazkenean, Norbert Casteret harpe ikertzaile eta idazleak mintzaldi bat eman zuen Marcel Loubens espeleologoarekin batera. Jakin beharra da Castereten liburuek harpe ikerkuntzaren pasio anitz sortu zituztela. San Martingo Harrian egin zituzten aurkikuntzak aipatu zituzten. Mintzaldia bururatu eta, haiengana joan ginen abisatzeko guk ere San Martingo Harrira joan nahi genuela.

Zergatik San Martingo Harria? Orduan jada leku famatua zen?

Bai, justuki. Casteretek esplikatu zigun gune interesgarria zela, leize izugarri baten atarian zeudela sentitzen zutelako. Georges Lepineux-ek aurkitua zuen lehen sarrera. Belamika bat ikusi zuen hegaldaka. Alta, txori horrek barnatasuna behar du airatzeko. Hor ohartu zen bazela zerbait. 1952an igo ginen hara, eta hangoek harriturik hartu zuten gure bisita. Ez zakiten zer egin gurekin. Espedizio inportanta antolatua zuten jada, baina gu gabe. Beste leize batera bidali gintuzten. Lurraren azpitik 100 metrora jaisteko hiru eguneko espedizio bat egin berri zuten han. Gu hara joan, eta ehun metroko hiru putzu tresnatu genituen egun bakarrean. Emaitza horrek harritu zituen. Hortik gutxira erori zen Loubensek Lepineux leizetik. Gure taldea bakarrik zen gai orduan, gizona zulotik ateratzeko. Guk zurubiak erabiltzen genituen, eta ez gindaxak, orduan egiten zen bezala. Jaitsi eta Loubens berriz igotzeko prest ginen, baina orduan zen hil. Halere, gorputza berriz igan nahi genuen. Baina espedizioko arduradunek dena bertan behera uzteko eskatu ziguten. Eta gure materiala ere hor utzi behar izan genuen, uste baitzuten lanjerosa zela. Negu osoan hor egon zen materiala eta dena suntsitu zen.

1953ko udan berriz itzuli zineten, eta orduan aurkitu zenuten La Verna...

Gure materiala guztia galarazirik, doi bat damutu ziren arduradunak, eta berriz gonbidatu gintuzten orduan. Lyondik etorri hirukoteak xede bakarra genuen. Ahal bezain urrun joan nahi genuen zulotik barna, eta ahal bezain laster. Gure iduriko, talde nagusiek emekiegi aitzinarazten zituen aurkikuntzak, suspensea ahal bezain luzaz atxikitzeko. Baina guri hori ez zitzaigu interesatzen.

Nola iragan zen La Verna lehen aldiz ikusi zenuten egun hura?

Hiru egun iraun zuen espedizioak. Georges Lepineux eta Jacques Theodor etorri ziren gurekin. Bi aldiz kanpatu genuen barne horietan. Jateko, zikinkeria arinak genituen, laboreak edo beste. Bizirik irauteko ematen zuen gutxienekoa genuen. Nahiago genuen materiala eraman gurekin janaria baino. Eta halako batean, La Verna salara iritsi ginen.

Zer inpresio izan zenuen sala horretara heltzerakoan?

Uste ukan genuen kanpoan ginela. Ez genuen deus ikusten gainean, deus azpian, deus ezker, deus eskuin. Baina, bistan dena, ez zegoen izarrik. Behereraino jaitsi ginen, eta orduan ohartu ginen alimaleko sala zela.

Segituan sentitu zenuten aurkikuntza berezia zela?

Garaian ez genuen ezagutzen handiagorik. Eta gainera, egin topografiak erakusten zuen leizearen barnatasuna munduko errekorra zela, 735 metrorekin.

Zer ekarri dizu aurkikuntza horrek?

Ni, gertakari horretatik laster, zerbitzu militarra egitera joan nintzen itsas-gudari gisa. Konpainiako kapitainak nire izena entzutean, galdetu zidan nire aita izan ote zen errekorra egin zuena. Eta nik, ezetz, ni izan nintzela. Norbait bilakatu nintzen, eta horretaz baliatu nintzen; nire zerbitzu militarra Cousteaurekin egitea eskatu nuen, itsas azpien ikerketan. Baimena eman zidaten, eta, ondorioz, 18 hilabetez munduan gaindi ibili nintzen horretan. Gero ezkondu nintzen, eta bidez aldatu nuen arrunt. Zetarekin lan egin nuen. Espeleologia pasio gisa segitu nuen. Duela sei urte gelditu nintzen lur azpira sartzen, adinagatik.





############



© berria.info