berria.info

Inprimatzeko bertsioa

albistea inprimatu Inprimatu

KULTURA;2013-09-26;Bizitzaren gazi-gozoak




2013-09-26


Donostiako 61. Zinemaldia. Zinemira. Kritika


Bizitzaren gazi-gozoak


Beņat Eizagirre Indo





'Amaren eskuak'

Zuzendaria: Mireia Gabilondo. Aktoreak: Ainara Gurrutxaga, Loli Astoreka, Esther Remiro, Mark Schardan, Aroa Madurga, Naia Madurga, Naiara Arnedo, Mikel Tello. Herrialdea: Euskal Herria. Iraupena: 94 minutu.

Karmele Jaioren Amaren eskuak eleberri ezaguna zinemara moldatu du Mireia Gabilondok, eta Zinemira sailean ikusi ahal izan da lehendabizikoz. Aurtengo edizioan ikus daitekeen euskarazko fikziozko film luze bakarra da, eta ez du hutsik egiten. Film eder askoa dela aitortu behar da; gogoangarria, hain zuzen. Emaitza aparta da; hortaz, egileak proiektuarekin bete-betean asmatu duela esan dezakegu, nabarmentzea merezi duen lana baita, zinez.

Egungo mundua primeran islatzen duen istorioa da, eta dotoreziaz filmatuta dago. Lengoaia zinematografikoari dagokionez, ez du berritasunik proposatzen, baina forma aldetik konbentzionala den arren, nabari da ofizio handiko profesionalek egina dela. Eraginkorra da, eta, horrenbestez, istorioak ikuslea harrapatzea lortzen du interesa amaierara arte mantentzen baitu. Xehetasunek garrantzi handia dutela begi bistakoa da, eta irudi bakar batekin publikoari dena helaraztea lortzen du. Keinuek dena esaten digute, eta elkarrizketak maila handikoak dira. Gainera, hizkuntza desberdinen erabilera naturaltasun handiz eta egokiro ematen da, eta hori eskertzekoa da. Beste zenbait euskal filmi sinesgarritasuna trabatu egiten zaie hizkuntzen erabilera traketsagatik, baina, kasu honetan, ez da gertatzen halakorik.

Bestalde, aktoreen lana txalotzeko modukoa da, baina argi dago Ainara Gurrutxagaren antzezpenak emango duela zeresan gehien; egundoko lana burutu duela ukaezina da. Lehen esan bezala, egungo munduaren inguruan mintzatzen da, eta, horretarako, filmak Nerearen egunerokotasunean ipintzen du arreta. Nereak lana eta etxeko kontuak uztartzeko arazoak ditu; mundua azkarregi doa, eta ezinezkoa zaio erritmoa jarraitzea. Egunerokotasunaren esklabotza gogorra da oso, eta zurrunbilo horretan harrapatuta dagoenak ahaztu egin dezake zer den garrantzitsuena. Etengabe gogorarazi behar zaigu bizitza zer den, oharkabean zoriontasunak ihes egiten baitigu.

Laburbilduz, film polita da, eta, amaitzeko, esan nahi nuke iraganeko eszenak zoragarriak direla.










© berria.info