Zinemagintzan egindako ibilbidearen Ā«interes nabarmenaĀ» saritu du Eusko Ikaskuntzak" />

Berria.eus

Osteguna, 2014ko abuztuak 28 - 01:00

KULTURA;2009-04-21;Manuel Lekuona saria jasoko du gaur Montxo Armendariz zuzendariak. Zinemagintzan egindako ibilbidearen «interes nabarmena» saritu du Eusko Ikaskuntzak

Manuel Lekuona saria jasoko du gaur Montxo Armendariz zuzendariak

Zinemagintzan egindako ibilbidearen «interes nabarmena» saritu du Eusko Ikaskuntzak

Erredakzioa.

Donostia

Ikuspuntu dokumentalarekin filmatu zuen Montxo Armendarizek (Olleta, Nafarroa, 1949) Nafarroako ikazkinen inguruko Tasio, lehen film luzea, duela 25 urte. Fikzioaren bidez, errealitateari atxikitako gaiak jorratu ditu ordutik zinema zuzendariak. Gaur, Eusko Ikaskuntzak banatzen duen Manuel Lekuona saria jasoko du, egindako ibilbide profesionalaren «interes nabarmena» dela eta.

Secretos del corazón lanarekin heldu zitzaion nazioarteko ospea, Berlinalen Europako film onenari saria jaso baitzuen, eta geroago Oscar sarietarako hautagai ere izan zen.

Aurretik, baina, lan arrakastatsuak ondu zituen zuzendari nafarrak. 1986an 27 horas filmak Zilarrezko Maskorra eskuratu zuen Donostiako Zinemaldian, eta 1990ean Las cartas de Alou lanarekin sari bera eraman zuen. Film horrekin gidoi onenaren Espainiako Goya saria ere irabazi zuen. 90eko hamarkadako gazteen erretratu gordina egin zuen Historias del Kronen filmean (1995). Aurretik ez bezalako arrakasta lortzeaz gain, kritikaren eta lankideen oniritzia jaso zuen, baita bigarren Goya saria ere.

Oscarretarako hautagai izan ondoren, Silencio roto (2001), La guerrilla de la memoria (2002), Escenario móvil (2004) eta Obaba (2005) lanak zuzendu ditu. Azken hori Bernardo Atxagaren Obabakoak liburuaren moldaketa da.

Kutsu errealista

Nekez topatu daiteke Armendarizen filmografian errealitatetik ihes egiten duen lanik. Istorioak harilkatzeko «errealitatean inspiratzen» dela aitortu du. Estilo horrek «gehiago seduzitzen» duela dio, eta «errazago» suertatzen zaiola.

Eusko Ikaskuntzak 25 urtez banatu du Manuel Lekuona saria, euskal kulturan eragina izan duten pertsona esanguratsuen lana nabarmentzeko. Armendarizen aurretik, Sabin Salaberri musikariak, Mentxu Gal margolariak edota Jean Haritxelhar euskaltzainak jaso dute, besteak beste.

Albisterik...

Irakurrienak

Bozkatuenak

Irakurrienak

 

 

 

 

 

© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia