Ustekabe ugari zituen gordeta Gipuzkoa eta Arabaren arteko iraganbide zaharrak; toki ederra behar bezala ezagutu eta ezagutarazteko lanak hasi dira fruituak ematen." />

Berria.eus

Larunbata, 2014ko uztailak 26 - 11:07

tartea;2009-06-23;Lizarrate, iraganerako pasabidea. Ustekabe ugari zituen gordeta Gipuzkoa eta Arabaren arteko iraganbide zaharrak; toki ederra behar bezala ezagutu eta ezagutarazteko lanak hasi dira fruituak ematen.

Ustekabe ugari zituen gordeta Gipuzkoa eta Arabaren arteko iraganbide zaharrak; toki ederra behar bezala ezagutu eta ezagutarazteko lanak hasi dira fruituak ematen.

Lizarrate, iraganerako pasabidea

Irune Lasa.

Zegama

San Adrian izenarekin da ezaguna pasabidea, baina Lizarrate da jatorriz. Gipuzkoaren eta Arabaren arteko ate nagusia izan zen hainbat mendetan, eta horkoa da Gipuzkoako irudirik zaharrena: 1567. urtean Giorgio Houfnagliok egindako grabatua. Baina ezaguna izanagatik, pasabidearen historia eta erabilerari buruz asko zegoen jakiteko. Zeregin hori hartu zuen iaz bere gain Aranzadi elkarteak, Gipuzkoako Aldundiaren, Aizkorri-Aratz natur parkearen eta Gipuzkoako eta Arabako Partzuergoaren enkarguz.

«Ustekabe handia izan da», azaldu zuen atzo Alfredo Moraza joan den udazkenetik abian diren indusketen zuzendariak. Gaur egun, ermita kenduta, erabat hutsik agertzen den tunela oso desberdina zen Erdi Aroan. Hasteko, tunel barruko zorua, eta galtzada bera, metro batzuk beherago zeuden; gaur egun ikusten den galtzadaren azpian beste bat dago. Horrek esan nahi du gaur ikusita dirudiena baino leku gehiago zegoela tunel barruan.

«Herrixka txiki bat zen orain 500-1.000 urte. Galtzada bakarrik ikusten zen, eta beste guztia eraikita zegoen, egurrezko egiturekin, galeriak baliatzen zituzten bizitokiekin...», azaldu zuen Morazak. Egurrezko egiturak, ostatua, biltegiak, zalditokiak, ermita, hilerria, ur aska... denetik zuen pasabide estrategiko hark. Baita gaztelua ere.

Jakina zen gaztelu bat izan zela Lizarraten. Oraindik ere, Monte Hermosoko markesak San Adriango gazteluaren alkaide titulua ere badu. Horrela, ikerlariak gaztelu txiki baten arrastoen bila hasi ziren, eta bi hektareako azalera zuen eraikuntzaren zimenduak aurkitu zituzten. Bi defentsa harresi zituen gazteluak, omenaldiaren dorrea, eta almenak, ormak eta gelak tunel barruan.

XIV. mendeko gazteluaren aipamenen bat badago, baina, ikerlarien ustetan, oso posible da zaharragoa izatea; bizpahiru mende zaharragoa. XVI. mendera arte erabili zuten, eta ordukoak dira gaur arte gorde diren soilaruaren aztarnak. Horma eta harresien zimendu gainean egurrezko egitura zegoen, 8-10 metrokoa.

Bidesaria eta ostatu garestia

Ermita zaharra 1893an eraikitakoaren parean zegoen. Hantxe antzematen da aldare zaharra, moztutako harrian. Kanposantua zuela konturatu ziren berria egiteko ermita zaharra eraisterakoan. Zegamako apaizak jaso zuen han agertutako gorpuen berri. Eta gaur egun ermitaren ataria dena garai bateko ostatuaren gainean dago. Bazuen ospea ostatu hark, zegoen tokian zegoelako eta oso garestia zelako. Gerora, XIX. mendearen erdian ostatuari mikeleteen kuartela gehituko zitzaion. Biak erre ziren, 1911. urtean.

Kobazulo natural horrek gizakiaren historiako 3.500 urte ikusi ditu igarotzen gutxienez. Hain zuzen, 3.500 urte dituzte orain arte tunelean topatu dituzten arrasto zaharrenek. Brontze Aroko zeramika zatitxo horiek gaur egungo ermitaren atzean topatu dituzte, 2,5 metroko sakoneran. Eta beste metro bateko geruza dago haren azpian, ikertzaileen ustez.

Gaztelak Araba eta Gipuzkoa bere egin zituenean hartu zuen inoizko indarrik handiena Lizarrateko pasabideak, Nafarroa saihestu nahi bazen ez zegoelako beste biderik Gaztela eta Frantziaren artean. Erret galtzada zen hura. «Garaiko N-1 errepidea». Mandazainak, printzeak, lapurrak, denak handik igarotzen ziren; atseden hartzeko ostatu garestia zuten, eta bidesaria ordaintzen zuten. Bidaiari gurdiak Arlabango bidea hautatzen hasi zirenean iraungi ziren garai onenak.

Orain, Lizarrate Euskal Herriaren iraganerako pasabidea bilakatuko da ikerlarien eskutik. Uztailean hasiko dute indusketen bigarren fasea, eta agintariak ere ari dira bideak egonkortzeko lanak prestatzen. Ingurune horrek eskaini dezakeen guztiari balioa eman nahi diote, paisaiaren, naturaren, historiaren eta kulturaren ikuspegitik. «Gure ondarea ezagutu egin behar dugu», azaldu zuen Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, «batzuetan gutxiesten dugun ondare hori».

 

 

 

 

© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia