Gaztela eta Frantzia arteko bidean, garrantzitsua baina aldi berean zaila izan zen Lizarrateko pasabidea Erdi Aroan. Galtzadaren hiru ibilbide erakutsi dituzte indusketek; bide lan izugarria egin zen Gipuzkoa aldeko malda gainditzeko." />

Berria.eus

Asteazkena, 2014ko abuztuak 20 - 20:28

tartea;2009-10-03;Garai berria galtzada zaharrarentzat. Gaztela eta Frantzia arteko bidean, garrantzitsua baina aldi berean zaila izan zen Lizarrateko pasabidea Erdi Aroan. Galtzadaren hiru ibilbide erakutsi dituzte indusketek; bide lan izugarria egin zen Gipuzkoa aldeko malda gainditzeko.

Gaztela eta Frantzia arteko bidean, garrantzitsua baina aldi berean zaila izan zen Lizarrateko pasabidea Erdi Aroan. Galtzadaren hiru ibilbide erakutsi dituzte indusketek; bide lan izugarria egin zen Gipuzkoa aldeko malda gainditzeko.

Garai berria galtzada zaharrarentzat

Pantxike Agirre.

Irailaren erdialdera amaitu zuen Aranzadik San Adriango tunelean eta inguruetan egindako indusketa arkeologikoen bigarren kanpaina. Lehenengo fasean ateratako ondorioak baieztatzeko balio izan du, eta orduan azalera atera zituzten hainbat elementu hobeto kokatzeko. «Litekeena da han zegoen gaztelua Gipuzkoako handiena izatea azaleran: izan ere, bide sistema eta egitura oso handia eratu zuten haren inguruan», ondorioztatu du Alfonso Morazak, Manu Zeberiorekin batera indusketen zuzendari denak.

1.035 metrora dago Lizarrateko pasabidea, San Adrian izenarekin ezaguna; Aizkorri mendilerrora sarbidea da Goierritik doazen mendizaleentzat. Antzina, ordea, Araba eta Gipuzkoa arteko komunikabide izan zen denbora luzean, eta nafarrekiko harremanetan ere leku garrantzitsua. Otzaurtetik (Zegama) abiatuta dagoen malda erakargarria da egungo mendizaleentzat, baina desnibela gainditzeak lanak eman zizkien beste garai batean bidaiarie. Horren seinale da uda honetan aurkitu duten sigi-saga handiko galtzada; XVI-XVII. mendekoa da, eta aurrez ezagutzen zenaren azpian dago.

Bi eremutan lan egin du Aranzadik, iazko udazkenean indusketa arkeologikoak hasi zituztenetik: gaztelua eta gaztelua inguratzen zuten egitura aztertzen, eta haitzuloko edo tuneleko giza okupazioaren sekuentzia osatzen. «Gauza asko bagenekizkien: gaztelu bat izan zela tunelean barruan, egungo ermitaren atzean zaharragoa zegoela, ostatu bat, mikeleteen etxea... Baina, ez dugu ikusi orain arte. Espero genuena baino gehiago ikusi dugu, gainera. Aberastasun handiko lekua da hau, ondare natural, arkeologiko eta historikoa; leku oso berezia».

Desnibela bidaiaren arazo

Gipuzkoako Diputazioak Aizkorriko sarrera hau egokitu eta indartzea du helburu, baina lekuaren berezitasunaz jabetuta Aranzadiren esku utzi zuen azterketa. Lehen emaitza harrigarriak ikusita, indusketen jarraipena bultzatu zuten Kultura eta Landa departamentuek eta Gipuzkoa eta Arabako Partzoneriak. Hala, aurkikuntza gehiago egin dira udan, eta harrigarriena galtzadarena iruditu zaio Morazari. «Garai hartan egina izateko izugarria da».

Hiru garaitako galtzaden aztarnak, gutxienik, badira oraindik Lizarraten. Berriena eta ezagunena XVIII. mendekotzat jotzen da; Araba aldeko sarreran nabarmen ageri da, harri handiak aldamenean dituela eta txikiak erdian. Uda honetako indusketetan beste aldeko maldan aurkitu dute galtzada. «Egungo bidearen azpitik doa eta, datazio zehatzagoak egin behar badira ere, XVI-XVII mendekoa da, gaztelua desagertu zenekoa. Haren egitura baliatu zuten gainean galtzada egiteko».

Bidearen zailtasuna eta gogortasuna garaiko idatzi askotan nabarmendu zen. Orain galtzadaren aztarnek erakutsi dute Gipuzkoa aldeko malda arintzeko ahalegin handia egin zela: «Sigi-saga handia egiten duen bidea dela oso garbi ikusten da», dio Morazak. Horren azpian, gainera, beste bide bat bazela pentsatzeko zantzuak daudela uste du, nahiz eta lurra oso mugituta dagoelako aztarna garbirik ez izan. «Kontuan izan behar da betidanik erabili dela bidea, eta galtzadatzen eta egokitzen joan da». Galtzada erromatarra ere deitu izan zaio, baina Morazak argitu duenez, zaharra delako esateko erabiltzen da izena hori, «beste leku batzuetan jentilek edo moroek egina dela esaten den bezala».

Gazteluaren garrantzia

Gaztelak Araba eta Gipuzkoa bere egin zituenean (1200) hartu zuen bideak inoizko indarrik handiena. Nafarroa saihestu nahi bazen, ez zegoen beste biderik Gaztelaren eta Frantziaren artean. Komunikabide horren kontrolerako eta defentsarako sortu zen gaztelua eta haren inguruko egitura osoa. XIV. mendeko idatzietan aipatzen da lehenengoz, baina lehenagokoa dela uste da. Argi dago errege galtzada izan zela -«garaiko N-1», dio Morazak-, eta XVI. mendearen amaiera arte indarrean izan zela. Gaztelak Nafarroa bereganatu zuenean, ordura arteko esanahia galdu zuen, nahiz eta zaintza lanari eutsi zion. «Izan ere, garai ia guztietan izan da ordaintoki». Hori dela eta, bidelapurrengatik ere egin zen ezagun.

Tunelaren barruan, bi aldeetan, egin ziren eraikinak: ostatua, ermita, ur biltegia eta hilerria. Bidaiariei zerbitzua emateko prestatuta zegoen. XIX. mendean mikeleteen kuartela eraiki zuten, eta 1893an ermita zaharra eraitsi eta berria egin zuten metro batzuk aurrerago. Gotorlekuaz arduratzeko kargua sortu zen, eta dorre bat eraiki zen harentzat. Montehermoso dukeena izan zen, eta tituluak XVIII. mendera arte iraun zuen; hala ere, XIX. mendean San Adriango jabetza eurenganatzeko borrokan segitu zuten. Aldaketa erabakigarriena XVIII. mendearen amaieran gertatu zen, Gipuzkoako Batzar Nagusiek Arlabango bidea egitea erabaki zutenean. Ibilbide berriarekin garrantzi ekonomikoa galdu zuen San Adrianek.

Inguruaren ezagutza

Gipuzkoako Foru Aldundiak bidea egokitzeko lanak hasi ditu berriro, tuneleko sarreratik behera doazen 200 metroetan. «Luze gabe, gure lana izango da bidea oinezkoentzat txukuntzea, ura bideratzea aztarnak ez gehiago hondatzeko, eta agertu diren elementu horiek sendotzea; hau da, toki batzuetan harriekin hutsuneak betetzea lekuaren interpretazioa laguntzeko». Gauza asko egin daitezke inguruan, Asier Arrese Mendi eta Natur Inguruneko zuzendariaren ustez, baina oso pixkanaka. «Indusketa batzuk egiten jarraitu beharko da, eta emaitzen arabera inbertsio txikiak egiten. Ezin da baztertu, hala ere, egoera ekonomikoak buelta ematen duenean gehiago egitea».

San Adriango sarrera indartzeko asmoak ez du Aizkorri-Aratz parke naturalaren arauekin talka egingo, Arresen hitzetan. «Aitzitik, aukerak ematen ditu horrek, parke baten babesean ez baitago bakarrik bioaniztasunari lotutako ondare naturala, kulturalak eta etnografikoak ere indar handia du».

Laser bidez ari da Aranzadi San Adriango eremu guztiaren topografia egiten; amaitzen ari dira, eta amaitzean haitzulo birtual bat egin ahal izango dute. Aurrera begira, prozesu luzea izango da parke naturala errespetaraztea eta ingurunea ezagutaraztea.

 

Beldurgarria eta xarmanta



Milaka urtean izan da pasabide leku Lizarrate, baina garrantzia berezia izan zuen Erdi Aroan. Monarka, merkatari eta bidaiari ugari pasatu zen bertatik, eta lekukotza horietako asko jaso ziren garaiko liburu eta egunkarietan. Leku arriskutsua gehienen begietara, ederra ere bai. Hona hemen adibide batzuk, Xabier Azurmendi idazle zegamarrak San Adrian eta inguruko kondaira liburuan bilduak.

«Galarretatik San Adriana legoa bateko bidea, guztiz aldapan gora. Mendiaren gainean ermita bat dago, eta haitzean zulatu zuten zulo bat. Pasabidearen zaintzaileak bertan bizi dira. Hemen bukatzen da Espainia eta bere hizkuntza eta euskaldunen lurra eta hizkuntza hasten dira bertan: andreek eta gizonek ere jazkerak aldatzen dituzte, legoa neurria ere ezberdina da».

ARNALD VON HARFF

1499



«Astelehenean printzeak (Gaztelako Felipe Ederrak) lau legoa egin eta Seguran gaua pasatu zuen. Herri hau San Adrianen oinetan dago. Mendi zail eta arriskutsu honek gainak beti elurrez estalirik dauzka. Gailurrean Santiagora joateko nahitaez pasa behar den tunela dauka. Jende askoren beharrik ez legoke pasabide hau gordetzeko, lekua oso berezia, babes eta giltza da gaskoien aurka. Lurralde hauetako emakumeak ederrak dira egiaz eta kofiaren ordez hogei edo hogeita hamar kanako oihalez estaltzen dute burua».

ANTOINE DE LALAING

1502



«Malkar zailetan gora doa bidean, zaldiz joatea zaila izaki, uhaletik eraman behar dira hauek. Beste inondik ezin litezke zeharkatu mendi hauek gailur hurbilgaitz eta maldatsuak eta bertan luzaro diraute elur eta izotzek. Hemen egiaztatu liteke Germaniako olerkari batek zioena: elurrez zuriturik haren adatsa eta izotzez gogor haren bizar zakarra! Mendi hauek zuri baitaude luzaro dirauten elurrez eta izotzez. Malkarren barrenean, haitzek eta haitzarte zailek bidaztia beti beldurtzen dute. (...) Frantziara doan aldean dagoen paretan gauero itxi ohi duten ate bat dago. Haitzulo honen egokitasuna eta bide moztea nabarmenak dira, mendi honi Pausilipo berria dei geniezaioke, nekeak eta alferibiliak kentzen baitizkigu. Tunelean aterpe eskergarri bat dago eta poltsa ona dakarren pelegrinoarentzat janari ugariak ere bai».

Braun eta Hogenbergius

1567



«Aro guztietan jendeak bide honi beldur dio, mendietan banaturik dabiltzan lapurrek, bidaztiak ikustean, hauei ekiten baitiete. Arrazoi hau dela eta jende asko Arrasateko bidetik doa, lapurrei ihesi».

ALBERT JOUVIN

1672



«Donostiatik irten bezain laster, mendi gorenetara doazen bide latz eta neketsuetan sartu ginen, mendi hauetara arrastaka bakarrik igo liteke, eta San Adrian deritza. Harkaitz eta amildegiak bakarrik daude, maitale itxaropen gabe batek bizia galtzeko leku aproposak, beharrik izanez gero. San Adrianen gainean haitz ikusgarri goren batek badirudi bidea moztu nahi lukeela, Bizkaia eta Gaztela bereiztuz. San Adrianen ermita bat ere badago eta lapurren gordeleku egokiak izan litezkeen zenbait haitzulo ere bai; aurrez neurriak hartu gabe ibiltzeak baditu lapurrekin lanbideak. (...) Haitzuloa pasa eta gero, mendiaren gailurreraino jo genuen, Pirinioetako garaiena dela diote, pago basoz estalia dago, eta ez dut hain bakartasun xarmantik inon ikusi, errekatxoak haran txikietan zehar doaz, ikusmirak begien ahulezia du bakarrik muga, itzalak eta isiltasuna dira bertako errege eta nonahitik oihartzunak erantzuten du sorginkeria handiz».

M. KATHERINE LE JUMELDE BANEVILLE

1679





 

Orain arteko zundaketa sakonena eta zabalena egin du Aranzadik tunelean, eta Brontze Aroko maila ona aurkitu du. Ordukoak dira aztarnarik zaharrenak.

Giza okupazioaren sekuentzia, hiru metroan

P. Agirre.



Aspalditik gizakiaren bizitoki izan da San Adriango tunela. Ezin esan noiztik; paleolitoan izoztutako lekua izango zela pentsatzen da, eta aurkitu diren aztarna zaharrenek Brontze Arora garamatzate, duela 3.500 urtera.

Hiru metroko zundaketa egin dute uda honetan. «Tipula baten geruzaren modura, garbi ikusten dira giza okupazioaren sekuentziak. Azkenekoa, Brontze Arokoa, orain arte baino hobeto nabarmenduta ikusi dugu, eta, zaharragorik ez dagoela ziurtatzerik ez dagoen arren, hor kokatzen dugu gizakien lehen presentzia Lizarrateko koban».

Garai horretako zeramika zatiak ugari atera dituzte ermitaren atzeko indusketan, eta aztertzen jarraitzeko baldintzak badaudela uste du Alfredo Morazak. Brontze Aroko horrelako okupazio mailarik ez dela Gipuzkoan aurrez topatu zehaztu du. «Bizitzeko baldintza onak zituen haitzuloak; babesa eta ura zituen, eta badirudi jende mugimendu handia ibili zela inguruan».

Tipularen beste hiru geruzak hiru metroko sakonera horretatik gora bereizten dira: Burdin Arokoa, erromatarren garaikoa eta Erdi Arokoa, X. mendetik hasita. Bata bestearen gainean bereizi dituzte geruzak; izan ere, bizitoki bat erretzen zenean edo uzten zenean, gero etortzen zenak ez zuen garbitzen edo zulatzen berria egiteko, gainean eraikitzen zuen. Garai horietako materiala eta aztarnak aurkitu dira lehenago ere inguru horretan: txanponak, sutegi bat, ikatz asko, hezurrak...

Tunelak ermita berria besterik ez du erakusten orain, eta koba naturala izanik ere, landuta daude ia pareta guztiak. Habeak sartzeko zulo batzuk agerian ditu, oso baxu; azpiago bizi ziren seinale garbiena da oinezkoen begietara.

© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia