Taldean zein bakarka prestatzen dira bertsolariak, bakarkakoa taldera eramanez eta taldekoa bakarkakora. Uztaritzen jokatuko da gaurko final-laurdena, eta bihar Zarautzen" />

Berria.eus

Osteguna, 2014ko abuztuak 21 - 04:22

kultura;2009-10-17;Gerta ala gerta. Taldean zein bakarka prestatzen dira bertsolariak, bakarkakoa taldera eramanez eta taldekoa bakarkakora. Uztaritzen jokatuko da gaurko final-laurdena, eta bihar Zarautzen

Taldean zein bakarka prestatzen dira bertsolariak, bakarkakoa taldera eramanez eta taldekoa bakarkakora. Uztaritzen jokatuko da gaurko final-laurdena, eta bihar Zarautzen

Gerta ala gerta

Beñat Zamalloa.

Zarautz / Larrabetzu

Bertsolaritzan oro har oso giro ona dago, eta oso lagunak gara, eta abar, baina gero, bat-batean lehia bat da, eta saiatzen gara azken unera arte lehiari garrantzia kentzen -«beste saio bat da», «betikoa egitea da»...-. Tripak ez du hori esaten, ez delako egia osoa. Azkenean, lehia da, eta lehia horretan, arau batzuk daude, eta arau horien barruan entrenatzeko denbora gutxi hartzen dugu, neurri batean errazagoa eta politagoa delako jolas moduan hartu, lagun giroan hartu», Uxue Alberdiren berbetan. Txapelketa gertatzeko Zarauzko bertso eskolan elkartzen dira Alberdi, Ainhoa Agirreazaldegi, Unai Muñoa, Xabier Sukia, Beñat Gaztelumendi, Iñaki Gurrutxaga, Iñigo Manzisidor Mantxi eta Luis Otamendi.

Muñoa eta Gaztelumendi gaur ariko dira Uztaritzen, baita Arkaitz Estiballes eta Xabi Paya ere; Erika Lagoma eta Aitor Sarriegi izango dituzte beste bi kantu-lagunak. Estiballesek eta Payak Larrabetzun egiten dituzte entrenamenduak Fredi Paiarekin eta Etxahun Lekuerekin. «Andoni Egañak bi termino erabiltzen ditu: simulazioa eta disimulazioa. Esaten du guk hemen egiten duguna simulazioa dela egoera simulatzen dugulako. Oso inportantea da egoera apur bat aurreikusteko. Gero, disimulazioa deitzen dio bakarkako lan horri, zure barruko mekanismoak lantzeari», azaldu du Payak txapelduna ahora ekarriz.

Txapelketa disimulazio «handiarekin» ulertu behar delakoan dago Sukia: «Txapelketa horretara bideratuta dagoela uste dut. Gaur egun, landu egin behar da txapelketara joateko. Lanik ez baduzu egiten, zaila da txapelketan aurrera egitea». Prestatzea zer den zehaztea «zaila» da, Gaztelumendiren arabera. «Gu biltzen gara hemen, eta esaten dugu prestatzen ari garela, baina zuk etxean liburu bat hartzen duzunean ere ari zara», garatu zuen. Agirreazaldegik poltsa betetzen du: «Niri txapelketa urtean gertatzen zait: edukiei, elkarrizketei, liburuei... arreta handiagoa jartzen diet, eta gero, aurkitzen ditut poltsan apunte pila bat. Ez dakit zer edo zer egiten dudan apunte horiekin, baina interesatzen zaizkidan edukiei askoz ere arreta handiago jartzen diet».

Entrenatzaileak

Bertsolariek entrenatzailea izanez gero, txapelketari «zuku handiagoa» ateratzeko modua izango lukete Agirreazaldegiren ustez: «Da zerbait bertsolariok ez daukaguna, eta orduan, dena zuk egin behar duzu: zure zortzi-hamar orduak lan egin gehi egiteko dauzkazun beste gauzak gehi motibazioa bilatu txapelketarako eta abar. Alde horretatik, nik uste dut huts egiten dugula, eduki beharko genuela norbait pixka bat gure martxa markatuko lukeena. Orduan, askoz ere emaitza hobeak emango genituzke bakoitzak bere mailan. Oso gogorra da eguneroko martxan beste mila gauza dauzkazunean motibazio eta diziplina hori topatzea».

Alberdik ez du horren argi ikusi: «Edukiko bagenu entrenatzaile bat, agian, taldea ez genuke edukiko. Bakoitzak entrenatzaile bat baldin bagenu, ez genuke elkar hainbeste ezagutuko, agian, beste alde bateko urduritasuna edukiko genuke». Muñoak, ostera, hartuko luke: «Nire bertsolari izaeraren ikuspegi objektiboago bat eta zintzoago bat ikusteko, eta esateko nire benetako ezaugarri onak eta esplota ditzakedanak zein diren, eta indartu beharko nituzkeenak eta landu beharko nituzkeenak zein diren». Ez du bere burua gai ikusten argazki objektiboa egiteko. «Honek asebetetzen nau lagunartean nagoelako eta estimatzen zaituztedalako, baina ez du asebetetzen hainbeste nire entrenamendu beharra. Gero, ni ez naiz hain autodiziplinatua, hau da, nik hemendik kanpo ez dut ezer egin, ni ez naiz jarri etxean bost minutuan ez dakit zer egiten», jarraitu du.

Simulatzen

«Elkarri jartzen dizkiogu gaiak, eta azkeneko esprintean hasi garenez, txapelketako ariketak egiten ditugu. Lehenago hasiz gero, probatu ahalko genuke bestelako gauzekin, buruak ere behar izaten duelako txapelketako ariketa horietatik irtetea, baina denborarik ez geneukanez, txapelketako egitura hartu eta txapelketako saio bat egiten dugu azkenean», aritu da entrenamenduen nondik norakoez Alberdi. Gauza bera egiten dute Larrabetzun ere: txapelketako saio bat egin, eta iruzkindu. «Bertsotan egiteak baino gehiago, beste iruzkin horiek dira laguntzen dutenak», dio Lekuek. Nahiz eta beti zintzo jokatzea ez erraza izan, Muñoaren iritziz: «Erraztasun handiagoa daukagu gustatu zaizkigun gauzak esateko, gustatu ez zaizkigunak baino: gustatu ez direnak normalean isiltasunak salatzen ditu, eta gustatzen zaizkigunak esaten ditugu».

Entrenamenduen bidez jartzen dute burua txapelketaren moldera. «Zeinek gutxiago zeinek gehiago, plazetan kantatzen dugu, eta plazetan kantatzeko estiloak baditugu, eta horrek balio du segurtasun aldetik eta errodaje aldetik, baina txapelketan ez da egiten plazan bezala ez duelako balio izaten. Jabetze lan handia da, jabetzea zer egiten duzun», dio Alberdik. «Laborategiko lana» ezinbestekotzat jotzen du Payak, egokitzeko: «Txapelketan noranahiko izatea eskatzen zaigu, puntu erantzunetan oso ona baldin bazara, ederto, baina horrekin ez zoaz inora. Denean ibili behar duzu ondo. Ezinbestekoa da laborategiko lana egitea, laborategiko emankizuna delako txapelketa».

Txapelketa aurretik gerta ala gerta, eta txapelketan gerta ala gerta, txapelketatik txapelketara jauzia igartzen du Estiballesek: «Berez nahiko alferrak gara, eta urte osoan gutxi egiten dugu, eta txapelketa aitzakia ona izaten da entrenatzeko. Txapelketatik txapelketara nabaritzen dugu, gero, koska bat behintzat igo dugula gure bertso maila».

 

Uztaritzeko final-laurdeneko bertsolariak

Xabi Paya

26 urte, Algorta



Interpretazio eta Itzulpengintza ikasketak egin ditu, baita pianokoak ere. Itzultzaile eta irakasle ibilia da, eta azken urteotan bertsolaritza diziplina berriekin elkartzen ari da. Bizkaiko txapelduna izan zen 2006an. 2005eko Txapelketa Nagusian finalaurrekoetara iritsi zen.

Aitor Sarriegi

32 urte, Beasain



Urretxu-Zumarragako ikastolan IKT dinamizatzailea da. 1992an Lizardi eta 1993an Osinalde sariak irabazi zituen. Gipuzkoako Bertsolari txapelketan finalista izan zen 2007. urtean, eta Txapelketa Nagusian finalaurrekoetara heldu da azken hiru aldietan.

Erika Lagoma

28 urte, Lesaka



Hispaniar Filologiako lizentziaduna, Bertsozale Elkarteko langilea da. Bi aldiz izan da Nafarroako eskolarteko txapeldun. 2006tik 2009ra finalista izan da Nafarroako txapelketan, eta lehenengoz hartuko du parte Txapelketa Nagusian.

Unai Muñoa

27 urte, Lasarte



Oinarrizko ikasketak egin, eta lan askotan ibilitakoa: sukaldari, harakin eta tabernari. Bertsozale Elkarteko irakaslea da hezkuntza arautuan. Hamaika Bertuteko kidea eta txapelketa zein sariketa askotan ibilia. Lehenengo Txapelketa Nagusia du.

Beñat Gaztelumendi

22 urte, Donostia



Ikus-entzunezko Komunikazioko ikaslea da. Eskolarteko eta gazte sariketetan sari asko irabazitakoa, eta Hamaika Bertuteko kide. 2007ko Gipuzkoako Txapelketan bigarren egin zuen. Lehenengoz kantatuko du Txapelketa Nagusian.

Arkaitz Estiballes

32 urte, Galdakao



Euskal Filologia ikasketak egin zituen, eta gaur egun bertsolaritza irakaslea da. 12 urterekin hasi zen bertsotan. Bizkaiko txapelketan finalista izan da 2000tik, eta Txapelketa Nagusian hirugarrenez kantatuko du aurten.



 

Doinu berria plazaratuko du Unai Muñoak Uztaritzeko saioan



Kartzelan erabiliko duen edo ez saioan bertan erabakiko du, «arriskatzea komeni bazaio» edo «luzitzeko tartea» duela ikusten badu. «Badu bere zailtasuna, eta beldur pixka bat ematen dit». Agurretan, ordea, Unai Muñoak doinu berria plazaratuko du, gaur, Uztaritzen. Joxe Mari Agirretxe Porrotx-ek oparitu zion, eta haren, Xabi Zabalaren eta hiruren artean ondu dute. «Sekulako oparia izan zen, nik ez nuelako sekula doinu bat estreinatu».

«Ez da melodia mutu bat. Melodiak berak badauka transzendentzia halako bat. Gai konkretu batzuetarako balio du doinuak». «Karga» duen doinua izango da: «Emozioetatik eta sentimenduetatik kantatzeko doinua da. Humanismo halako bat du». Teknikoki Igor Elortzak Bizkaiko txapelketan plazaratutako Izarren hautsa doinuarekin antzekotasunak ei ditu.



 

Zarauzko final-laurdeneko bertsolariak

Iratxe Ibarra

34 urte, Markina



Euskal Filologiako ikasketak egin eta irakaskuntzan ibili ostean, euskara teknikaria da orain. Bizkaiko txapelketan askotan izan da finalista, eta Txapelketa Nagusian, berriz, laugarrenez ariko da. Gaur egun Markinako bertso eskolako kidea da.

Xabier Silveira

32 urte, Lesaka



Gidoigintza ikasketak egiten ari da, eta baita rapa eta bertsoa uztartzeko ekimenak sustatzen ere. Nafarroako egungo txapelduna da, eta dagoeneko sei txapelketa irabazi ditu. Txapelketa Nagusian hirugarrenez ariko da. Bortzirietako bertso eskolako kidea da

Iker Zubeldia

28 urte, Zegama



Galdaragintzan egiten du lan. Etxetik eta La Salleko fraideetatik datorkio bertsozaletasuna. Goierriko bertso eskolan ibilitakoa ere bada. 2007ko Gipuzkoako txapelketan zortzigarren egin eta gero, bigarrenez ariko da Txapelketa Nagusian.

Unai Agirre

33 urte, Hernani



Gipuzkoako Sagardogile Elkartean egiten du lan. Bertsotan Langile ikastolan hasi zen Juanjo Uriarekin. 2007an, Gipuzkoako txapelketan, finalista izan zen. Txapelketa Nagusian ere parte hartu izan du. Hernaniko bertso eskolako kidea da.

Oihane Perea

31 urte, Gasteiz



Bertso eskolen sustatzaile eta irakaslea izan da, eta gaur egun, Arabako Bertsozale Elkarteko langilea da. Emetik bertso kabareta ekimeneko kidea izan da. Arabako txapelduna da gaur egun, eta bigarrenez izango da Txapelketa Nagusian.

Joxe Munduate

36 urte, Ataun



10 urte zituela idatzi zituen bere lehenengo bertsoak, 1989an Lizardi eta Osinalde sarien irabazlea izan zen. 2005ekoan huts egin arren, laugarrenez hartuko du parte Txapelketa Nagusian. Goierriko bertsolariekin biltzen da oraindik ere.

Albisterik...

Irakurrienak

Bozkatuenak

Irakurrienak

 

 

 

 

 

© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia