Entzierroaren ibilbidea sei zatitan banatu, eta bakoitzaren maketa bat egin dute bi lagunek. Zura eta pazientzia handia baino ez dute behar izan euren lana bukatzeko. Ederki, gainera. Angel Martinez eta Pedro Garaikoetxea. Entzierroko maketen egileak" />

Berria.eus

Asteartea, 2014ko irailak 2 - 03:49

TARTEA;2010-07-10;SANFERMINAK IRUEAN. Tabernara joan baino, eskulanak egitea nahiago dugu guk. Entzierroaren ibilbidea sei zatitan banatu, eta bakoitzaren maketa bat egin dute bi lagunek. Zura eta pazientzia handia baino ez dute behar izan euren lana bukatzeko. Ederki, gainera. Angel Martinez eta Pedro Garaikoetxea. Entzierroko maketen egileak

Angel Martinez eta Pedro Garaikoetxea.

Entzierroko maketen egileak

Entzierroaren ibilbidea sei zatitan banatu, eta bakoitzaren maketa bat egin dute bi lagunek. Zura eta pazientzia handia baino ez dute behar izan euren lana bukatzeko. Ederki, gainera.

«Tabernara joan baino, eskulanak egitea nahiago dugu guk»

Garazi Arrula Ruiz.

Iruñea

Gaztetatik ezagutzen dute elkar bi lagunek, eta aspaldi hartu zuten erretiroa batak zein besteak. Zurgina izan da betidanik Martinez, eta Garaikoetxeak eraikuntzaren ofizioan jardun zuen 50 urtez. Egun, Martinezek Arrotxapean duen zurgindegian elkartzen dira, maketak eta marrazkiak egiteko. Eginiko azkenak dira entzierroaren ibilbidearen sei maketak, zehaztasun handiz sortuak: eraikinak, teila eta guzti; korrikalariak, zuri-gorriz; zezenak, udaletxea eta egunkariak.

Nolatan hasi zineten entzierroaren maketak egiten?

Angel Martinez: Denbora-pasa modu bat da guretzat maketak egitea; nora ezean ibili baino askoz nahiago dugu. Zezen-plaza egiten hasi ginen, Santo Domingo kalea ondoren, eta abar. Hasieran ez genuen entzierroan pentsatu; bi maketa eginak genituela bururatu zitzaigun, eta beste lau egin genituen, ibilbide guztia osatzeko. Argazkiez ere baliatu gara, eta Pedrok eginak zituen marrazkiak eredutzat hartu ditugu.

Pedro Garaikoetxea: Duela urte batzuk hasi ginen, eta kaleak eta eraikinak aldatu eta berritu egin dituzte ordutik. Guk ere berrikuntza horiek kontuan hartu behar izan ditugu; adibidez, Arrotxapea eta Alde Zaharra elkartzen dituzten igogailu berriak ere gehitu dizkiogu maketari.

Zer material erabili dituzue?

A.M: Gehienbat zura erabili dugu, eta apaingarriak egiteko baino ez dugu bestelako materialekin lan egin: kartoi mehea, belar artifiziala, papera, haria... Baina txikikeriak egiteko baino ez dira izan; gehiena zuraz egin dugu. Zezenak, balkoiak, pertsonak... pentsa, teilak ere zurezkoak dira!

P. G: Pazientzia handia behar da, bai... Koloreentzako berniza da gehienbat erabilitakoa; ez pentsa margo askorik behar dugunik: berniza aski da maiz koloreztatzeko. Kartoi meheak ere arkatzarekin marraztu ditugu; udaletxeko plazako karrika, adibidez. Ibaia kartoi mehe berde ilun bat da, gainean beira duena.

Zer izan da zailena?

A.M: Hasieran erraza izan zen: poliki-poliki maketa bat eta beste egin. Alta, egiten ari ginena entzierroa zela zehaztu genuenean hasi ziren zailtasunak, eskakizun bereziak sortu baitziren. Baina ez da oso korapilatsua izan, nahi dugulako eta inolako presarik gabe egin dugulako.

P. G: Eskalan egiten dugu guztia, eta horrek ekar dezake zailtasunen bat; jatorrizkoaren neurriak lortzerakoan, batez ere. Adibidez, Zaldi Zuriaren ostatuaren maketa egiteko, han izan ginen neurriak hartzen, eta sekulako hotza egiten zuen. Andre bat begira izan genuen denbora luzez, eta bigarrengoz joan ginenean, zertan ari ginen galdetu zigun. Guk maketa batentzako zela erantzun genion, eta hark aitortu zigun pentsatu zuela katedrala botatzeko asmotan genbiltzala!

Zurgindegiaren atean Eskualdatzeko afixa dago. Zer eginen duzue salduz gero?

Pedro Garaikoetxea: Nik jarraituko dut marrazkiak egiten; on egiten digu aktibo izateak. Egiteko asko ditugu.

Angel Martinez: Lantokia saltzen badut, jabe berriari nire kontuentzako txoko bat eskatuko diot, ea engainatzerik dudan. Bestela, futbolean hasiko gara!

 

Motzean



Zenbat urte duzue? Angelek 77, eta nik 80. Bi gazte gara!

Zenbat denbora kostatu zaizue entzierroaren maketak egitea? Duela zortzi urte hasi, eta orain gutxi bukatu dugu azkena, baina tartean geldialdiak egon dira.

Sanferminetan ere lan? Ez, ez. Guk ere besta egiten dugu.

Albisterik...

Irakurrienak

Bozkatuenak

Irakurrienak

 

 

 

 

 

© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia