Bizitzaren esanahiari eta heriotzari buruzko galderen aurrean erakutsi duen «adorea» laudatu du Jose Maria Setienek hiletetan Elizkizunen amaieran herritar multzo batek 'Xalbadorren heriotzean' kantatu du atarian" />

Berria.eus

Igandea, 2014ko abuztuak 31 - 12:14

KULTURA;2010-12-08;XABIER LETEREN HERIOTZEAN. Lete berraurkitzeko premia. Bizitzaren esanahiari eta heriotzari buruzko galderen aurrean erakutsi duen adorea laudatu du Jose Maria Setienek hiletetan Elizkizunen amaieran herritar multzo batek 'Xalbadorren heriotzean' kantatu du atarian

Lete berraurkitzeko premia

Bizitzaren esanahiari eta heriotzari buruzko galderen aurrean erakutsi duen «adorea» laudatu du Jose Maria Setienek hiletetan

Elizkizunen amaieran herritar multzo batek 'Xalbadorren heriotzean' kantatu du atarian

Juan Luis Zabala.

Urnieta

Duela bost urte Lourdes Iriondoren hiletetan bezala, atzo ere txiki geratu zen Urnietako San Migel eliza nagusia Xabier Leteren hiletetan, eta jende askok, ezin sarturik, kanpotik jarraitu zuen elizkizuna. Letek hil aurretik nahi izan zuen bezala, apaindura gutxiko elizkizuna izan zen, gisa horretako hiletak izaten diren modukoa oro har. Jendearen emanarekin batera, Jose Maria Setien Donostiako gotzain emerituaren predikua, Joxean Goikoetxea soinu jotzaileak egindako joaldi laburra eta Felix Zubia medikuak kantatutako bertsoak izan ziren berezitasun nagusiak.

Erakundeetako ordezkari ofizialekin batera -Isabel Zelaa, Markel Olano, Maria Jesus Aranburu-, sortzaile eta kultur eragile ugari bildu zuen ekitaldiak, hala nola Benito Lertxundi, Antton Valverde, Ruper Ordorika, Niko Etxart, Jean Mixel Bedaxagar, Pier Paul Berzaitz, Erramun Martikorena, Gontzal Mendibil, Jabier Muguruza, Nestor Basterretxea, Joan Mari Irigoien, Felipe Juaristi, Joan Mari Torrealdai, Ibon Sarasola, Daniel Landart, Pedro Miguel Etxenike, Joseba Egibar, Aintzane Ezenarro...

Heriotzaren ondoren hildakoekin berraurkitzeko itxaropena izan da Leteren azken urteetako obsesio nagusietako bat, Egunsentiaren esku izoztuak azken poema liburuak argiro erakusten duenez, eta kezka hori izan zuen mintzagai Setienek, Leterekin azken urteetan izan duen adiskidetasun estuan oinarrituta.

Barrutik kezkatzen zuten lau gai nagusien inguruan, Xabier Letek ausart jokatu zuela esan zuen Setienek. «Jainkoa, gizakien arteko maitasuna, giza sufrimendua eta heriotza», dira lau gai horiek. «Ez gara hutsetik hutsera bizitzen, izate existentzialetik mugaz haraindiko misterio batera baizik», esaten zion bere buruari Letek, Setienen arabera, «bere heriotzaren aurrean jartzen zenean». Bizitza, Leterentzat, «ezin zen izan zerbaiten hastea eta bukatzea soil-soilik». Hortik galderetarako joera. Galdera horiek ez direla «galdera intelektual hutsak» egiaztatu zuen Setienek, Leterekin izandako solasetan, «bere bizitzaren esanahiari buruz bere buruari benetan egindako galderak» baizik. «Adorea izan zuen galdera haiei aurre emateko».

«Ez da literatura hutsa»

«Leteren poesia ez da literatura hutsa», Setienen ustez. «Bere bizi-esperientziaren adierazpena da. Galdera horiei erantzuterakoan, fededunaren ikuspegia, edo gutxienez, fededun izan nahi duenaren ikuspegian sartzen da».

«Jainko salbatzailearengan sinestea ez da inolaz ere ziurtasun osoa izatea», esan zuen aurrerago gotzain emerituak. «Are gutxiago gu bizi garen mundu honetan. Fedearen argitasunak berekin du zalantzaren iluntasuna. Geure barruan benetako sinesmena nahi dugunean ere, horrela izatean da. Askok esaten dute sinetsi nahi lukeela baina ez ezin dutela. Xabierrengandik hurbil gaudenok, haren hitzak entzutean, esan dezakegu hark ere bizi izan zuela esperientzia hori. Zalantza artean bada ere, 'sinesten dut' esan nahi zuen, esperantzaren argiaren laguntzaz. Argi hori gabe ez baita posible fededun izatea. Fedeak, harengan bezala guregan ere, itxaropen apalaren ondorio izan behar du, eta itxaropen horren oinazean sinesteko benetako borondatea egon behar du. Sinesgabea zen Unamunogandik hartuta, fededun zen Xabierrek bere egiten zuen oihua: 'Jauna, kupi zaitez gutaz, izaten jarraitu nahi baitugu hil eta gero ere, ez baitugu nahi ezabatuak izan».

Leterekin azken urteetan harreman handia izan du Joxean Goikoetxea soinu jotzaileak ere. Haren nahia betez, Goikoetxeak bost minutu inguruko joaldia egin zuen, Izotz-ondoko eguzki doinuan oinarrituta.

Mezaren ondoren, aldez aurretiko antolakuntzarik gabe, modu guztiz espontaneoan, eliz atarian bildutako herritar multzo handi batek Xalbadorren heriotzean kantatu zuen lehenik eta Agur jaunak gero, Xabier Lete zenaren ohoretan. Herriari Lete betiko agurtzea zein nekeza egiten zaion adierazi zuen une horrek, herriak Lete berraurkitzeko premia duela. Besterik ezin den artean, haren lanetan.

Bertsoak



Xabier Letek halaxe nahi zuela eta, azken urteetan zaindu duten medikuetako batek, Felix Zubiak, bertso berri hauek kantatu zituen hiletetan, Mikel Laboak sortutako Ez nau izutzen negu hurbilak doinuarekin:



«Ez nau izutzen», esan zenigun
begietara begira.
«Negua dator nere albora,
bukatu da nere bira.
Gustora noa bake-bakean
Lourdes dagoen tokira,
nerekin dago, soma dezaket
irripar batez ari da».



Zure gaitzean, zer duintasuna,
zure hitzetan dirdira,
hartu atseden alboko gelan,
aitarekin errretira.
Eman arnasa, lagun zaiguzu
goiza gauaren segida,
egun batean gure arimak
berriz elkartuko dira.

 

 

 

 

 

© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia