Berria.eus

Osteguna, 2014ko uztailak 31 - 13:27

2012-01-20

Katuajeak

Zer egingo dugu kulturarekin eta politikarekin? (II)

Lorea Agirre

Kulturarekin eta politikarekin zer egin behar ez den behintzat badakigu. Gutxi asko. Zer egin behar den asmatzea da kontua orain. Azkeneko legegintzaldietan gobernantza modu berriak eta herritarren parte hartzea diskurtso politikoetan ezinbesteko hitz bihurtu dira. Horiek aipatu gabe ez zoaz inora. Eta askotan hori egin da, aipatu eta kitto. Baina izan dira saioak erakunde publiko gutxi batzuetan behintzat hitzak praktikara eramateko, kontsulta lotesleak direla —Hernaniko udalak herriko zein azpiegitura hobetsi erabakitzeko egindakoa, esate batera— edo eztabaida eta erabaki gune mistoak sortzea dela —Gipuzkoako Foru Aldundiak, euskal kulturako teknologia berrietako edukien inguruko laguntzen gainean irekitako foroa, adibidez—.

Batzuei ekimen lotsatiak irudituko zaizkie, itxurakeriatik asko dutenak beste batzuei, eta besteri, beharbada, erakunde publikoek, eurek egin beharreko lana arituen esku utzita, eskuak garbitzen dituztela. Onar dezagun, gurean behintzat ez dugu tradizio handirik parte hartze prozesu eta politiketan, eta zer ez den egin behar badakigu, kargu politikoa edo erakunde bateko arduradun izateak automatikoki aditu nagusi bihurtzen zaituela sinetsi eta autoritarismoz eta alde bakarrez erabakiak hartzea alegia, baina egin behar dena nola egin behar den ikasten hasi berriak gara.

Ikasteko eredu onak aukeratzea garrantzitsua da, eta gero norberaren ezaugarrietara ekarri edo moldatu, edo bestela kopiatu, eta behar izatera fotokopiatu. Baina ondo aukeratu. Europako hainbat lekutan badira ekimenak eta parte hartze esperientziak kulturaren eremuan eta eragile kultural eta botere publikoen elkarlan modu eraginkorrak urteak dira abian direla. Birmingham hiriko esperientzia sonatua izan zen, bertako udalak gaztez osatutako eta erabaki lotesleak hartzeko gaitasuna zuen gazte kontseilu bat eratzea erabaki zuelako. Hura harridura orain hogei urte ezagutu genuenean. Antzera zebiltzan Turinen. Eta Berlin Londres Amsterdam edo Erroman, esperientzia okupak eta alternatiboak tarteko, horietako batzuk erakunde publikoen oniritziarekin, eta are lankidetzarekin.

Gurean ere praktika eredugarriak baziren. Eta bi aldetara gainera: gizarte ekimenekoak eta administrazio publikoaren esparrukoak. «Ekipamendu publikoek erabilera publikoa izan dezaten bermatu behar da». Badira kasik dozena bat urte udal teknikari bati entzun niola. Alegia, azpiegitura publikoek publiko izateagatik ez dutela erabilera publikoa bermatzen, ez direla guztiontzat. Oñatiko udal Gazte teknikari Patxi Hipolitoren hitzak ziren. «Herri mailako ezein taldek zer egin erabaki, ekimenak diseinatu eta eurek gobernatu behar dituzte, eta horretarako baliabide eta azpiegitura publikoak eskura jarri behar zaizkie. Inoiz egin ezin daitekeena herri ekimena ukatu edo oztopatzea da. Baliabide gero eta gehiago gazteen esku uzten joan behar gara, erabakiak gazteek hartu behar dituzte, administrazioak dena goitik behera erabaki eta antolatzea anti-demokratikoa izateaz gain, porroterako bide segurua da». Hipolitok Gaztelekuko ardura baldintza horiek jarrita hartu zuen eta hala egin izandu zuen lan: Gaztelekuaren azpiegitura eta gaztetxearen kudeaketa uztartzen saiatuz, eta bi tradizioen ezaugarri onenak indartuz.

Gaztetxeek indarrez egun batean bai eta biharamunean ere bai ixten ziren garaien azken urteak ziren, eta udalen babespean eta diru publikoz Gaztelekuak sortzen hasi zirenekoa. Gaur ere gaztetxeak indarrez eta indarkeriaz ixten dira. Gogoan dugu Kukutza. Gogoan dugu Azkuna alkatea eta gogoan dugu Ertzaintzaren oldarra. Esan iezaiezu horiei herri ekimena inoiz ez dela ez ukatu ez oztopatu behar, areago indartu egin behar dela. Hori dela politika publikoa egitea. Gaztetxe bat Gazteleku bat baino publikoago izan daitekeela, edo hura beste, ez diru publikorik ez azpiegitura publikorik erabili gabe ere; publikotasuna ez duela ematen ez diru publikoak baliatzeak, ez erakunde publiko batek gestionatzeak, ez titularitate publikoa izateak. Eta alderantziz. Baldin eta publiko hitzari pribatu kontrajartzen badiogu, esan behar da, jardun pribatuko ekimen publiko asko direla gurean, hizkuntza eta kultura gutxitu batek bizi-irauteko eta biziberritzeko formularik egokienak direla askotan, kasu batzuetan erakunde publiko propiorik ez dagoelako eta besteetan erakunde publikoen helburua hizkuntza eta kultura horiek bizitza publikotik desagertzea delako. Lezio batzuk metatu ditu euskalgintzak herri ekimen izan den heinean. Nork ikasia balego badu zer irakatsia.



© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia