Berria.eus

Asteazkena, 2014ko uztailak 30 - 21:12

2012-03-31

'Gernika', biluzgorri

Picassoren margolanaren ikerketa eta analisia egin du Jose Ramon Amondarainek, eta lan horren sortze prozesura gerturatu

Artiumek hainbat ekitaldi egingo ditu datozen hilabeteetan, lan horrekin lotuta

Jon Rejado Gasteiz

Jose Ramon Amondarain, Premia artelanaren lehen oihalaren edo Gernika-ren lehen pausoaren aurrean. / JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS


Margotzeko prozesuan egindako probak irudikatu ditu Amondarainek; margo gorria eta paper koloreduna, kasu. / JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Geruzaz geruza. Pausoz pauso. Jose Ramon Amondarainek (Donostia, 1964) Picassoren Gernika margolana biluzi du Denbora eta premia (Guernica) egitasmoan. Malagako artistak hilabete eskas behar izan zuen XX. mendeko ikonoa margotzeko, eta Dora Maar-ek zortzi argazkitan jaso zuen bilakaera. Argazki horiek baliatu ditu Amondarainek zortzi oihalen bitartez sormen prozesua islatzeko. Picassoren lan egiteko modua erakusteko. Maisulan baten erradiografia egiteko.

Artium Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak bost hilabeteko lan horren fruitua erakutsiko du irailaren 2ra arte Hegoa aretoan. Hain zuzen ere, Amondarainek bost hilabete behar izan ditu zortzi oihalak margotzeko. Zortzi pausoak emateko. «Polita da egin zituen aldaketez ohartzea; baieztapen prozesu bat gertatzen da, egin zituen aldaketak logikoak direnez, 'noski, noski' ateratzen zaizulako», azaldu du Amondarainek.

Erakusketa kronologikoki egituratu dute, lehen zirriborrotik azken emaitzaraino. Ordea, denboraz gain, beste zenbait irizpide ere hartu dira kontuan. Margolanaren bilakaeraren lehen pausoak oihalaren kokapen bera islatzen du, besteak beste. Jatorrizko margolanak 777 zentimetroko zabalera eta 349 zentimetroko altuera zuen, eta ez zenez sartzen bere Parisko estudioan, bi paretaren kontra jarri behar izan zuen Picassok. Ordea, Amondarainek erabilitako oihalak jatorrizkoak baino apur bat txikiagoak dira, 767x347 zentimetrokoak, kopia egin nahi ez duela argi uzteko.

Lehen geruzan, zirriborroan, gerora desagertuko diren irudiak daude, eta elementu askoren kokapena oraindik zehaztu gabe dago. Bigarren pausoan lehen elementuak zehazten hasten dira; besteak beste, airean altxatzen den ukabila desagertzen da, baina ukondoa mantentzen du bukaera arte. Erakusketan aurrera egin ahala, ikono bihurtu zen margolana azaleratuz doa, poliki-poliki: zaldiaren buruaren kokapena aldatu, beltz kolorea erabili irudiak batzeko...

Margotutako irudiez gain, beste zenbait proba egin zituen Picassok sormen prozesuan, eta horiek ere ageri dira Artiumen. Hala, une batean haurraren zauriak eta emakumearen malkoak gorri kolorez margotu zituen, eta koloretako paperak ere erabili zituen collagea osatzeko.

Zortzi oihalekin batera, egitasmoaren ikerketa izaera indartzen duten beste zenbait elementu daude. Alde batetik, azken pausoarekin batera, Dora Maarren zortzi argazkietan oinarritutako marrazkiak daude. Bestetik, oihal handiekin lan egiten zuen bitartean Amondarainek egindako 51 saio ere ikus daitezke. Hain zuzen ere, Gernika-ko elementuak bakartu, eta horien gainean probak egin ditu: pop arte moduan irudikatu, neurriekin jokatu, koloreekin...

Ikono baten gaineko ikerketa

Gernika, Durango eta Otxandioko bonbardaketen 75. urteurrenean, Gernika margoaren 75. urteurrenean, Picassoren lana ezagutarazi nahi izan du Artiumek, eta «zerbait gehiago eskaini». «Ikerketa lana izan da, lan egiteko modu baten analisia, eta hilabete bateko lan hori oihalak baliatuta luzatu dugu», azaldu du Daniel Castillejok, Artiumeko zuzendariak.

Ikusleari txiki sentiarazi nahi izan dutela azaldu du, eta, bide batez, lanaren barruan sartu. «Hor sortzen da benetako zirrara». Horretaz gain, pauso bakoitzean gertatutako aldaketez gain, bilakaera sumatu eta horren barruan sartzeko aholkatu du Castillejok.

Azkenik, Gernika margolanari lotutako zenbait eztabaida uxatu ditu Artiumeko zuzendariak hasieratik. «Ez dugu hona ekartzeko eskatuko, eta mundu osoan Gernika bakar bat dago; guk egin duguna ikerketa lan bat da».



 

Hitzaldiak, dokumentalak eta erakusketa bat, Picassoren lana ezagutarazteko

Denbora eta premia (Guernica) erakusketarekin batera, hamaika ekimen prestatu ditu Artiumek datozen hilabeteetarako. Gaur bertan, Valentin Romak Ascensión y caída del Guernica hitzaldia emango du, eta datozen hilabeteetan Fernando Castrok, Maria Dolores Jimenezek eta Isabel Sierrak ere Picassoren artelanari helduko diote. Horretaz gain, Beatriz Amondarainek Premia dokumentala aurkeztuko du apirilaren 26an, Jose Ramon Amondarainen azken lanean zentratuta.

Atzo aurkeztu zuten erakusketak bigarren partea izango du maiatzaren 18tik aurrera. Picassok Gernika margotu zuen garaia azalduko dute Pilar Albarracinek, Daniel Garciak, Cristina Lucasek eta Pepo Salazarrek, baina egungo ikuspuntutik. Horretaz gain, Artiumek liburu erakusketa bat prestatuko du.



© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia