Berria.eus

Larunbata, 2014ko uztailak 26 - 21:13

2012-05-31

Joxe Azurmendi. Idazlea

Unamuno ez da inoiz liberala izan; antiliberala zen azken fasean ere

Unamunori buruzko topiko ezagunei kontrapuntua jarri die 'Bakea gudan' lanean, haren kontraesanak eta garrantzia nabarmenduz.

Gorka Erostarbe

GORKA RUBIO/ ARGAZKI PRESS

Unamuno inportantea ez da pentsatzaile politikoa, nahiz eta nik hori aztertu dudan. Miguel Unamunoren Paz en la guerra nobelaren irakurketa kritikoa da Bakea gudan. Unamuno, historia eta karlismoa liburua (Txalaparta), Joxe Azurmendi idazle eta pentsalariak (Zegama, Gipuzkoa, 1941) argitaraturiko azken lana.

Paz en la guerra nobelaren inguruan egindako tesi espainolistak faltsifikazio bat direla esan duzu berriki Bakea gudan liburuaren aurkezpenean. Zergatik?

Unamunoren nobela karlistaden interpretazioa bat da, baita Euskal Herriaren eta modernitatearen meditazio bat ere. Euskal Herria eta modernitatea elkarrezinak direla du tesitzat. Hori topiko ezaguna da Unamunorengan. Topikoa da gure artean, hain zuzen ere, Unamuno euskararen etsaia zela, abertzaleen etsaia ere bai. Ezaguna da, batez ere, 1901eko Lore Jokoetako hitzaldia: euskarak hil egin behar du, ez da gauza modernitateko pentsamendua adierazteko, eta abar...

Eta hori espainolismoaren diskurtsoak bere argumentu bihurtu du.

Unamuno posizio horretara nola joaten den ulertu behar da, ematen diren esplikazio batzuk sinplistak baitira. Unamuno abertzale gisa hasi zen, hala dio berak ere. Sabino Aranaren abertzaletasunaren ideia asko berari zor zaizkiola esan zuen gerora ere. Gero tesi kontrarioetara joateko zer pasatu zitzaion? Unamunok, Madrilen ikasle zela, positibismo ingelesa ezagutu zuen, Herbert Spencerrena, batez ere. Horrekin deskubritu zuen progresoaren filosofia bat, modernitatearen filosofia bat. Eskema horren arabera, herri arkaiko primitiboek ez daukate lekurik historian, baztertuak geratzen dira.

Eta Unamumo konbertitu egin zen?

Bai, bai erlijiosoki eta baita politikoki, bere lehenengo katolizismo eta abertzaletasunetik positibismo filosofiko batera, eta PSOEn sartu zen. Fase horretan idatzi zuen Paz en la guerra liburua. Sozialismoaren barruan dago, progresoaren sinestun da, filosofia positibista onartu du, fede berri bat da, baina nobelan ez du horrelako ezer erakusten. Nobelan karlistek daukate rol positiboa, nahiz eta gero sakrifikatuak izango diren, eta liberalek hartzen dute rol negatiboa, nahiz eta garaile aterako diren. Gaur egun ere ,asko aipatzen da Unamuno liberala, baina Unamuno liberala ez da inoiz izan, antiliberala izan da gero ere, estatuaren dogmatiko bat izango da bere azken fasean ere.

Sozialismoaren aurkako jarrera ere hartu zuen gerora.

Bai. Oso kritikoa bihurtu zen sozialismoarekin, anarkismora makurtzen da, une batean behintzat; karlistak identifikatzen ditu anarkistekin, sinpatia guztiz... Bizkaiko eta Espainiako sozialismoari kritikatzen dio euskal arazoa ondo ez ulertzea, zentralistak izatea, eta abar...

Eta azken Unamuno, existentzialista da garrantzitsuena?

Azken faseak egingo du inportante Unamuno pertsonaia gisa. Unamuno existentzialista edo pre-existentzialista da, irrazionaltasunaren errebindikazioa egiten duena. Bere azkeneko filosofia hori, bere inportanteena eta definitiboa, ez dio aplikatu Euskal Herriko arazoari. Lehenago ukatu badu Euskal Herria eta abertzaletasuna modernoa ez delako, orain, koherentea balitz, berrirakurri egin beharko luke euskal arazoa, baina ez du egiten. Akaso sentimentalki bai, Hendaian idatzitako gutun batzuetan-eta badirudielako berriro egokitu duela bere jarrera, baina ideien aldetik espainola eta espainolista da oraindik. Ez da koherentea bere pentsamenduarekin. Eta hain zuzen ere, bere pentsamendu horri, existentzialismoari, ondorioak aterako dizkiona eta pentsamendu horrekin euskal arazoa berrirakurriko duena gerraondoko belaunaldia izango da. Salbatore Mitxelena, Txabi Etxebarrieta eta, batez ere, Txillardegi.

Berrikuspenik merezi du Unamunoren pentsamenduak egun ere?

Unamunok beti merezi du. Unamuno benetan pentsalari handietako bat da. Handietako bat delako erabil daiteke oso modu diferentetan, hain zuzen ere. Espainolismoak horrela aprobetxatu izan du, nahiz eta falangisten bizkarretan hilobiratu zuten. Edozeinek aprobetxatzeko moduko materiala dauka.

Espainolismoak bere alderako erabili duen hein berean ez al du euskal kultur eta politika komunitateak erraz alboratu du Unamunoren pentsamendua?

Bai, gure artean topikoa da Unamunoren ukoa. Oso sinplea da: euskararen etsaia zen, eta kito. Baina ahaztu egiten dugu gerraondoko euskaltzalerik bortitzenak Unamunok inspiratu zituela. Baina Unamuno handia, poeta alde batera utzita, existentzialista da. Obra horietan agertzen da egiazko Unamuno. Unamuno interesgarri da, oraindik ere, ez bada murrizten liberal inozo bat izatera, ez baita hori.



© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia