Berria.eus

Osteguna, 2014ko uztailak 24 - 02:15

2013-02-03

Durangoko Kurutziaga ikastolak irabazi du Izenaduba Basoko lehiaketa

Euskal Herri osoko hainbat ikastetxek eta gizabanakok bidali dituzte Olentzerori buruzko bideoak

Jonebati Zabala Mungia

Izenaduba Basoko pertsonaiek lagunduta egin zuten atzo lehiaketaren sari banaketa Mungian. / MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

Ezin uka daiteke Olentzero Euskal Herriko pertsonaia ezagunenetakoa dela. Gabonetan gogoratzen da jendea gehien ikazkinaz, opariak eskatzeko, baina zer egiten ote du urte osoan? Nolakoa da?

Mungiako Izenaduba Basoa museoak (Bizkaia) Olentzerori buruzko bideo lehiaketa jarri zuen abian abenduan. Irudimena erabiliz, haur, gazte zein helduek Olentzero nola ikusten duten azaldu behar zuten. Abesti gogokoena aukeratu eta bideoklipa grabatuz, Olentzerori zer eskatu nahi diogun azalduz, edota ikazkinaren inguruan dugun ideia kontatuz.

Bideo lehiaketak izandako arrakasta ikusita, ekitaldia ospatu zuten atzo Mungiako Olalde aretoan, lehiaketako sariak banatzeko. Haur eta guraso ugari agertu ziren. Eneko Sagardoi aktore durangarraren eskutik, saio entretenigarriaz gozatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek. Parte hartzaileek prestatutako bideoak aurkeztu zituen Sagardoik, eta bakoitzaren laburpena erakutsi. Euskal Herri osoko eskoletatik jaso dituzte Olentzerori buruzko lanak.

Ikastetxeen arloan, Durangoko Kurutziaga ikastolako (Bizkaia) ikasleek jaso dute lehen saria, Tartalo pertsonaia mitologikoak eman zien atzo 500 euroko saria Durangoko ikasleei. Izenaduba Basoa museoko lankideek osatutako epaimahaiak baloratu ditu egindako lan guztiak.

Bideoklipa grabatu dute Kurutziagako Lehen Hezkuntzako hirugarren, laugarren eta bosgarren mailako ikasleek, eta Olentzerori hainbat gauza eskatu dizkiote, rapa abestuz. Pozik igo ziren eszenatokira bideoan parte hartu duten guztiak, baita irakasleak ere. «Matematika, hizkuntza eta gainontzeko ikasgaiez gain, ondo dago ikastolan hau bezalako ekimen dibertigarria egitea, parte hartzea sustatzeko ere balio du», esan zuen Gotzone Duñabeitia irakasleak. «Entsegu pila bat egin ditugu, eta erraza izan ez den arren, oso ondo pasatu dugu».

Ugaoko eta Erromoko eskolek irabazi dituzte bigarren eta hirugarren sariak, hurrenez hurren. Lehiaketa deitu zutenean, hiru sari banatuko zituztela esan zuten arren, bideoen kalitatea ikusita, laugarren geratu den eskolari sari berezi bat banatzea erabaki dute antolatzaileek. Hala, Abusu ikastolako ikasleek ere euren saria eskuratu dute.

Minutu bakarrean Olentzeroren «esentzia» transmititu behar izan dute, bai ikastetxe eta bai banakoek. Irabazleak aukeratzeko, hainbat faktore izan dituzte kontuan, antolatzaileek adierazi dutenez: originaltasuna, sormena, eta bideoa prestatzeko egindako lan guztia, noski.

Ikazkina, lehendakari

Banakoen mailan, bideoak museoko Facebook orrian egon dira jarrita, eta bisitarien botoen bitartez aukeratu dute nor den irabazlea. Barrea eragin duen bideo baten egileek eskuratu dute lehen saria, izan ere, Olentzero lehendakari bihurtu dute euren lanean Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasle batzuek. Alex Sardui Gatibu musika talde ezaguneko abeslariak eman zien saria. «Egungo krisi ekonomikoa eta daukagun egoera kaskarra ikusita, baikortasun apur bat eman nahi izan dugu, eta Olentzero lehendakari jarri, egoera konponduko duelakoan», azaldu dute irabazleek. Bideoa ikusten, «barrez lehertu» dela aitortu du Sarduik, eta bideo guztiak «oso politak eta hunkigarriak» iruditu zaizkiola gaineratu du.

Baina abeslaria ez zen izan ekitaldian egon zen pertsona ezagun bakarra. Izan ere, banakoen gainontzeko sariak Joane Somarriba txirrindulariak, Amane Ibañez aurkezleak, eta Mirenbe Bilbao Mungiako Udaleko Kultura zinegotziak banatu zituzten.

Tor magoak txundituta utzi zituen haurrak bere magiarekin, eta Olentzero berak ere agerraldia egin zuen denei eskerrak emanez. Sari banaketa dibertigarria bukatzeko, Izenaduba Basoko pertsonaia mitologikoak agertu ziren: Basajaun, iratxoa, Tartalo, Mari Teiletako... eta haur guztiak agertokira igo ziren eurekin batera dantzatzeko irrikaz.



Albisterik...

Irakurrienak

Bozkatuenak

Irakurrienak

 

 

 

 

 

© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia