Berria.eus

Asteazkena, 2014ko uztailak 23 - 18:01

2013-05-01

Ezarian. BERRIAk 10 urte

Ilusioa eta elkartasuna hamar urteotan oinarri

'Egunkaria'-ren itxierarekin batera, kazetaren aldeko batzorde ugari sortu ziren hainbat herritan. Hamar urteren ondoren,

batzordean gogoz ari dira lanean BERRIAren urteurrena ospatzeko; larunbaterako kale buelta antolatu dute.

Irati Sarasua Arabaolaza Hernani

Hernaniko dantzariak, Egunkaria aurrera afixa osatzen. / HERNANIKO KRONIKA


Kazetaren alde egindako egunean, gaztetxoak marrazten. / HERNANIKO KRONIKA

«Txalogarria izan zen BERRIA sortzeko garaian herritarrek izandako jarrera. Zerbait kentzen dizutenean jabetzen zara zeren falta sumatzen duzun, eta hor pizten da kontzientzia handi bat, esaten duena eduki dugun hori berreskuratu behar dugula; eta, ahal bada, hobe bat ere bai». Maite Lizeaga hernaniarraren hitzak dira. Lizeagak, beste hainbat herritarrekin batera, Hernaniko Egunkaria-ren eta BERRIAren aldeko batzordean egin du lan hamar urteotan, «ilusioz». Une zailetan ere herritarrek euskarari eta BERRIAri egindako ekarpena esker onez oroitu du, ahoan hitz goxoak besterik ez ditu urte hauetan bizitakoari eta jasotakoari buruz.

Euskaldunon Egunkaria itxi zutenean, hainbat herritan sortu ziren halako batzordeak; egunkari berri bat sortzeko helburuarekin aritu ziren lanean herritarrak. «Ikusi genuen jende asko oso prest zegoela proiektu hori bultzatzeko, eta, betiko baliabide labur eta eskasak erabili genituen arren, ikusi da proiektuak aurrera egin duela eta egingo duela, seguru asko», egin du gogoeta batzordeko kide Juanjo Uriak. Hasiera hartan, egunkari berria sortu eta egonkortzeko prozesuan elkartzen baziren ere, gaur egun, eta hamargarren urteurrenaren harira, hainbatek berriro elkartzeari ekin diote. Esaterako, hernaniarrek. «Injustizia ikaragarria izan zen Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera, eta, horren ondoren, jende askok lanari ekin genion. Zorionez, BERRIAren sorrera etorri zen. Horren ostean, azken hamar urteotan hainbat ekitaldi antolatu ditugu, BERRIAk aurrera egin zezan», adierazi du Juanjo Uriak.

Orain, BERRIAren hamargarren urteurrena ospatzeko, hainbat herritan hainbat ekintza egingo dituzte. Ostiralean eta larunbatean izango dute aukera Hernanin. Ostiralean, Xabier Montoiak kontzertua emango du 20:30ean, Biteri kultur etxean, eta Pixel produkzioak egindako bideoa ere ikusi ahalko da. Hala ere, jarduera nagusia hurrengo egunean egingo dute, Kale buelta kaxkoan izenpean. Hernanin ohitura handia dago larunbat eguerdian kale buelta egiteko, eta ohiko ekintza hori baliatu dute ekintzaren oinarri gisa. Herriko taldeei eskaini zaie parte hartzeko aukera, eta gehienek jarrera «bikaina» izan dutela eta parte hartzeko gogotsu azaldu direla esan dute antolatzaileek. Hogeita hamar talde baino gehiago ariko dira kaxkoan barrena, larunbat goizari argia emanez; kirolariak, abesbatzak, dantzariak, azeri dantza eta bertsolariak izango dira protagonistak, besteak beste. Horrez gain, haurrek Porrotxekin batera ekintzan parte hartu ahalko dute. Beraz, datorren larunbatean, 11:00etatik 14:00etara bitartean, herriko kale ezagunenak jendez beteta egongo dira, BERRIAren alde kale giroa alaitzen. «Kolore eta ideologia anitz bildu nahi ditugu. Egun horretaz espero dudan bakarra da eguraldi ona egitea, beste guztia badakigu ondo irtengo dela eta. Jende askok parte hartuko du, eta oso gauza berritzaile eta bizia izango da», nabarmendu du taldeko kide Joxe Mari Auzmendik.

Jendearen ilusio eta gogoa urte hauetan guztietan beharrezko elementua izan dela uste dute antolatzaileek, eta egungo egoera ekonomikoari aurre egiteko ere beharrezkoa izango dela: «Uste dugu ilusioak berdintzen duela balantza. Beste aldean dirua dago, eta hedabideak diruz oso urri eta murritz ibiltzen dira beti, arazo askorekin, diru desoreka arriskutsu samarrarekin. Baina hori guztia ilusioarekin eta lanarekin orekatzen da. Hemen, jende asko dago inon azaltzen ez dena, baina lanean gogor aritu dena. Horri esker esan daiteke proiektua aurrera doala».

Badakite datozen urteetan ere BERRIA aurrera ateratzeko gogor lan egin beharko dutela herri batzordean, baina hori ere lortuko dutela pentsatzen dute. Lanerako prest badaude, behintzat, euren esku dagoena egingo dutela argi geratu da haien azalpenetan. «Urte batzuetan, aukera izan dugu prentsa euskaraz gure eskura eduki ahal izateko. Gertatzen zaiguna da egoera ekonomikoa leku guztietan asko zaildu dela, eta berriro ere laguntza eskatzeko premian gaudela», adierazi du Lizeagak. Badaki egoera ekonomikoa larria dela, baina uste du beste proiektu batzuekin batera herritarrek ahal duten heinean bultzatu behar duten proiektuetako bat dela. «Guztiok dugu konpromisoa».

HERNANIKO EKITALDIAK

Ostirala. Xabier Montoia, Biteri kultur etxean, 20:30ean.

Larunbata. Kale buelta kaxkoan, 11:00etatik 14:00etara.



 

Manex Agirre eta Oihane Perea, Arabako bertso txapelketan. / JUANAN RUIZ / ARP

Gasteiz

Euskalgintza eta bertsoak, eskutik

Gasteizen euskalgintza eta bertsolaritza eskutik ibili dira urteetan; hain zuzen ere, harreman horretan garrantzi handia izan dute bertso eskolek. Hogeita hamar urtean baino gehiagoan euskalgintzaren bandera astindu dute. Egun, 180 lagun inguruk parte hartzen dute Arabako hamabi herritan dauden eskoletan. Ez dira bakarrak, hain zuzen, Arabako ia ikastetxe guztietako 2.000 ikaslek bertsolaritza jorratzen dute hamabostean behin.

Bertsogintzak eta BERRIAk ere eskutik egin dute ibilaldi hori urteotan. BERRIAren 10.urteurrena ospatzeko egiten ari diren ekintzen barruan, Josu Goikoetxea tramagilearen eskutik, hiru saio egingo dira orotara; lehen saioa Gasteizen izango da, eta Andoni Egaña, Unai Iturriaga, Amets Arzallus eta Oihane Perea bertsolariek parte hartuko dute. Ostiralean izango da hori, Jesus Ibañez Matauco antzokian, 20:00etan hasita.

Euskaldunon Egunkaria gogoan izan arren, zer ospatu badagoela uste du Perea gasteiztarrak. «Euskara hutsezko kalitatezko egunkaria dugu, indarberritua, finkatua… Ez da gutxi!». Gasteizko euskalgintza eta bertsogintzari buruz ere iritzi baikorra du bertsolariak; hain zuzen ere, ate berriak irekitzen ari omen zaizkie hauei ere: «Azken urteotan bakoitza bere mundutxoan ibili ote garen irudipena daukat, eta norabidea egunerokoak markatu digu, nik uste, eta, orain urtebetetze ospakizunetan gaudela aprobetxatuz, badugu norabidea hautatu eta elkarrekin indarra egiteko». Perearen ustetan, bide hori elkarrekin egin dute orain artean BERRIAk eta kulturgintzak oro har. «Bertsolariaren besapeko laguna da, baita bertsozaleena ere; iturri horretatik edan eta iturri horri ematen dio baita». Euskalgintzak aurrera egingo badu, gakoa hori dela uste du gasteiztarrak, gainera. «Nik uste joan-etorriko bide hori dela etorkizunerako elkarlanerako biderik onena». Euskal komunitatearentzako garrantzitsutzat ikusten ditu teknologia berriak Pereak. Gaur-gaurko gaien berri unean-unean eta euskaraz izateko aukera eskertzen du gehien. Euskarazko edukiak lortzeko aukera bakarra direla ere azpimarratu du bertsolariak. «Euskaraz bakarrik aurki daitezkeen zenbait gauza eskaintzen dizkit, eta horrek asko balio du».

BERTSO TRAMA

Noiz. Ostirala, 20:00etan.

Non. Gasteizen, Jesus Ibañez Matauco antzokian.



 

Garces de los Fayos Tafallako ikastolako gaztetxoak. / IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Tafalla

Haizearen aurka joan, aurrera egiteko

BERRIAren hamargarren urteurrenaren harira, Anje Duhaldek kontzertua emango du larunbatean Tafallan (Nafarroa). Herrian ez dago euskara elkarterik, baina bai euskararen alde lan egiten duten eragile ugari.

Kontxi Aranaz da horietako bat: Garces de Fallos ikastolako zuzendaria eta irakaslea da. Eskualdean D eredua eskaintzen duen bakarra da, eta herriko ikasleak ez ezik, inguruko herrietatik joaten direnak ere baditu: guztira, 410. «Onerako edo txarrerako, bakarrak gara: beraz, loreak eta kritikak, denetik jasotzen dugu. Baina, guretzat, oso garrantzitsua da D ereduan lan egitea», dio Aranazek. Euskara ikastolatik kanpo ateratzen saiatzen dira, nahiz eta, «herritarren ehuneko handi bat erdalduna izanda», ez den erraza. Ikastolan, ahal dutena egiten dute: «Ikasleek hizkuntzaren garrantziaz kontzientzia har dezaten saiatzen gara; giro erdaldunean zaila izan arren, euskara gero eta gehiago entzuten da, nire ustez».

Ana Garcia Tafallako AEK euskaltegiko irakaslea da. 1960ko hamarkadan euskara eskolak ematen hasi ziren gauez, eta gaur egun, 100 ikasle baino gehiago dituzte: batzuek curriculuma hornitzea helburu badute ere, gehienak euskara atsegin dutelako joaten dira, Garciaren ustez. Herrian, ikasleek euskaraz egitea «zaila» izan arren, aurrerapausoak eman direla uste du.

Udaleko Euskara Zerbitzuan lan egiten du Ana Flamariquek. Azaldu duenez, Tafallan ez dago euskararen erabilera arautzen duen ordenantzarik, eta, beraz, norberaren esku gelditzen da euskaraz hitz egitea edo ez. Udalak, adibidez, euskararen erabileraren aldeko dekalogoa argitaratu zuen iaz, alderdi politiko guztien artean adostuta. «Euskararen normalizazioan, hainbat jarduera eta kanpaina sustatzen saiatzen gara: euskararen transmisioa familian, udalekuak, Mintzakide programa, haur txokoak...».

ANJE DUHALDE

Noiz. Larunbata, 20:30ean.

Non. Tafalla (Nafarroa), Kube aretoan.



© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia